Azkargorta alkate berria

Guaixe 2016ko ira. 1a, 19:43

Agorrileko azken ostegunaz geroztik Olatzagutiko alkate da Mikel Azkargorta Boal. EH Bilduren aldeko lau bozekin izan zen aukeratua. UPNko bi zinegotziek Javier Fresneda euren hautagaiari botoa eman zioten eta PSNko Jose Maria Aceretek bere buruari eman zion botoa. Azkargortak bost urte zinegotzi karguan egin ditu eta azaldu digunez ardura berria “gogotsu eta ilusioz beterik” hartu du. Hurrengo hiru urteetarako asmoak argi ditu Azkargortak: “jendearekin lan egiten segitzea eta Olatzagutia hobe bat egiteko intentzioarekin.”

EH Bilduren udal taldea osatzea izanen da haren lehen egitekoa, izan ere, alkateak eta alkate-ordeak kargua utzi ondoren, bi zinegotzi postu hutsik ditu koalizioak. Hauteskundetara aurkeztutako zerrendetako pertsonek arrazoi bategatik edo besteagatik uko egin diote. Azkargortak esan digunez, “koalizioko kide den jendearekin hitz egiten ari gara eta hurrengo asteetan” zinegotzi kargu guztiak betetzea espero dute. UPNk zinegotzi berria duenez, udalbatza osatzen denean Azkargortaren asmoa udal batzorde guztiak berrantolatzea izanen da, “denen artean banatu eta lanean jarraitzea.”

Erlazionatuak