Astekaria

Urak arrasto ederra utzi du

Guaixe 2021ko abe. 20a, 09:11

Arruazuko Kale Nagusia urez beteta.

Mendietako elurraren urtzeak eta euriteek uholdeak eragin zituzten abenduaren 10an, ostiralean. Ura makina bat etxe eta enpresatan sartu zen. Garbitzen lana izan zen. Horretarako auzolanak izan ziren ere. Uholdeak lehendik kaltetuta zeuden lau zubi okerrago utzi ditu, hiru Arakilen, beste bat Uharte Arakilen 

Arakil ubeldea abenduaren 9rako, ostegunerako, dagoeneko ibarreko hainbat puntutan aterata zegoen, esaterako:  Etxarrenen, Hiriberri Arakil eta Ihabar artean edota Ziordian. Ubeldeak ostiralean gainezka egin eta  lurrez betetako urek soro, larre, baratzeak, errepideak, industrialdeak eta herriak ur marroiz estali zituen. Abenduaren 10ekoa, ostiralekoa, aspaldiko uholde handiena izan zen eta ezohiko irudia utzi zigun. Herri guztietan ubelde eta erreka kontra zeuden baratze eta soroak urpean gelditu ziren. Larre eta soro itxiturak lurrera bota edo makurrarazi zituen uraren indarrak, eta hark eramaten zituen orbel, enbor eta gainontzeko zikinkeriak. Larreak ongi eutsi diote, baina ereindako soro batzuetan uholdeak lurra hazi eta guzti eraman du. Uholdeengatik Nafarroak Estatuari natura hondamendi eremu izendatzeko eskatu dio, eta Ministro Kontseiluak hala eginen du gaur. Gutxienez Nafarroako 74 herritan izan dira kalteak. Horien artean daude momentuz, esaterako, Arruazu eta Ziordia. 

Aizkorben Plazaolako bide berdea izan da euriteengatik kaltetua. Aldapa beherako zatietan kaskailuzko bidean ur erretena sortu eta bidea pitzatu da. Plazaola turismo partzuergoa da bide berdearen ardura duena eta ibilbide guztian sortutako kalteak zein diren aztertzen ari da. 

Errotzen Arakil ibaia joan den osteguneko 23:00ak aldera atera zen. Uholdeak maila gorena ostiraleko 04:00ak aldera hartu zuen eta ibaiak emari handiari ostiraleko 23:00etaraino eutsi zion. Ondorioz, NA-7010 errepidea itxita egon zen eta Erroztarrek egun bat eman zuten isolatuta. Larunbateko 10:00ak aldera zabaldu zen errepidea. Kalteei dagokienez, ubeldearen kontra dagoen beheko auzoetako etxeetan sartu zen ura. Eraikinen beheko solairuan zeuden etxe tresna elektrikoek  kalte handiak izan zituzten. Uraren indarrak, bestalde, errepidearen kontra dagoen baratze bateko harresia bota zuen, 10-12 metroko luzera zuen harresia. Arakildarrek estimu handia dioten Oskiako ermitan ere sartu zen ura, metro pasa-edo. Erroztarrek gogoan zuten 1993ko uholdea, “hau baino txikiagoa izan zena”. 1953ko uholdeak Urritzolarako zubia aurretik eraman zuen. Oraingoan eutsi egin dio. 

Urritzolan bat egiten dute Arakil eta Larraun ubeldeek. Bata eta bestea pasatzeko zubi bana daude. Eta Iradiko bidean barna Izurdiagara joateko aukera dago. Arakil gaineko zubia 2019an konpondu zuen Urritzolako Kontzejuak. Baina herri txikia izanik ez du nahikoa dirurik Larraun gaineko zubia konpontzeko, eta lehendik gaizki bazegoen, azken uholdeak okerrago utzi du. Urritzolarrek gogoan dutenez, aspaldi Madrildik Izurdiagara kanpamenduetara etortzen ziren umeek hautsi zituzten zubiak, petrileko harriak ibaira botatzen baitzituzten. Petrila lehendik baxua bazen, orain urak zatiak eraman ditu, kasik arkuari eraginez. Zubiaren ertzetan ere kalteak daude. Lehen ere zulo handia egin zen eta uholdeei aurre egiteko dirulaguntza batekin konpondu zuen kontzejuak. Orain ikusi behar zer nolako laguntza jaso dezaketen Urritzolan. 

