Porlandegian greba mugagabekoaren itzala

Guaixe 2021ko uzt. 12a, 10:02
Porlandegiko langileak joan den astean lantegi sarreran kontzentratu ziren.

Cementos Portland Valderrivas taldeko Olatzagutiko porlandegian langileak greba egin zuten joan den astean eta gaur bueltatu dira lanera. Lan hitzarmenean txanda kontratua jasotzea eskatzen ari dira langileak. Negoziazioan aldaketarik ez badago, hilaren 19tik aurrera greba mugagabera deitu dute.

Porlandegiko langileen hainbat protesta ezagutu dituen enpresarako sarbideko zubiak, atzera ere, Cementos Protland Valderrivasen greba kanpamentua hartu zuen joan den astean. Greba eginez enpresako lan hitzarmena berritzeko beraien iritzia defendatu zuten langileak. Aste bateko grebaren ondoren gaur lanera bueltatu dira. Baina hurrengo egunetan egoera bideratzen ez bada, hilaren 19tik aurrera greba mugagabera deitu dituzte langileak. 

Garagarrilaren 22an izan zuten zuzendaritzak eta enpresa batzordeak azken bilera, “eta hasieratik jarri zigun hurrengo bilerarako data: irailak 21. Egun osoa negoziatzeko ibilita… Geratu ginen: hau hautsi da. Langileen asanbladara eraman genuen, eta handik grebara”. 64 langile izan ziren batzarrean, eta 47, grebaren alde egin zuten eta 17 ez gelditzearen alde agertu ziren. Porlandegiko enpresa batzordean ELAk 5 ordezkari ditu, UGTk 3 eta CCOOk 1. 102 langile ordezkatzen dituzte.

Aurretik
Grebari testuingurua emateko atzera egin du enpresa batzordeko kide eta ELAko ordezkari Juanje Lizarraga Zelaiak: “gaia 2016ko hitzarmenetik heldu da. Enpresak 30 langile irteteko itxaropena eman zuen. Eta, era berean, langile berriendako soldata taula berriak jarri zizkigun”. Bost urteren ondoren bost langile besterik ez dira atera. Lizarragak jakinarazi duenez, ateratzeko gelditzen ziren langileendako irteteko beste modu bat proposatu zuen enpresak 2019an. “Onartu ez genuen baldintza bat zuen: 2028ra arte soldata taulak ez ikutzea. Horrekin ez geunden ados”. 

2016ko lan hitzarmenaren indarraldia 2019an bukatu zen. 2020an hitzarmen berriaren negoziazioarekin hasi ziren. Baina pandemia iritsi zen. ELAko ordezkari Ruben Garciak azaldu duenez, Cementos Portland Valderrivas enpresak taldeko porlandegi guztietan aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea ezarri nahi izan zuen. “Ez genuen bideragarria ikusten stockik ez zegoelako”. Lizarragak gaineratu duenez, “azken finean, espediente sinboliko bat izan zen”.

Espedientea ezartzeak langileak soldataren %85ekin utziko zituen. Baina zuzendaritzak 2020ko hitzarmenari uko egitea eta zegoenari segida emateko eskatu zieten taldeko enpresa batzorde guztiei. Olatzagutiko langileen ordezkariak izan ziren azken neurri hori onartu ez zuten taldeko bakarrak. 

Negoziazioa
Lan hitzarmena berritzeko bilerak lastailean hasi zituzten. Ordutik 11 bilera egin zituzten zuzendaritzak eta langileen ordezkariek. “Hasieran bazirudien zerbait adostuko genuela. Enpresak ez zigun onartu ez soldata igoerarik ez inongo gastu modurik. Hori onartu genuen. Gure asmoa zen taulak guztiz aldatzea, desegitea. Hori gastua izanen zenez, ezezkoa eman zuen, eta alde batera utzi genuen”, azaldu du Lizarragak. Hitzarmenean lortzen zen igoera soldata guztiei aplikatzea eskatu zuten langileek.

Langileen ordezkariek “jubilatzeko txanda-kontratua lan hitzarmenean jasotzea eskatu genuen, gu guztiondako”. Legean jasotakoa gehitzea da eskaera. “Horrek, printzipioz, diru gasturik ez dauka”. Lizarragak azaldu duenez, “enpresak aukera hori onartu du bakarrik ateratzeko falta diren 18 langileendako. Aspaldi egon behar zuten lantegitik kanpo”. Enpresa batzordeak zuzendaritzaren eskaera horri ezezkoa eman dio. Garciak gaineratu duenez, txanda kontratuarekin “plantilla guztiarendako zerbait lortzea nahi genuen”. Lizarragak azaldu duenez, langileen bataz besteko adina 56 urtekoa da. “txanda-kontratua onartzea izanen zen esperantza txiki bat 62 edo 63 urterekin aurrejubilazioa izateko. Eta, era berean, plantilla gaztetzeko”. ELAko ordezkariak gaineratu duenez, “enpresak ez du errespetatzen langile plantilla mantentzea. Hori ere produkzioaren araberakoa izanen dela esaten du. Produkzioa jaisten bada eta ez badira langile gehiago behar… Hor ere ez du ezer jakiterik nahi”.