Olatzagutiko ur zikinak garbitzeko araztegia bere ahalmena gainditzetik gertu dago. Horren jakitun, Nilsa enpresa publikoak ur araztegi berria egiteko proiektua egin zuen. Aurreikusitakoaren arabera, egungoaren espazioa eta Orna iturri aldera dagoen beste espazio bat erabili behar zuten horretarako. Baina handik gertu Koskobilo II arkeologia aztarnategia opatu dute, eta haren babes eremuaren barruan sartzen da ur araztegia handitzeko aurreikusia zuten lur zatia.
Joseba Vizuete Askargorta alkateak azaldu duenez, “Nilsak proiektua aldatu du eta ur araztegia dagoen tokian bertan berria eginen du. Nilsakoek esan digutenez, lanak otsailean edo martxoan hasiko omen dira”. Gaur egungo ur araztegia 1991ekoa da eta hura berritzeko Nilsak bi milioi euroko aurrekontua zuen proiektua egin zuen.
Arkeologia aurkikuntzak Koskobilo harrobiari ere eragiten dio, lezearen babes eremuaren barruan baitago. Cementos Portland Valderrivas enpresak harrobia zaharberritzeko plana aurkeztu zuen joan den urte akaberan. Paisaia integrazioa lortzeko, besteak beste, enpresak harrobiko pareta bertikalen kontra materiala botatzea proposatu zuen. 100.000 metro kubiko bost urtetan. Vizuetek azaldu duenez, “Aurrekoarekin udala ez zegoen oso ados. Eta arkeologia aztarnak agertu direnez, Nafarroako Gobernuak enpresak errestaurazio plan berria aurkeztu behar duela esan du”.