Izurdiagako San Joan auzoa Arakil ibaitik gertu dago. Han bizi diren izurdiagarrek gertutik bizi zuten ubeldeak gainezka egitea. Etxe bakar batean sartu zen ura, baina ez asko. Uholdeak aurrekoak baino korronte handiagoa zuela nabarmendu digute. Uraren indarrak soro eta baratzetako hesiak bota eta dermioko bideetako kaskailua eraman zuen. Esaterako, Urritzolako bidea, Larraun ibaitik zenbat eta gertuago gero eta okerrago dago, adarrez beteta, kaskailurik gabe, oinez ibiltzeko juxtuan. Izurdiagako futbol zelaia kaskailuz beteta agertu zen, hango hesiak botata eta aparkalekuan zuloak. Arakil ubeldeak gainezka egin eta NA-7010 errepidea urpean gelditu zenez, Foruzaingoak errepidea San Joan auzoaren irteeran moztu zuen. 

Etxeberrik Larraun ubeldearen ertzean Arrantzaleen Ibilbidea du. Larraun ibaiak askotan uzten duen tokia da, eta kontzejuan ez dute harekin kezka handirik. Baina uraren maila jaistean zein egoeratan gelditu den ikustera joanen dira. Etxeberriko Kontzejuaren kezka nagusia orain Bi Ahizpen dagoen oinezkoendako zubia da. Izan ere, Larraun ubeldea gainetik pasa da, korronte indartsuarekin. Urak oinarria asko jo du eta haren benetako egoera zein den jakin nahi dute. Horretarako teknikariren baten beharra beharko dute. 

Hiriberri Arakilen urtero behin edo bitan izaten dira uholdeak eta, horregatik, “ohituta” daude ura ibilgutik kanpo ikusten. Oraingoan ura gehiago atera da eta ibaitik gertuen dagoen etxe ondoraino iritsi zen uholdea. Baina ez du kalterik sortu, eta herria uneoro komunikatuta egon zen. Dermioko soro guztiak urpean gelditu ziren, 300 metroko zabalera baino gehiago hartu zuen uholdeak Hiriberri Arakil parean. Uholdeak zubia estali zuen. Lehendik zubiak begietako arkuen goiko partean harriak falta zituen eta konponketa premia zuen. Ur emaria jaisteko zain daude kontzejuan, uholdeak zein arrasto utzi dituen jakiteko. 

Ihabarren parean uholdeak kilometro bateko zabalera hartu zuen. Uraren indarrak ibai bazterreko txipu pila bota ditu eta soroetatik lurra eraman. Zubian eta hesien kontra egur pilak agertu dira. Dermioko bide batzuk ere nahiko hondatuta gelditu dira. 

Uharte Arakilen uholdeak dauden bakoitzean Irañetarako errepidea itxi beharra dago, eta abenduren 5ean dagoeneko itxi behar izan zuten. Hainbat uholderen ondoren Uharte Arakilgo Udalak Itzoako bidea porlanez egiteko laguntza jaso zuen. Baita ibaira jaisten den aldapa porlaneztatzeko ere. Batak eta besteak ongi eutsi diote uholdeari. Hala ere, uraren indarrak haien ondoan lurra jaso du, eta merenderoko paperontziak eta zenbait hesi errotik atera ditu. Goiko basoan hainbat bide izorratu ditu urak, erabiltezin utziz. Herri inguruan ere halakoak egin ditu. 

