Lizarraga Kantuz-en aurretik ere lizerratarrak kantuak kantatu eta abesten aritu dira. Orain, ekimena bultzatu dute.
1. Kantatzeko zaletasuna badago herrian?
Miren. Badago, bai. Ez dugu entseatzen.
2. Jendeari kantaz entzuten zaio?
Jone. Ez. Orain ez hainbeste, baina duela urte batzuk elkartean elkartzen ginen, eta beti afari guztiak kantaz akabatzen genituen. Ez gara, Etxarrin bezala, kantatzera oso ohituta daudenak. Musika ere ez dugu ikasi. Baina kantatzea gustatzen zaigu.
3. Noiz kantatzen da?
M. Toki askotan, ez pentsa. Edozein tokitan ikusten baduzu korrotxo bat, bi-hiru lagun kantatzen, jendea elkartzen da eta kantatzen du. Aukera dagoenean, jende askok aprobetxatzen du: auzoan; San Adrinen, goitti; festetan, plazan; taberna mustu zenean… Gustatu egiten da herrian kantatzea. Beste gauza bat da prestatzea. Baina musika aditzen badugu, kantatzea gustatzen zaigu.
4. Nola ikasten dituzue kantak?
J. Egia esan, Lizarraga Kantuz-erako bildutako kanta denak zaharrak dira, gure garaian herriko festetan ikasi genituenak. Bestela, Youtuben jartzen dugu, eta horren bidez ikasten ditugu kantak.
5. Zein estilotakoak gustatzen zaizkizue?
M. Niri behintzat goxoak, barrua pixka bat ukitzen dutenak. Baina talderen bat mexikarrak kantatzen badago, kantatzera joaten gara. Agian ez dakizu letra osorik, baina, beno… Denetarik, estilo guztiak.
6. Nolaz sortu da Lizarraga Kantuz?
J. Ez da berria. 2018an Euskaraldia hasteko egunak San Klementerekin bat egin zuen. Zer ekarri pentsatzen hasi ginen, eta gogoratu ginen duela 40 urte, beharbada gehiago, hemengo batek kantatzen zuela kantu bat: Ene haurtxo maitea. Euskara galtzeko zorian egon zitekeela ikusten zen. Kantu hori nondik atera, harren bila hasi ginen. Azkenean, lortu genuen. Horrekin eta beste abesti batzuekin txostena egin genuen kantatzeko bai afarietan eta halakoetan. Gustura kantatu genuen tripoteoan, eta herriari buelta eman genion. Hor gelditu zen.
Aurten, festak zirela eta, pentsatu genuen: “guk nahi duguna eta gustatzen zaiguna da herrian egon, herriarekin bizi eta herri txiki hauek ez hiltzea. Gu asko, gehienok, kanpoan bizi gara, baina burua beti herrian dugu. Eta geroen eta geroen gutxiago gara”. Hori eta gure hizkuntza, euskara, ez galtzea nahi dugu. Iruditu zitzaigun polita izan zitekeela gure festa eta gure gogo hori herriko bazter guztietara eramatea. Horregatik, auzoan, auzate garaian, hasi, bildu eta herriari buelta eman. Eta Lizarraga Kantuz izena jarri diogu.
7. Nondik sortzen da herriari emateko gogo hori?
M. Herrian auzolanak eta beste gauza asko egiten dira. Gu baino lehen, zaharrak ohartu ziren bakarra motza dela, elkarrekin gauza asko egin daitezkeela. Esate baterako, gure gurasoek oso argi zuten hori, eta beti esaten ziguten: “segi, segi herrian laguntzera; segi, segi, hor ere norbait behar da lanean; eta segi, segi”. Ikusten genuen gozatzen zutela izugarri besteak gozatzen ikustean. Hortik atera zitzaigun herrian parte hartu behar genuela, lagundu behar genuela. Baina gurasoengandik ikasi genuen. Ama gazteago zenean bera gelditzen zen etxean lan asko egiten gu herriari laguntzera joateko. Aita, berdin. Etxean dantzak-eta entseatzen genituenean gure amak irri polit bat egiten zuen. Ikusten zigun dantzan zer dorpe ginen, ez genekien, ez gara profesionalak… Horrekin gozatzen zuten. Etxean asko ikasi genuen hori: bakarra motza dela, eta elkarri lagunduz gauza handiak egin daitezkeela.
