La Cigarra, protagonista

Guaixe 2019ko uzt. 26a, 11:49

Etxajua bota ondoren kalejiran aritu zen txaranga.

Herriko txarangak festei hasiera emateko ardura izan zuen.

Olatzagutia domekara arte festetan da. Festen Batzordean etxajua pizteko hainbat proposamen zituzten, eta txaranga izan zen boto gehien jaso zituena. La Cigarra txarangak 40 urte bete zituela eta sorreratik dagoen Migel Anjel Camuelek piztu zuen etxajua. Eta kideen izenean eskerrak eman zion udalari etxajua botatzeko ohoreagatik. Hura lehertu ondoren, eta kalejiran atera aurretik, kultur etxeko balkoietatik pieza berezi bat eskaini zuen txarangak.

La Cigarra
XX. mendeko 70eko hamarkadan Olatzagutiako bandan eta musika akademian ari ziren hainbat gazte elkartu ziren eta La Cigarra txaranga osatu zuten: Alejandro San Roman, Josetxo Vallejo, Jesus Catalan, Migel Anjel Camuel (aita), Migel Anjel Camuel (semea), Juan Rubio, Javier Razkin eta Aurelio Razkin, Anjel Herrero, Migel Anjel Aldaz, Jose Luis Larraza, Juan Jose Amezgarai, Emiliano Bengoetxea, Orestes Lacalle eta Jesus Lopez.

Herriko festetako etxajua animatzeko sortu zen txaranga. Musika akademia izandakoan Jose Luis Ollok zuzentzen zuen herriko bandak entseatzen zuen, eta han hasi zen txaranga ere. Eta ordutik 40 urteko ibilbidea egin du. Lau hamarkadatako ibilbidean musikari olaztiar ugari izan dira txarangako kide, baita beste herrietakoak ere. Olatzagutian jotzeaz aparte, garai batean Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako makina bat herritako udako festetan jotzen zuten, jatekoaren eta edatekoaren truke . XX. mendeko 90eko hamarkadan gazteek osatutako La Cigarrilla txaranga izan zen.

Gaur egun ostegunetan dute entsegua, musika eskolan. San Roman kidearen zuzendaritzapean aritzen dira. Txaranga bere musika eskaintza egunean izaten ahalegintzen da eta, horregatik, errepertorioan denetarik du. Txaranga urtean zehar Olatzagutian dauden ospakizunak musikaz alaitzeaz arduratzen da.

Erlazionatuak

Festa garaia

Guaixe 2019 uzt 25 Olazti