Juanardantzetxikiko zubiak Uharte Arakil eta Arruazu lotzen ditu. Garai bateko errepidea izandakoan dago zubia, gaur egun dermioko bidea dena. Uholdeak errepaso handia eman dio zubi horri, mugitu egin du eta zulo handia egin. Bi udalak haren egoerarekin kezkatuta zeuden aurretik, eta uholdeak kezka areagotu besterik ez du egin. Uharte Arakilgo eta Arruazuko udalek Nafarroako Gobernuari makina bat aldiz eskatu diote zubia konpontzeko. Foru administraziotik erantzun dute Arruazuko zeharbidea konpondu ondoren zeharbidea eta dermioko bidea udalaren esku izatera pasa zirela, zubia barne. Baina zubia Uharte Arakilgo dermioan dago. Arruazuarrek argi dute zubia Nafarroako Gobernuaren jabetza dela. Gaztigatu dutenez, zubia pasabidea izateaz aparte Movistarrek handik hainbat hodi pasatzen ditu, eta Sakananet-en zuntz optikoko linea ere handik pasatzea aurreikusten dela. 

Arruazuko autobia azpiko sarrera-irteera joan den ostegun arratsaldean itxi zuten urez beteta zegoelako. Autobia egin zuenean Nafarroako Gobernua jakitun zen uholde arriskua zegoela eta, horregatik, pasabide horretan ura ateratzeko punpa bat jarri zuten. Baina ur emari handia dagoenean punpak ezin du denarekin eta pasa itxi egiten da. 

Ostiral goizean dagoeneko ur emari handia zegoen Arruazun. 08:00etan ikasleek ez zuten ikastetxeetara joateko autobusik hartu. 08:30 aldera uraren mailak gorakada handi bat izan zuen. Normalean Arruazun uholdeak ibai aldetik sortzen dira. Ur maila pixkanaka igotzen da Arnazbidetik herrirantz. Jose Maria Satrustegi kalea eta eliza ingurua hartzen ditu. Batzuetan plazaraino iristen da ura. Lurpetik ere ura filtratu izan da etxeetan halakoetan. Hamar urtean behin uholde txiki bat izaten dute Arruazun. 2003koa izan zen azken uholde handia. 

Baina ostiralean ohiko uholdeaz aparte beste ur korronte bat izan zuten arbazuarrek. Izan ere, ura autobia gainditu eta ibaia Arruazu mendebaldetik ekialdera zeharkatzen hasi zen Kale Txiki, Kaleaundi eta Bidezar kaleetan barna. Urak korrontea zuen eta, horregatik, maila jaitsi zenean ez zuen lohirik utzi. 

Hori bai, urak herria hartu eta etxetara sartu zen. Arbazuarrek haietatik ura ateratzen nahikoa lan izan zuten. Gainera, langintza horretan ez zuten batere lagundu orotariko ibilgailuetan joan ziren kuxkuxeroek. Autoak pasatzean olatuak sortzen zituzten eta urez hustutako etxeetan berriro ura sartzen zuen. Bakarren bat hirutan pasa zen. Auto handi horiek baliatu behar izan zituzten arbazuarrek herrira sartzeko, haienak ondoko herrietan utzita. Bestetik, suhiltzaileek bikote bat eta bere semea eliza ondoko etxe batetik atera zituzten, urak maila handiena zuen tokitik. Ostatuan etxe tresna elektrikoak hondatu ziren. Langileek arbazuarren laguntzaz ostatua garbitu zuten eta iganderako zabalik zegoen. Bestetik, etxeetan altzariak eta gailu elektrikoak ahalik eta altuera handienean jarri zituzten. Urarekin busti eta ondoren ez puzteko, zurezko ateak kendu zituzten hainbat etxetan. Horrek bustitzeaz libratu zituen. Larunbatean haietako asko kalean zeuden, haizatu eta zuten hezetasuna kentzeko. 

Uholdeak, atzera ere, autobia azpiko sarrera-irteeraren jabetzaren eztabaida jarri du mahai gainean. Nafarroako Gobernuak Arruazuko Udalaren esku utzi nahi du. Hau da, pasabidearen mantenua eta etengabe funtzionatzen duen ur punparen argindarra eta mantentzea ordaintzea. Baina arbazuarrek diote foru administrazioa izan zela autobia egin duena eta, beraz, hari dagokiola ardura. Astearte arratsaldean sarbidea itxita zegoen, baina errepide mantentzeaz arduratzen diren bi langile hura garbitzen ari ziren. Ura beharrean lohia besterik ez zegoen. 