8. Beraz, elkarrekin herria egitea da kontua?
J. Hori da. Denok batera herria eta euskara aurrera!
M. Euskara, hizkuntza, ez dugu galdu nahi. Agian ez da galduko, baina herdoildu eginen da. Hori ere ez dugu nahi. Eta zer hasiko gara hitzaldiak ematen? Ez. Pentsatu dugu modu erraz bat dela elkarrekin kantatzea. Horrexegatik Lizarraga Kantuz-en kantu errazak jarri ditugu, lantzeko. Gure euskarak aurrera segitu behar dugu. Gure hizkuntza da. Guk ikasi dugu, barru-barruan dugu. Gu eskolatu ginenean, bospasei urte izanen genituen, erdaraz ikasten hasi ginen. Garai hartan hemen Valtierrako mediku bat zegoen. Gizon hura kezkatuta zegoen: nola ikasten duzue? Zer egiten duzue? Oso kezkaturik. Eta behin eskolara etorri zen eta esan zigun erdaraz: “ignorantes! ¿Con qué se anda mejor con dos pies o con uno? Erdara ikasi, euskara ez ahaztu”. Nire buruan grabatuta gelditu zen betirako. Iruditzen zait eragin handia izan duela nik hainbeste maitatzeko euskara. Gure hizkuntza maite dugu. Modu xume, xinplean, ez gara hemen bizi, ahal duguna egiten dugu. Daukagun pixka hori eskuzabaltasunez ematen eta partekatzen dugu. Gu ez gara gure izenean hizketan ari, herriaren alde lan egiten duten guztien izenean ari gara hizketan. Herri txikia da, eta denok beharrezkoak gara. Nahi eta nahiez lan egin behar dugu, bestela herri hauek hil egiten dira. Eta ez ditugu herri hauek hilik ikusi nahi. Bizirik ikusi nahi ditugu.
9. Zenbat elkartu zarete Lizarraga Kantuz-en?
J. Sei lagun. Oso gutxitan elkartu gara, bi egunez. Bat eskoletan, hotz handia egiten zuen. Eta bestea, elkarteko sukaldean. Pentsatzen dugu guk mantentzen badugu beste jende batzuk hurbilduko liratekeela eta gurekin taldea eginen zutela. Horrekin goaz. Gutxi baldin bagara, gutxik emanen diogu buelta herriari, ez du inporta, bazter guztietara ailegatuko gara. Asmoa da herriari barruan dugun hori ematea.
10. Zer giro sortu da?
M. Oso animatuak gara. Gure borondatea handia da. Nolabait, halabait gauzak egiten ditugu. Herri txiki-txiki bat izateko Lizarragan gauza asko egiten dira. Denaren aurretik eskuzabaltasuna eta borondatea dago. Begiratu gabe zenbatek egiten ditugun, asko juntatzen bagara, oso ongi. Asko-asko biltzen bagara, hobeki. Eta gutxi baldin bagara, ahal duguna egiten dugu, eta kitto.
11. Zuzendaririk baduzue?
J. Atzeak eta aurreak guk geuk esaten ditugu. Ohartzen gara gaizki egiten dugunean. Orduan Youtuben jartzen dugu eta zuzentzen hasten gara.
12. Etxeko lanik?
M. Goatzean, senarra leitzen eta ni aurikularrak jantzita, Youtuben, jo ta ke errepikatzen, ikasten. Pixka bat itxuran ateratzeko. Talde txiki batek kanta baldin badakigu, besteak etorriko dira, juntatuko gara, eta segituko digute.
13. Aurrerago gehiagotan aterako zarete kantatzera?
J. Ez dugu pentsatu. Zerbait polita da eta aurrera eginen dugula pentsatzen dut. Esaterako, taberna mustu zenerako kanta bat ikasi eta kantatu genuen. Eta horrelako zerbait badago herrian, edo festak, edo edozer gauza, uste dut kantatuko dugula.
M. Gainera, Olentzero egunean, herriari buelta ematen diogu eta kantaz ibiltzen gara. Eta erregetan ere. Ergoienako hiru herrietan kantatzen dugu. Aurten aipatu genuen kantaren bat edo beste aldatzea. Urteak dira kanta berak kantatzen, eta pixka bat aldatzeko. Ez dakit. Ilusio pixka bat ikusten zen. Ahal duguna eginen dugu. Seguru zerbait aterako dela, ez dugu hau nola nahi hiltzen utziko.
14. Kantatzen duen herria ez da inoiz hilko?
M. Hala dela uste dut. Eta Lizarraga hau, pentsatzen dut, ez dela hil behar. Gure atzetik heldu direnek ere segituko dute.
J. Lehendabizi eman egin behar da, gero hartzeko. Ez bada ematen, ez da hartzen. Hori da ikasi duguna. Ama aurten hil zaigu. Baina hainbeste gozatzen zuen gu kantatzen eta dantzatzen ikusita! Ahalegin txiki bat egin behar da, beste batzuetan baino handixeago, baina gure gurasoen omenez, hau ere. Bihotzetik ateratzen zaigu. Negar pixka bat ere.