"Jendearen arteko zubia eraikitzea beharrezkoa da"

Erkuden Ruiz Barroso 2019ko ira. 20a, 11:23
Gorka Hermosa, Jon Maia eta Jesus Prieto 'Pitti' artistak Hezurbeltzak taldean bildu dira. UTZITAKOA

Musika talde berezia da Hezurbeltzak taldea. Jon Maia bertsolariak taldearen kantuen letrak idatzi ditu, zenbait melodia konposatu ditu eta abeslaria da

Maketoak, belarrimotzak, hezurbeltzak eta abar izan ziren estatuko zenbait herrialdeetatik Euskal Herrira etorritakoei jartzen zitzaizkien hainbat izen. Jon Maia duela urte batzuk hasi zen gai honi buruz hitz egiten eta Hezurbeltzak proiektuarekin, musikaren bidez, "zubia" eraikitzen jarraitu nahi du goi mailako bi musikariekin: Gorka Hermosa akordeoilaria eta Jesus Prieto Pitti gitarra jolea. Gaur, ostirala, 22:30ean, Olaztiko kultur etxean "kontzertu berezia" eskainiko dute. 

Zer da Hezurbeltzak?
Musika talde bat gara: bi musikari, soinu handia eta gitarra espainola, eta ni, ahotsa. Kontzertu bat da, baina baditu bere berezitasunak. Kantatzeaz gain poemaren bat ere badago, jendearen artean bat-batean kantatzen dut eta giro berezia sortzen saiatzen gara. Ez da ohiko kontzertu baten gidoia jarraitzen. Kontakizun bat ere egiten da: kantu gehienak gai nagusi pare baten inguruan doaz. 

Nondik dator Hezurbeltzak izena?
ELE! Lorca Lauaxeta izeneko antzezlan batean elkar ezagutu genuen musikariak eta hirurok. Euskal Herrian egon den bi kulturen arteko elkarbizitza gatazkatsua lantzen da antzezlanean. Hortaz, Espainiatik edo estatuko beste herrialdeetatik Francoren garaian industrian lan egitera eta bizi berri bat hastera iritsi ziren etorkinak eta bertakoak kultur zapaldu eta zigortu bat, hizkuntza debekatu bat eta abar zutenak. Elkarbizitza zaila izan da. Gorka Hermosa eta biok Urretxun jaio ginen eta biak Extremadurako etorkinen semeak gara. Gure familia bezalakoei esateko hainbat hitz erabili izan dira: belarrimotzak, koreanoak, maketoak... eta tartean Hezurbeltzak ere bai. Denetan politena iruditu zitzaigun. Behintzat, literatura gehien duena. Gaia umorez tratatzen dugu, baita serio ere. Zenbait momentutan hunkigarria da. 

Beraz, gaia gatazka hori da?
Taldearen abiapuntua da. Denbora askoan Euskal Herrian tabu izan den gai bat da, eta tratatzeko delikatua. Tartean gatazka politikoa egonik, hainbeste min eta hainbeste zauri, ez da erraza izan inmigrazio fenomeno horri heltzea eta behar bezala hitz egitea. Orduan, gu saiatzen gara kantuen eta istoriotxoen bidez beste ikuspegi batzuk ematen. Gure familiak handik etorri ziren, baina bai Gorka eta bai ni euskaldunak gara eta euskaraz horri buruz kantatzen dugu. Herri honen kulturaren parte gara, eta saiatzen gara herri hau aurrera eramaten. Garai hartako jendeari buruz hitz egitea eta sortu diren estereotipo, aurreiritzi eta klixe horiek puskatzea gustatzen zaigu. Abestien bidez ekarpen bat egin nahi dugu. 

Euskal kulturan gutxi landu den gaia da? 
Bai. Gauza solteak daude: kanturen bat edo beste. Esaterako, Xabier Leteren Haur andaluz bati sehaska kanta. Libururen bat ere badago, baina ezer asko. Duela urte batzuk hasi nintzen diskurtso horrekin bertsotan eta Riomundo izeneko nobela bat idatzi nuen nire familiaren historia kontatuz, euskaraz. Karidadeko Benta musika taldean bagenituen honi buruzko kantak eta Pirritx eta Porrotxekin Abuela Marialuisa kantua egin nuen. Bide berri bat zabaltzen saiatu naiz. Etorri diren guztiak ez dira berdinak izan eta, gainera, haien lekuan jarri behar gara: zein balditzetan etorri ziren, asko gerra bat galduta, lurra arrotz batera eta zerrekin egingo ote zuten topo jakin gabe. Gaur egun etorkin batentzat ez bada erraz euskalduntasunera iristea, pentsa diktadura frankistaren testuinguruan. 