Arruazu parean errepide sarea kaltetuta gelditu zen ostiralean. Uholdeengatik Sakanako Autobian (A-10) noranzko bakoitzean errail bana besterik ez zuten zabalik utzi. Foruzainak bertan izan ziren egoera baretu bitartean. Bestetik, bigarren mailako errepidea, NA-2410, urpean gelditu zen, erabil ezina. Uraren indarrak eta hark eramaten zuenak autobiaren itxiturako hesia bota zuen Arruazu parean. 

Lakuntzan Arakil ubeldea ondoko enpresetan sartu zen, Barga eta Egainen. Horretaz aparte, mintegi bat ere urpean gelditu zen. Bestetik, Arruazun zein panorama zegoen ikusita, Lakuntzako Udaletik Arruazura laguntzera joan ziren. Kamioian tresneria kargatu eta garbiketa lanetan aritu ziren ostiralean. 

Lizarragabengoan ubeldea ostegun gauean hasi zen ateratzen eta herriraino sartu zen. Ura etxe bateko bajeran besterik ez zen sartu. Lizarragabengoan normalean ubeldea ez da hainbeste ateratzen, aspaldi ez zutela halakorik ikusi. Herria eta Arbizu lotzen dituen errepidea urpean gelditu zen eta hala egon zen ostiral guztian. Etxarri Aranaztik barna egin zituzten joan etorriak lizarrengotarrek. Askotan ixten da errepide hori eta beste bidea hartu behar izaten dute. Ur azpian gelditu zen Berroeta aldeko bidearekin dute kezka Lizarragabengoako Kontzejuan. 

Etxarri Aranatzen ubeldea ibaiaren inguruan nabaritu zuten gehien. Angorta kaleetako etxeetan osteguneko 22:30ean nabaritu zuten ur maila igotzen hasi zela eta uholdea zetorrela. Horregatik, oiloak eta bestelako tresnak babesean jarri zituzten. Ostiraleko 06:00etarako ur maila gorenera iritsi zen. 1996ko uholdea “izugarria” izan zela adierazi du auzokide batek. Harekin alderatuta, ostiraleko ibaiko uraren gainezkatze maila 30 cm igo zen. 

Ura etxean ez sartzeko atea egurrez tapiatu zuenik izan zen. Izan ere, estreinakoz uholdea Angorta kalearen eskuin aldeko etxeen pareraino iritsi zen. Auzokideen iritziz, zerrategia zenean egindako 80 cm-ko altuerako paretak ura haiengana bideratzen du eta, ondorioz, 60 cm-ko maila hartu zien urak. Eraikin horren parean dagoen etxea inguratzen kanal batzuk daude eta ura egoki bideratu zuten. Kanpozelai kalean dagoen etxeak soro guztietatik heldu den uraz aparte, aipatu paretaren kontra talka egin ondoren, bueltan joaten zitzaien ur korrontea ere jaso zuen. Uraren maila 13:30eraino egon zen gorenean eta ordutik aurrera beherantz egin zuen. Ostiraleko 19:00etarako autoz herrira joateko moduan zegoen. 

Trenbidearen bestaldean, Basopokale kaleko postontzien eta edukiontzien ondoan, errekak gainezka egin zuen. Antza, kainu-zuloak zikinak zeudelako izan zen uholdea. 20 cm-ko altuera hartu zuen urak han. Barrurago, basoan eroritako euria jasotzen duten ezpondak gainezka egin zuten eta zerrategian eta hango etxean dezente sartu zen. Bestetik, errota berria, gutxigatik, baina uretik libratu zen. 

