Emakumeen kontrako indarkeria sinbolikoaren eta mutilazioen salaketa

Guaixe 2015ko aza. 18a, 08:02
Maria Castejonek gaur hitzaldia eskainiko du kultur etxean.

Azaroaren 25a da Genero Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna. Hori dela eta, Olatzagutiako Udaleko Berdintasun Batzordeak egunari begira egitaraua prestatu du. Aurten, gainera, estreinakoz Nafarroako Berdintasun Sare teknikariekin lankidetzan prestatu du egitaraua udalak.

Genero Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguneko aurtengo leloa Emakume eta neskenganako indarkeria guztien aurka da. Emakumezkoek pairatzen dituzten bi indarkeriei egin nahi zaio aipamena leloaren bidez. Alde batetik, publizitate bidezko indarkeria sinbolikoa eta, bestetik, emakumeen genitalen mutilazioa. Neskatoen aurkako praktika hori, oro har, Europan oso ezezaguna baita.

Egitaraua Maria Castejonek emanen duen hitzaldiarekin zabalduko da gaur. Hedabideek islatzen duten errealitatearen oinarrietako bat genero-estereotipoak dira, hau da, emakumezkoen eta gizonezkoen gainean ditugun irudiak, askotan mendekotasun-mezuak iraunarazten dituztenak. Castejonen hitzaldi-tailerrean mezu horiek desmuntatuko dituzte, jabetzeko mezu horiek sekula ez direla ez inuzenteak, ez ustekabekoak.  Hitzaldi dibertigarria, elkartzen direnei indarkeria sinbolikoaz baliatuta iragarkietako emakumeak aztertzeko aukera emanen die.


Egitaraua
Azaroak 18, asteazkena
19:30ean Maria Castejonen hitzaldia: Mujeres de anuncio. La violencia simbólica en la publicidad.

Azaroak 20, ostirala
22:00etan  Flor del desierto filma.

Azaroak 25, asteazkena
18:30ean  Fatima Djarraren (Munduko Medikuak GKE) hitzaldia: Claves culturales y mitos sobre la mutilación genital femenina.
20:00etan Kontzentrazioa San Migel plazan: Emakumeenganako eta neskenganako indarkeria guztien aurka.

Azaroak 27, ostirala
22:00etan Plataforma Tiranteren La máquina del dueño antzezlana.