Argitasun izpi bat iluntasunean

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko aza. 2a, 12:54
Javier Liñera 'Barro Rojo' ikuskizunean. UTZITAKOA

Javier Liñeraren 'Barro Rojo'-k homosexualek Alemaniako kontzentrazio esparruetan eta Frankismo garaiko kartzeletan bizitakoaren erradiografia egiten du. Narratzailea Amalia transformista da, istorioari bizitasuna ematen diona.

Duela hainbat urte Javier Liñerak kontzentrazio esparruetan izandako gayen inguruan jakinmina izan zuen eta gaiaren inguruan ikertzen hasi zen. Hamar urtez antzerki konpainia batean egon ondoren, utzi zuen, eta arte eszenikoak alde batera uztea pentsatu zuen. “Teleoperadore hasi behar nintzen lanean”. Baina ahots ikastaro batean Lidia Wisek noizbait zuzendu nahi zuela esan zion. Barro Rojo proiektu pertsonal bat bezala sortu zuen, eta ez zuen emanaldi asko ematea espero. Mustu zuenetik lau urte inguru pasa dira, eta oraindik antzokietan mugitzen da. Ostiralean Olaztin egon zen. 

Barro Rojo antezlanaren protagonista eta pertsonaia bakarra Amalia transformista da. Osabak Alemaniako kontzentrazio esparruetan eta frankismoaren garaiko kartzeletan bizitakoak kontatzen ditu. “Kontatzeko behar hori dauka”. Liñerak transformista bat aukera zuen 1976. urtean oraindik ere arrisku legea indarrean zegoelako, eta haien eskubideengatik borrokan “lehen lerroan” egon zirelako. “Horren atzean ere esparruetan zuten bizitasuna ez galtzeko nahi hori dago. Bertan espektakuluak egiten zituzten, ezkutuan. Gainetik maindire bat jartzen zuten eta abesten zuten”. Iluntasunean argi izpi bat atera zuten.

Batzuetan, gogorra
Antzezlana sortzeko prozesua “interesgarria” izan zela esan du Liñerak. “Zerbait pertsonala zen, proiektu pertsona bat bezala hartu nuen, ez nuen uste funtzio asko egingo nituenik”. Interes pertsonala zuen kontzentrazio esparruetan homosexualak nola bizi ziren jakiteko, “homosexualak baino gay-ak. Lesbianak ez ziren existitzen. Emakumeek ez zuten sexurik, ezin zuten plazerrik sentitu. Pentsaezina zen bi emakume elkarrekin egotea”. Esparruetan transexualak ere bazeuden.

Ikertzen hasi zenean material asko jaso zuen. “Ez neukan gertuko inor horrelako egoerarik pasa zuenik, baina istorioan interesa neukan”. Esaterako, homosexualendako espazioak zeudela eta kontzentrazio esparruetatik lan esparruetara eramaten zituztela. Kanariar irletan homosexualendako esparru bat zegoen, edo esparruetan homosexualak identifikatzeko hiruki identifikatibo handiagoa eramaten zutela.

Garai horretan gizartearen estamentu guztietan gaizki ikusita zegoen homosexuala izatea”. Gaur egun arte “sentsazio” hori mantendu dela esan du Liñerak, eta gai honen inguruan pelikularen eta antzerkiren bat egin diren arren, oraindik ezezaguna dela azaldu du. “Berdin gertatzen da ijitoekin, horiek ere esparruetan egon ziren, baina haien istorioak ez dira oso ezagunak”.

Liñerak aurretik ez zuen antzezlanik sortu. Baina laguntza handia izan duela esan du: “Antoni Ruizekin hitz egin nuen eta GEHITUren elkartea ere ondoan izan dut beti”. Ruiz 17 urterekin homosexuala izateagatik atxilatu zuten, arrisku legean oinarrituta. “Kontatzeko modua aurkitzea izan zen gauzarik zaileenetarikoa. Informazio asko neukan, eta gauzak baztertzen hasi behar nintzen”. Prozesua Linda Wise eta Daniela Molina zuzendariekin egin zuen. “Entseatzen hasi nintzen eta testua sortzen joan nintzen”. Alde batean utzi zituen gaien artean emakumearen egoera eta transexualen egoera izan ziren. “Uste dut beraiei dagokiela kontatzea”.

Momentu batzuetan “gogorra eta zaila” izan dela aitortu du antzerkigileak. “Dokumentu horiek fikzionatu behar nituen, inoiz egin ez dudana, eta zikintzen ari nintzela iruditzen zitzaidan”. Orduan, Alberto Conejero antzerkigilearekin hitz egin zuen eta ezetz esan zion, “sentsibilitatearekin egiten delako”. Ruizek ere antzeko zerbait esan zion: “Material horren guztiaren artean istorio txiki bat kontatzeko esan zidan”. Material horrekin sentsibilitatearekin eta kontu handiarekin jolastu zuen.

Prozesuan lan egitea gustatzen zaio Liñerari. “Bide bat sortzen da, hausnarketarako tartea. Istorioa aldatuz joaten zara”. Horretarako ezinbestekoa da antzezlan batean parte hartzen duten hiru elementuak prozesuaren hasieratik presente izatea: artistak, publikoa eta programatzaileak. Haien iritziekin eta entseguen bidez testua sortzen joaten dira. “Testua material bat baino ez da; eszenografia edo aktoreak bezalakoa”.

Emanaldi gutxi batzuk
Proiektu pertsonal bezala sortu zena, sorpresak eman zituen: “Jaialdietatik eta sarietatik deitzen hasi ziren”. Liñerak ez zuen sinistu. “Madrilen bizi den lagun batek esan zidan Max sarietan egile berriaren sailean izendatua izan nintzela. Parisen Quijote jaialdian parte hartzeko deitu ninduten, Brasiliako jaialdian bost emanaldi egin nituen…”.

Nik kultura behar dut. Kulturara joan behar dut: antzokira joan, zinemara joan… etxean liburu bat irakurri dezaket edo film bat ikusi dezaket, baina joan beharra ere badut”. Koronabirusaren egoerarekin proiektuak atzeratu behar izan ditu Liñerak. Prozesu batekin hasi zen, eta entseguak alde batera utzi behar izan ditu. “Liberalismoaren eta kapitalismoaren ondorioak ikusten ari gara”. Politikariek gauzak egiteko irudimenik ez dutela esan du: “Murriztapenak ezartzen dira, baina zer gehiago? Esaten didazu ezin dudala hau eta bestea egin, baina zuek zer egingo duzue? Mediku gehiago kontratatu dituzue?”. Bitartean antzerkiaz eta kulturaz disfrutatzeko deia egin du Liñerak. Gainera, hilabete hauetan kultur teknikarien “lan izugarria” ere eskertu nahi izan du.