Olatzagutia-Urbasa: 10 urteak ospatzera

Guaixe 2016ko ira. 23a, 13:24

Bihar, 9:00etan, jokatuko da 10. Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketa. Aldi berean Nafarroako Banakako Txapelketa izanen da eta aurten, estreinakoz, bi ibilbideren artean aukeratu ahalko dute korrikalariek

Asteburuan ospatuko dira Olaztiko San Migel festak. Eta azken 9 urteetan aipatu festetako larunbat goizeko ekitaldietan Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketak ez du huts egin. Aurten 10. urtea beteko du mendi lasterketa eder honek eta antolakuntzak, Sutegik, Olaztiko udalaren eta hainbat babesleren laguntzarekin, nobedadeak prestatu ditu urtemuga behar bezala ospatzeko. Batetik, bi ibilbideen artean aukeratu ahalko dute korrikalariek, ibilbide nagusia (26,33 km, 1.838 metroko desnibel +) eta ibilbide laburra (16,04, 1.122 m desnibel +). Ibilbide nagusian ere aldaketak egin dituzte, ibilbidea luzatu baitute azken zatian eta aurreko edizioekin alderatuz 3 km gehiago inguru izango ditu probak.

Bi ibilbideak
Lasterketaren lehen zatia berdintsu mantenduko da. Korrikalari guztiak, ibilbide luzekoak eta motzekoak, goizeko 9:00etan abiatuko dira Clinker paretik. Zuzenean Urbasako ipar gailurreriako punturik altuenera joko dute, Tontorraundira (1.157 m). Bira gorabeheratsua egingo dute ondoren, ekialdera Altsasuko portugainetik (1.150 m), Morterutxora jaitsi (890 m) eta segidan Zelai handitik (1.113 m) Bargagainera helduko dira (1.153 m), atzera ere Morterutxora heltzeko. Orain arte, hemendik aurrera eta parkeko harrera etxe atzealdetik pasatuz, herri sarreraraino jaisten zen. Kadeteek, gazteek eta ibilbide motza (16,04 km) aukeratu duten korrikalariek helmugarako bidea hartuko dute eta ibilbide nagusia aukeratu dutenek, aldiz, mendebaldera jarraitu eta lehenik Egiburu gaina igo beharko dute, handik Ziordiko portua hartu arte jarraitu eta hau igo ondoren Gainsoilera (1.068m) iritsi. Hortik aurrera eta gailurreria ekialderantz jarraituz, NA-718aren Urbasako sarreraraino iritsi eta bertatik helmugarainoko jeitsiera hartuko da.

Ibilbidean 4 denbora kontrol puntu izanen dira, Tontorraundin, Bargagainen, Larratxipin eta Gainsolen, eta edaria eta janaria hartzeko guneak, Eskaladan, Morterutxon, Zelai Handin, Itsasian eta Tontortxon. Horretaz aparte, osasun laguntza ere izanen dute puntu estrategikoetan. 
Bukaeran auzate ederra izango da. Aipatzekoa da korrikalariek euren dortsalak gaur, ostiralean (16:00etatik 19:00etara) eta bihar, larunbatean (goizeko 7:00etatik 8:30era) jaso ahalko dituztela.

Partaideak
Olaztiko proba, aldi berean, Nafarroako Mendi Lasterketen Banakako Txapelketa izango da. Aurreko urtean 120 korrikalari aritu ziren eta irabazleak Joseba Larralde (1:52:23) eta Maite Maiora (2:09:41) izan ziren. Momentuz 90 korrikalari daude izena emanda proba nagusian eta 49 proba laburrean, eta eguraldiak laguntzen duenez, pentsatzekoa da parte-hartzea ere polita izango dela.

Sari potoloak
Korrikalari guztiendako opari poltsa izanen da, eta, horretaz aparte, sari potoloak izango dira aurten, helmugan 13:30ean abiatuko den sari banaketa ekitaldian. Txapeldunek, gizonezkoek eta emakumezkoek, 400 euro, garaikurra eta txapela jasoko dute, bigarrenek 200 euro eta garaikurra, hirugarrenek 150 euro eta garaikurra eta laugarrenek 100 euro. Lehen beteranoek 75 euro eta garaikurra eramango dituzte, eta lehen promesek, juniorrek eta kadeteek garaikurra. Eta Urbasako 10 gazta zozketatuko dira korrikalari guztien artean.

www.olatzagutia-urbasa.eus
Probaren informazio guztia, ibilbideen track-ak, mapak eta beste.