Lur emate duina Agirreri

Guaixe 2017ko aza. 24a, 09:58

Otsaportillon fusilatutako olaztiarra familiaren panteoian, emaztearen ondoan, lur eman zioten larunbatean, Nafarroako Gobernua presente egon zen ekitaldi ofizial batean

Meliton Agirre Lezea porlandegiko langilea eta UGTko kidea zen 1936an. Urte hartako agorrilaren 23an lanetik ateratzean atxilotu eta fusilatzera eraman zuten. Martina eta Lorenzoren semea 41 urte zituen hil zutenean (1895-03-10 /1936-08-24). Teresa Gastaminza Goikoetxea emaztea bost seme-alaben ardurarekin gelditu zen. Alargunari senarraren heriotza espedientea 10 urte geroago eman zioten.


Agirreri azken agur duina ematera hainbat senide eta herritar joan ziren hilerrira. Haren iloba Pili Agirrek gogorarazi zuenez, “urte latz haietan beldurra jende askoz jabetu zen eta, hala ere, bere emazte Teresa ahalegin handiz eta duintasunez bost haurrekin aurrera atera zen”. Ilobak memoriaren kontra isiltasunaren aurka lan egin duten Nafarroako Gobernuari, Aranzadi zientzia elkarteari, Olatzagutiko Udalari eta Olazti memoria taldeari eskerrak eman zizkien.


Bake, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen zuzendari nagusi Alvaro Baraibar Etxeberriak foru administrazioak memoria eta Giza Eskubideekin duen konpromisoa berretsi zuen. Eraildakoa “behartutako desagertu bat” zela nabarmendu zuen. Baraibarrek memoria aldarrikatu zuen: “oroitzeko eta erreparatzeko; memoria elkar bizitzeko; memoria elkar errespetatzeko; memoria ez ahazteko eta memoria gertaera larri haiek sekula errepika ez daitezen”.

Baraibarrek eta Historia Memoria ataleko buru Josemi Gastonek eman zioten kutxa familiari. Hildakoaren izen bera duen Meliton Agirre ilobak jaso zuen. Asier Sevilla birbilobak sartu zuen panteoian. Bertaratutakoek krabelin gorriak eskaini zizkioten eta agurtzeko beste birbiloba batek, Amaia Razkin biolin-joleak, gitarra-jole baten laguntzaz Txoriak txori jo zuen.