Eskola herrira ateratzea eta herria eskolara sartzea da Domingo Bados eskola publikoaren Ikas Komunitatea proiektuaren helburua. Eta horren isla izan da antolatu duten errefuxiatuen aldeko astea. Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek sustatu zuten astea, Leire arraibel tutorearekin, Sakanako Mankomunitatearen Anitzartean, kulturartekotasun zerbitzuarekin, Olatzagutiko Udalarekin eta kultura teknikariarekin batera.
Emma Martinez eskolako zuzendariak ikasleak “oso sentsibilizatuta” egon direla azaldu digu, “uste dut hemendik aurrera gauzak beste modu batera ikusteko aukera izanen dutela”. Eta gaineratu du: “oso polita izan da. Egia esan haurren erreflexio asko azken egun hauetan oso interesgarriak izan dira”. Asteartean Greziako errefuxiatu eremuetan egondako boluntario baten eta errefuxiatu siriar baten lekukotza izan zuten. “Oso ukituta atera ziren. Baina, hurrengo egunean, oso interesgarria izan zen esatearena. Gerraren zergatika zergatik ziren, erreuxiatuak nola adierazten zuen. Zeren galdera pertsonal asko egon ziren. Abdul oso ukituta ikusi zuten. Ikasleen artean hausnarketa sakona egon zen”.
Domekako bigarren eskuko azoka egin ahal izateko olaztiarrek eta jubilatuek emandako laguntza nabarmendu zuen Martinezek. Plazan egitekoa zen azoka eguraldiagatik frontoira lekualdatu zuten. Salmahaitan bisitariek liburuak, DVDak, arropa, oinetakoak, elektra-tresnak, koadroak, liburuak, ikasleek beraiek egindako bitxiak, eskulanak eta Help-Nafarroa gobernuz kanpoko erakundearen argibide mahaia zeuden. Martinezek azaldu zigunez, “parte hartzea oso handia izan da, bai erosleena bai saltzaileena. Oso ongi moldatu gara”.
Elkartasun pintxo-pote
Aixeleku, Amaia, Barandi, Clinker eta Ogiberri tabernek eskolako ameslarien ekimenarekin bat egin zuten. Pintxo berezi bana 2,5 eurotan salgai jarri zuten eta bakoitzetik 0,5 errefuxiatuen aldeko ekimenetara bideratu zuten. Pintxoak eskuratzeko txartelak azokan bertan eskuratu zitezkeen eta oso ongi saldu ziren.