Gobernuak “premiazkotzat” izendatu du araztegiaren birmoldatzea

Guaixe 2020ko ira. 10a, 19:54
Olatzagutiko araztegia guztiz berrituko dute.

Proiektuan kaltetutako ondasun eta eskubideen desjabetzea premiazkotzat jotzea onartu du. Araztegi berriak 1.489 biztanleei eta industrialdeari ematen die zerbitzua.

Nafarroako Gobernuak premiazkotzat jo du Olatzagutiko hondakin-uren araztegia birmoldatzea, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako, proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzea. Atzoko bilkuran hartu zuen erabaki hori. Lurralde Kohesiorako Departamentuari atxikita dagoen NILSA sozietate publikoa, araztegia osorik birmoldatzeko proiektua garatzen ari da, egungoaren ondoan berria eraikitzean datzana, segurtasun neurriak indartzeko. Lanak egiten diren bitartean, egungo araztegiak martxan jarraituko du, eta, behin berria eraikita, eraitsi eginen da, gune horretan segurtasun-toki bat eraiki dezaten.

Olaztiko araztegia 1992ko martxoan jarri zen martxan, eta urteetan zehar, jasotzen duen karga kutsatzailea nabarmen handitu da inguruko industria batzuen eraginagatik. Horregatik, erreformak egin ziren 2005ean eta 2015ean, tratamendu-ahalmena eta -eraginkortasuna handitzeko.
Azpiegiturak 1.489 biztanle dituen Olazti herriari ematen dio zerbitzua, eta Arakil ibaiaren arroan kokatzen da, Nafarroako geografiaren ingurumen ikuspegitik gune sentikorrenetako bat dena, Alhama eta Zidakos ibaien arroekin batera.