Portlandeen magnesita egiteko baimena iraungia

Guaixe 2015ko abe. 1a, 16:49

Hala jakinarazi zuen Nafarroako Gobernuak ostiralean, Cementos Portland Valderrivasi (CPV) Olatzagutiko porlandegian magnesita egiteko baimena iraungi dela. CPVk 2013ko agorrilean jaso zuen magnesio oxidoa eta dolomia sinterizatua ekoizteko proiekturako baimena. Bi urte pasa eta enpresak magnesita ekoizteko beharrezko lanak egin ez dituenez, baimena bertan behera gelditu da. Erabakiaren kontra alegazio epean gobernuak ez zuen inolako oharrik jaso.

Gauza beragatik, bi urte pasa eta proiektua aurrera eramateko lanak egin ez zirelako, Nafarroako Gobernuak iraungitzat eta baliorik gabe utzi zuen CPVren hondakinak erretzeko baimena. Irailaren 16an izan zen hori eta CPVk alegaziorik aurkeztu ez duenez, Nafarroako Gobernuak porlandegian hondakinak erretzeko 2013an onartutako Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala indarrik gabe gelditu da. Horrekin batera, biomasa hondakinen energia balorizaziorako ingurumen baimenak balioa galdu du. Enpresak 2011n jaso zuen baimen hori.