"Goitibehera probak berreskuratu nahi ditugu, irudimena astindu"

Maider Betelu Ganboa 2019ko uzt. 12a, 12:21
Argazkia: A.V.M.

Sakana Motorsport eskuderiak eta Olaztiko Gazte Asanbladak Goitibeherak antolatu dituzte Olaztiko festetarako ʺNoski baietz!” lelopean. Eskuderiako kide Iban Lopez de Goikoetxea olaztiarrak aipatu duenez, aspaldiko ohiturak berreskuratu eta goitibeheren espiritua sustatu nahi dute, burua eta irudimena astintzearena. Bertan parte hartzeko gonbita egin die sakandarrei. Goitibehera prest al duzu? Hasi zurea prestatzen!

Goitibehera, berez, inertziaz jaisten den gailu bat da. Mota askotakoak daude, ezta?
Denok ezagutzen ditugu goitibeherak edo karrikotxeak... izen asko izaten dituzte. Garai batean errodamenduekin egiten ziren eta herri gehienetan antolatzen ziren goitibehera jaitsierak, oso ohikoak ziren. Orduan bospasei pertsona zihoazen gainean, beste historia bat zen. Ez zuten gaur egunekoen abiadura hartzen, baina akaso ikusteko edo gidatzeko ikusgarriagoak ziren; gidatzeko konplexuagoak.

Gaur egun denetariko goitibeherak daude, modalitate ugari: errodamenduzkoak, gurpilezkoak, bizikleta antzekoak, patinen antzekoak… Asko garatu dira. Batzuk xumeak dira, baina beste batzuk izugarrizko lana dutenak: motorren suspentsioak, frenoak, diskoko frenoak eta halakoak erabiltzen dituztenak... Jendeak buruari eragiten dio.

Abiadura gehiago hartzeko bide horretan izugarri hobetu dira goitibeherak, ezta?
Bai, hori da. Badaude beira-zuntzaz eginiko kupulak dituzten goitibeherak, aireari erresistentzia gutxiago izateko, eta abiadura gehiago lortzeko hainbat eta hainbat asmakuntza. Orain dela 12 urtera arte goitibehera ez zegoen kirol bezala katalogatuta, baina Iruñeko talde batek lortu zuen Espainiako I. Deporte de Inercia izeneko federazioa sortzea eta Open de España de Deportes de Inercia izeneko txapelketa antolatu zuen. Txapelketa hartan hainbat sakandarrek parte hartu zuten, eta gogoratzen dut, tartean, 2008an edo 2009an olaztiar batzuk finalera sailkatu zirela eta Espainiako txapeldunak izan zirela.

Olaztin zaletasun handia dago. Egia esan, Olaztin abiadurarekin lotura duen guztiak du arrakasta.
Beno, akaso Urbasako Igoerak asko eragin izan du. Pentsa, Urbasako auto igoerarena orain dela 50 urteko historia da. Baina ez bakarrik olaztiarrek, sakandarrek denetariko karrerak ezagutu izan ditugu. Aspaldi herriko jendea karsetan ibiltzen zen, motor pilotu asko izan dira… gurpila daukan guztiarekin zaletasun handia dago Sakanan. Baita goitibeherei ere.

Olaztiko festetan, larunbatean, goitibeherak antolatu dituzue. Zergatik?
Goitibehera lasterketa aurreko urtean antolatu genuen lehendabizikoz Sakana Motorsporteko kideok; Urbasako Igoeraren 50. urtemugaren ospakizunen barruan prestatu genuen, Olaztiko Gazte Asanbladarekin batera, elkarlanean. Jendea oso pozik geratu zen, eta hori ikusita, aurten bigarrenez antolatu dugu.

Aurretik Olaztiko gaztetxeak hainbat goitibehera lasterketa antolatzen zituen Santa Ana festetan, San Migeletan, gaztetxe egunean… Baina duela 10 urte inguru egitez utzi ziren. Horregatik Olaztiko Gazte Asanbladarekin elkarlanean goitibeherak berreskuratzea erabaki genuen iaz, Urbasako Igoeraren 50. urtemugaren ospakizunen aitzakian. Erantzuna ona izan zen eta aspaldiko ohitura berreskuratu genuen.

Hortaz Olaztiko festetan, larunbatean, 17:00etan izango dira goitibeherak, ezta? Aurretik izena eman daiteke?
Bai, aurretik Olaztiko gaztetxean eman daiteke izena. Bestela egunean bertan, Olaztiko festetako larunbatean, 16:00etatik aurrera eman daiteke izena gaztetxean. Hemendik sakandar guztiak euren goitibehera prestatzera animatzen ditugu, Olaztin lehiatzeko. Gure proba herrikoia da, eta bi kategoria ditugu, helduena eta haurrena. Bakoitzak presta dezala bere goitibehera dituen baliabideekin, ahal duen hoberena, bere irudimena erabiliz.

