Mundua bitan banatzen da

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko mar. 23a, 12:05

'eRRe. Aldarri bat bertsoz' ikuskizunaren une bat. LANKU

Bizitzaren bitasunak dira 'eRRe. Aldarri bat bertsoz' antzezlanaren ertz nagusia. Bertsoa, antzerkia, musika eta poesiaren bidez lau lagunen bizipenak azaleratzen ditu. Martxoaren 26an emanaldia izanen da, Olaztiko kultur etxean.

Ondo definitzen ez dakiten emanaldi bat. Hori da eRRe. Aldarri bat bertsoz ikuskizuna. Genero aldetik ere zaila da definitzea: bertsolaritza, antzerkia, musika eta poesia uztartzen ditu. Baita dantza ere egiten dutela esan du Aner Peritz Manterola antzezleak. "Bertso emanaldi izena ematen diogu, baina antzerkitik ere dezente du; dena lotzen duen hari nagusia da. Guk geuregandik eta jendearendako sortutako emanaldi bat da". Martxoaren 26an, larunbatean, 19:00etan, Olaztiko kultur etxean izanen da, Sakanako Mankomunitateko Berdintasun zerbitzuaren Martxoaren 8ko egitarauaren barruan. Sarrera doan da, baina aurretik gonbidapena hartu behar da.

"Egia esan, ikuskizuna sortu genuen Lanku kultur zerbitzuak proposamena egin zigulako, ez guri bururatu zitzaigulako. Proposamena oso irekia zen, eta Erradikalak gara eta Gorria ikuskizunen ondoren, horiek bukatzera zihoazela, erreleboa hartzeko zerbait egin behar genuen". Haizea eta Oihana Arana Cardenal, Leire Vargas Nieto eta Peritz dira proiektuaren antzezleak, eta haien bizipenetan oinarritzea pentsatu zuten. "Normalean hitz egiten dugunaz, interesatzen zaigunaz, gure egunerokoaz". Ez zuten "inongo mundu abstraktuetara edo kanpoko ideietara" joan beharrik: "Geuk kontatzeko geneukan hori badakigu zer den". Bertso plaza eta plaza publikoan hainbeste landu ez diren gaiak plazaratu dituzte.

Burua eta gorputza. Bizitza eta heriotza. Natura eta kultura. Emakumea eta gizona. Bitasunak dira eRRe ikuskizuna ren gai nagusia. "Gure egunerokoan gauzak nola bizi ditugun hitz egiten joan ginen eta guretzat garrantzitsuak ziren gaiak azaleratzen joan ginen". Horiek ateratzen joan zirela, marko egokia zela pentsatu zuten: "Bitasunek nola eragiten dute, nola dagoen mundua bitan banatuta, birentzat egina". Bitasun konkretuetara jo dute, esaterako, genero bitasuna, gazte eta zaharren arteko bitasuna, sexualitatea... "Zerrenda luze bat egin genuen, eta gehien interesatzen zitzaizkigunak edo lantzeko egokienak zirenak aukeratu genituen; betiere gure ikuspuntutik". Hainbeste landu ez diren gaiak jorratu dituzte ere.

Bertsoa
Ikuskizun berritzailea dela askotan aipatu diete, "baina ez dakit zenbateraino". Berritzailea da haien errealitate horiek ez direlako orain arte oholtzaren gainean horrenbeste azaleratu, "bai plaza publikoa bai bertso plazan". Bertso plazan gertatzen denari buruz askotan hitz egiten dute, "bertsoa ez delako mundutik aparteko ezer; bertan gertatzen diren mekanismo, zapalkuntza eta inertzia guztiak beste hainbat esparrutan agertzen dira ere". Forma aldetik, modu "autokonzienteago" batean "apurtzailea" izatea bilatu dute, "deserosoagoa". "Diskurtsoan saiatzen baginen ertz berriak bilatzen, orain arte aipatu ez diren gauzak plazaratuz, saiatu gara forman ere egiten genekienean ez geratzen". Bertsotan badakite, "bertsoak batu gaitu", baina beste diziplinak landu dituzte ere: "Oihana eta Leire idazleak dira eta ni musikaria naiz. Baina haratago joaten saiatu gara". Horregatik antzerkiaren apustua egin zuten. "Gorputzan urrutien geratzen zitzaigun esparrua landu dugu, bertsoan ez delako gorputza eta mugimendua hainbeste lantzen". Ordura arte egin ez zituzten gauzak egiten saiatu dira, "eta seguru nago ez dugula egiten ondo ikasi, baina saiatu gara behintzat duin samar izan zedin".

Ikuskizunak hamar zati dauzka; hamar eszenatan banatuta dago, eta eszena bakoitzean bitasunei buruz hitz egiten da. Baina ez du esan nahi hamar bitasun lantzen direnik, "eszena batean bitasun bat baino gehiago landu daitezke". Edurne Azkarate da eRRe ikuskizunaren zuzendaria. "Behin zerrenda egin genuen, zertaz hitz egin nahi genuen bagenekienean, inertziaz hasi ginen prestatzen". Zuzendariarekin konturatu ziren "oso testualak" zirela, eta gero hori oholtzara eraman behar zutela. "Pixkanaka lantzen joan ginen eta Edurnek bideratu zuen sorkuntza prozesua neurri batean eta entseguak".

Probokatzaileak

"Saiatu gara zuzenak izaten, baita probokatzen eta aldarrikatzen ere"

Lankuren proposamena jarraitu zuten eRRe. Aldarri bat bertsoz ikuskizuna, baina aukera zutenez lau lagunek zituzten bizipen amankomunak plazaratzea erabaki zuten. "Aurretik ez geneukan ideia, bai bai egia da ikuskizuna alde probokatzailetik badaukala. Saiatu gara zuzenak izaten, baita probokatzen, gauzak eragiten, esaten eta aldarrikatzen ere". Ikuskizuna ikusi dutenen artean batzuk "harritu" direla esan du Peritzek, "oso zuzenak eta oso zorrotzak" izan direlako. "Geuretik eta gugandik eragin nahi dugu". Oinarria haien bizipenak kontatzea izan da, "non egon garen eroso eta zergatik, zer aldatu nahi dugun, zer ikusten dugun gaizki, kritika sozialetik asko dauka, autokritikatik ere". Helburua, beraz, gauzak kontatzea eta pentsaraztea da, "bai publikoari bai guri". Haiengandik sortu da, baina orain jendearen artean zabaltzen ari da. "Askapen bat izan da ere".

Orokorrean publikoak ikuskizuna ongi hartu duela esan du Peritzek. "Kritika positiboak izan ditugu, baina ziur badagoela gustoko izan ez duenik eta ezer esan gabe joan dena". Badira dena ulertzeko berriz ikusiko dutela esan diotenak, baita dagoeneko bitan ikusi duena ere. "Esan digute berriz ikusi behar zutela zenbait gauza hobe ulertzeko". Oinarrian bertsoa dago, baina publiko guztiarendako bideratutako ikuskizuna da.