Intsumisio mugimenduari buruzko atzera begirakoa

Guaixe 2021ko ots. 1a, 10:04
Intsumisoak Iruñeko kartzeleko partioan, tartean hainbat sakandar. Argazkia: www.ekinklik.org

Udalak eta Liburutegiak Intsumisioaren astea antolatu dute. Derrigorrezko zerbitzu militarrari aurre egin zion mugimenduaren lekukotzak entzun eta ikusteko aukera izanen da.

Aurten 20 urte beteko dira Espainiako Gobernuak, PP agintean zela, soldaduska kendu zuela. Ordutik gizonezko gazteek ez dute urte bat eman behar militarren eskuetan. Derrigorrezko zerbitzu militarraren kontra Kontzientzia Objekzio Mugimendua hasi zen lanean eta kanpaina indartu zuela 30 urte bete dira. Soldaduskaren kontrako kanpainak aparteko erantzuna izan zuen ibarrean eta Olatzagutian. Horren guztiaren jakitun Olatzagutiko Udalak eta Liburutegiak historia memoria hurbila landuko duen Intsumisioaren Astea antolatu dute. 

Olatzagutiko Liburutegiak bi astez Intsumisioari buruzko erakusketa hartuko du. Han, alde batetik,  Sakanako Antimilitarista Taldearen (GAS-SAT) dokumentuak, prentsa-ebakinak, kartelak, argazkiak, eranskailuak, fanzinak eta bestelakoak ikusteko aukera izanen da. Horiek eta beste hainbat material Nafarroako Memoriaren Institutuak digitalizatutako funtsaren zati dira eta, antza,  Nafarroako Gobernuak udaberrian Interneten eskuragarri jarriko ditu. 

Bestetik, Joxe Lacalleren 25 argazki ikusteko aukera izanen da. Etxauriko argazkilariak intsumisio mugimenduaren berri ematen duen argazki liburua argitaratu berri du, Si te mandan una carta (Txalaparta, 2020), eta han jasotako irudietako batzuk dira ikusgai daudenak. Liburutegitik, Sakanako erakunde eta ikastetxeei bisita gidatuak antolatzeko aukera emanen zaie, intsumisio mugimendua ezagutarazteko. 

Topaketa eta dokumentala 
Lacalle bera biharko antolatu den topaketan izanen da. Eta berarekin batera intsumisio mugimenduko kide olaztiarrak eta Guaixeko erredaktore Alfredo Alvaro Igoa. Batzuk eta besteek urte haietako oroitzapenak eta esperientziak kontatuko dituzte. Izan ere, joan den mendeko 80ko eta  90eko hamarkadetan mugimendu antimilitarista handia izan zen Olatzagutian. Herrian dozena bat intsumiso izan ziren eta hainbat kartzela urte pilatu zituzten soldaduskari uko egiteagatik. GAS-SATen antolatuta, kontzientzia-eragozpenari buruzko Sakanako informazio-bulegoa antolatu zuten bere kideek, eta hainbat urtez egon zen martxan. Mugimenduko kideen alde egin zuen gizarteak eta Olatzagutiko Udalak plaza bati Intsumisio plaza izena ematea erabaki zuen. 

GASek bildutako intsumisioari buruzko Olatzagutiko dokumentazioa Nafarroako Memoriaren Institutuak digitalizatutako funtsaren zati bat da. Dokumentu horiek digitalizatzeaz gain, Nafarroako Memoriaren Institutuak Olaztiko intsumisoei egindako elkarrizketak ere gorde daude Dokumentazio Zentroan. 

Intsumisioren astea despeditzeko otsailaren 7an, 19:00etan, Lander Garrok zuzendutako Bi urte, lau hilabete eta egun bat dokumentala iksuteko aukera izanen da kultur etxean. Derrigorrezko soldadutza ezetz esan eta kartzela-zigor handia ordaindu zuten sei lagunen bizipenak kontatzen ditu ikus-entzunezkoak. Gonbidapenak udaletxean edo www.olazti.eus webgunean eskuratu daitezke. 


Egitaraua 
Otsailaren 1etik 12ra 
Joxe Lacalleren argazkiak eta Sakanako Antimilitarista Taldearen dokumentazioaren erakusketa. Liburutegian, 16:30etik 20:30era. 

Otsailak 2, asteartea 
Topaketa: Joxe Lacalle argazkilaria Alfredo Alvaro Igoa eta Olatzagutiko intsumisoak 
Kultur etxean, 19:00etan. Gonbidapenak aldez aurretik udaletxean, liburutegian edo www.olasti.eus webgunean jaso.

Otsailak 7, domeka
Bi urte, lau hilabete eta egun bat dokumentala. 
Kultur etxean, 19:00etan. Sarrerak udaletxean eta www.olazti.eus