Zer nolako goitibeherak ikusi izan al ziren aurreko urtean?
Horrenbeste urte goitibehera probarik egon gabe egon ondoren, parte-hartze handia egon zen: 20ren bat haur eta 12 heldu inguru. Denetariko goitibeherak zeuden: edozein katxarrorekin egindakoak; helduei eskatutako goitibeherak; patinekin egindakoak; bizikleta gurpilekin egindakoak… Sei urteko haur bat ere jaitsi zen. Olazti, Etxarri Altsasu, Ameskoatik... parte hartze zabala zegoen, eta goitibeherak xinpleak edo landuagoak ziren. Finean,  jendearen irudimena ikusten da. Hori transmititu nahi dugu, izan ere, goitibeheren balioa da hori, daukazunarekin moldatzearena. Azkenean, igual goitibehera bat moldatzen oso trebea ez dena agian oso trebea izan daiteke goitia gidatzen, edo alderantziz, kristoren katxarroa duenak ez daki ondo eramaten. Pike sano hori dago, eta polita da.

Nondik izango da jaitsiera?
Goiko auzotik, San Sebastian auzotik, ermitatik abiatuta, herri guztia gurutzatzen du. Goiko auzoa zeharkatu, Kale deritzogun kale estu batetik pasatzen da, ondoren Aixeleku paretik, eta frontoia zeharkatu eta herri azpiraino doa, autobiaren azpiraino. Kilometro pasatxokoa da, nahiko luzea. Aurretik egin izan dira eliza paretik behera joanez, aldapa gehiago dago baina motzagoa da. Guk erabaki genuen goiko auzotik egitea herri erditik pasatzen delako, ikusgarriagoa delako eta parte-hartzeko errazagoa delako. Egia esan, ez da oso aldapa handia, tarteka baditu aldapa batzuk, baina baita eremu lauak ere, goitibehera bultzatu egin behar den tarteak... denetatik dauka.
Proba antolatzeko baimena eskatzen diogu Olaztiko udalari kaleak itxi behar direlako, eta gu antolatzen gara muntaiaz eta segurtasunaz.

Parte hartzera animatuko zara?
Iaz herriko mutiko batentzat egin nuen goitibehera, baina ni ez dut uste aterako naizenik. Dena den, festak dira, eta agian karretillo zahar bat hartu eta beheraka. Edozer gauza gerta daiteke...

Sakana Motorsport eskuderiakoek goitibehera jaitsieraz gain abuztuaren 31n Eskufreno Rock antolatu duzue.
Gure eskuderiak lasterketak antolatzen ditu, Urbasako igoera, Olaztiko Rallysprinta eta beste, baina beti nahi izan dugu beste motako ekintzak antolatu, ahal dugun neurrian, goitibeherak esaterako. Duela 9 urte, 2011n, sortu zen Sakana Motorsport, eta lehenengo urtea izan zen eskuderiak Urbasako Igoera antolatu zuena, aurretik beste eskuderia batzuek antolatzen baitzuten. Orduan kontzertu bat antolatu genuen, Eskufreno Rock deitu genuena, egun osoko egitarauarekin, igoera antolatu ahal izateko diru iturri moduan.

Eta aurten, abuztuaren 31n, 3. Eskufreno Rock jaialdia prestatu dugu. Iaz Olaztiko Kultur Etxean mustu genuen Urbasa Igoerak 50 urte izeneko erakusketa ikusgai egongo da Clinker tabernan eguerditik aurrera, egun osoan barna, eta 17:00etan gaztetxeko futbito pistan auto eta moto klasikoen topaketa izanen da. Gauean, 21:00etan, afaria izanen da Clinkerren eta lasterketetako bideoak jarriko ditugu. Eta 21:30ean kontzertuak antolatu ditugu gaztetxean, bi talde sakandar ezagunekin: Los del Rayo eta La Banda del jefe Bigun. Giroa ziurtatuta egonen da eta egun polita pasatzeko aukera dago. Txartelak salgai daude Clinker tabernan edo 682 261 910 telefonoan (afaria eta kontzertuak, 25 euro). Dirua aurtengo Urbasako Igoera antolatzera bideratuko da. Iaz ezin izan genuen proba antolatu, gure eskuetatik kanpo zegoen azken orduko arazo batengatik, baina lanak eginda zeuden, dirua aurreratuta, eta diru asko galdu zen. Aurten urriaren 5ean jokatuko den 2019ko Urbasako Igoerari bultzada emateko antolatu dugu 3. Eskufreno Rock eta bertan parte hartzera animatzen ditugu sakandarrak ere.