Goya sarietako faboritaren emanaldia, sari banaketaren egunean

Guaixe 2021ko mar. 5a, 09:43
'Akelarre' filmaren eszena bat, Urbasan. DAVID HERRANZ

Bihar, martxoak 6, larunbata, 19:00etan, 'Akelarre' filmaren emanaldia izanen da Olaztiko kultur etxean. Espainiako zinema akademiaren sarietan bederatzi izendapen jaso ditu filmak. Bihar sari banaketa izanen da, Malagan.

Bederatzi izendapenekin sorginei buruzko iruditegia argitzen duen Akelarre filma Goya sarietako faborietako bat da. Filmaren ekoizleetako bat Iker Ganuza Taberna izan da, Helena Taberna altsasuarraren Lamiak ekoiztetxekoa. Pelikulan Sakanako presentzia badago, izan ere, Urbasan grabatu zuten eta zenbait altsasuar figurante izan ziren. Bihar, larunbatean, 22:00etatik aurrera, Goya sarien gala izanen da Malagan, egoera dela eta modu presentziala eta online uztartuz eginen dena. TVE1-en jarraitzeko aukera izanen da. Bihar ere Akelarre Olaztiko kultur etxean proiektatutako dute, 19:00etan, Martxoak 8ko udalaren egitarauaren barne. Sarrerak Olaztiko udalaren webgunean eros daitezke.