Horri buruz hitz egiteko beharra sentitu zenuen? Zorretan zeunden?
Hasieran ez nuen batere ondo eramaten nire familiaren jatorria eta identitate hori. Nahiz eta beti izan garen familia abertzale bat eta nire gurasoak ere militanteak izan diren, giro horretan ez zegoen oso ondo ikusia eta estali egiten nuen nire jatorria. Urte askotan izan nuen nire gatazka hori. Halako batean konturatu nintzen ez nintzela lotsatu behar. Alderantziz, ongi ikusi behar nuen, eta nire familiak egindako ahalegina baloratu behar nuen. Lur berri batean langile familia batek bizitza berri bat hasi eta seme-alabak eta lehengusu guztiak euskaldunak izatea. Ez da lotsatzekoa, baizik eta beraietaz harro egoteko modukoa. Hori adierazteko beharra sentitu nuen. Orain ez dut beharrik. Denbora daramat honekin. Baina pentsatzen dut oraindik lana egin behar dela. 

Sakanan gai ezaguna da. Nola izango da hemen Hezurbeltzak egitea?
Berezia. Gure emanaldietara etortzen den jendeak gure diskurtsoa ezagutzen du. Ikusten dute haien esperientziari buruz ez dela ezer egin, gainera, enpatiarekin eta gauzak bere tokian jartzen saiatzen gara. Hunkigarria izaten da. Sakanan harreman eta esperientzia berezia daukat. Sakanako Mankomunitateak Riomundo nobelarekin integrazio sari bat eman zidan, eta Altsasuko La Encina kultur elkarteak omenaldia egin zidan. Ilusioa egiten dit hara joatea badakidalako egoera honetan jende asko dagoela. Uste dut zubi hori eraikitzea beharrezkoa dela. Euskal Herrian egiteko dauden gai asko ditugu, nahiko gatazkatsuak direnak, eta elkarrengan hurbiltzen konpondu behar ditugu. Zuhaitza pixka bat astindu behar da fruituak erortzeko. 

Musika zubia izan daiteke, baina zer nolako musika egiten duzue?
Maila handiko taldea da. Goi mailako bi musikari dira eta kontzertuetara etortzen den jendea harrituta aterako da hor entzungo duenarekin. Jendea harritzen da bi musikari hauek entzunda. Gorka Hermosa munduko akordeoilari hoberenetarikoa dago kontsideratuta eta bere piezak kontinente guztietan jotzen dira. Pitti esperientzia handiko gitarrista da. Gitarra espainolarekin entzun daitekeen gitarrista hoberenetarikoa. Kantuetan denetarik dago. Oso atseginak dira. 

Eta nola da haiekin lan egitea?
Oso erraza teknika izugarria duten musikariak direlako. Proiektu askotan aritu dira. Orduan, esperientzia handia dute eta bataila guztietara ohituta daude. Bertsolari batentzat ona da. Gu ez gara musikan abilidade handienak ditugunak. Guk bakarrik kantatzen dugu, modu anarkikoan. Beti esaten dugu musikariek ez dutela bertsolaria segitu behar, pertsegitu behar dutela. Inoiz ez dakite nondik joko dugun, eta horregatik gozamena da bi musikari hauekin aritzea. Lasaitasun handia ematen dute. Daukagun zailtasuna da Pitti Valladoliden bizi dela eta Gorka Santanderren. Entsegu aldetik ahal dugun bezala egiten dugu. Baina hori gainditzen da duten esperientziarekin. Eta hori luxu bat da. 

Ez da lehenengo aldia musikaren munduan zabiltzana, baina nola izan da salto hori?
Baneukan gogoa berriz ere musika proiektu bat egiteko, baina lan handia da. Talde bat osatu behar da, kantuak egin behar dira, kantuak landu behar dira, grabatu, komunikabideetan defenditu eta kontzertuak eman behar dira. Kontzertuetara iristen zarenerako aurretik lan handia dago. Nahiko okupatuta ibiltzen naiz beti, saltsa askotan, eta urte batzuetan ezin izan dut proiektu musikal bat abian jarri. Talde honekin pila bat ari naiz disfrutatzen kontzertuetan eta berriz ere ari naiz gogoratzen Karidadeko Bentarekin ze ondo pasatzen nuen, eta beti gustatu zait formatu honetan ibiltzea ere, ez bakarrik bertsotan. Kantari ibiltzea beste aukera batzuk ematen dizu, mikrofonotik hitz egitea, eta tarteka pailazoarena egitea. Show gehiago dago.