Bakaikun, autobiatik iparraldera hamaika etxe daude, Barrenkale kalean. Haietan kaltetuena errota izan zen. Etxejabeek aurreikusi zuten uholdea izanen zela eta, horregatik, altzariak gora igo zituzten. Etxekoak senideen etxeetara joan ziren ostegunean 20:00etan eta larunbat eguerdira arte ezin izan ziren bueltatu. Eta han opatutakoa ezin sinestekoa zen: ura metro eta erdi igo zen. Ondorioz, altzari guztiak kaltetu ziren. Eraikinari eta altzariei hezetasuna kentzeko hondatutako berogailua konpondu eta martxan jarri zuten. Barrenkaleko beste etxe bateko sotoan sartu zen ura. Uholde arriskuaren jakitun, berriak diren kaleko eraikinak kota altuagoan jaso zituzten, eta haietan bajeretan sartzeko zorian egon zen, baina ez zen urik sartu. Baina etxe horiek beraiek ura geldiarazten dute eta bien artetik pasatzean korronte handia sortu zen. Trenbideaz bestaldean dauden hiru etxeetatik bitan ura filtratu eta barrura sartu zen. 

Urdiainen basorako bidea moztu zuen ibaiak eta Errota eta ondoko etxea izan ziren urez inguratuta gelditu zirenak. 

Altsasun Isasia industrialdearen mendebaldea izan da kaltetuena. Biak Bat elkartea, Pablo Jimenez iturgina, Del Reyno kontserbak, Izarte lorezaintza eta zurgintza eta motor zaletasuna duten bi altsasuarren pabiloiak urpean gelditu ziren. Haietako batek azaldu duenez, haien paretik pasatzen den Arakil ibaiaren ur maila igo eta industrialdearen altueraren pare hartzen duenean estoldetatik ura ateratzen hasten da. Gainera, mendebaldean ibaiaren paralelo doan dermioko bide bat dago Gasteiz-Altsasu trenbideko zubiaren ondoan. Ubeldeak gainezka egitean ura bidetik industrialdeko A kalera joaten da eta enpresa bateko paretan jo ondoren kalean behera egiten du aipatutako pabilioiak kaltetuz. Gainera, Olatzagutia-Iruñea trenbidearekin topo egitean ekialderantz zabaltzen da ura, industrialdearen zati gehiagotara zabalduz. Ostiralean, Iparraldeko Autobiara (A-1) iritsi zen eta arazoak sortu zituen trenbideko zubi parean. 




Altsasun uholde kasuan urpean geldi daitezkeen eremuak.

Bertan enpresak dituztenek azaldu dutenez, aurretik izan dituzte uholdeak, “baina 30-40 cm hartzen zuen urak. Ostiralean metro eta erdira iritsi zen”. Uholdea zetorrela jakinik, ostegunean gauzak altueran jarri zituzten. Ostegun gauean hasi zen uraren maila igotzen eta larunbat goizera arte ezin izan zuten lantokietan sartu. Ezusteko ur mailak pabiloietan zegoen guztia hondatu zien: ordenagailuak, dokumentazioa, ibilgailuak, lanerako tresnak…. Horretaz aparte kalte espezifikoak izan ziren pabiloi bakoitzean. Esaterako, Del Reyno kontserba etxekoek urak ikututako elikagai kontserba pote guztiak birziklatze enpresa bati eman beharko dizkio, beira, metalak eta organikoa bereizteko. Gainera, eguberrietako zareak egiteko erositako urdaiazpikoak eta bestelako produktuak bota behar izan ditu. Batzuen eta besteen artean hondakinez hainbat edukiontzi bete zituzten. Eta jabeen baimenarekin haietatik txatarrerako piezak hartu zuenik ere egon zen. Bestalde, udaleko langileak kalean gelditutako lohia garbitzen egon ziren astelehenean eta asteartean. 

Bestetik, Biak Bat elkarteak animaliek lagundutako terapiak egiten ditu. Pabilioia horretarako egokituta zuten, baina guztiz hondatu zaie. Eta, horrekin batera, Oreo katua eta txori batzuk hil zaizkie. Hibernazioan dagoen dortokak eutsi egin dio. Elkarteko Josune Azpiroz Imazek azaldu duenez, “pabiloia utzi eginen dugu eta Gazte Txokora eraman dugu erabili zitekeen gutxia eta gure konpromisoak beteko ditugu”. Baina, gaineratu duenez, “zirt edo zart egiteko garaia iritsi zaigu. Hemen probisional geunden. Eta gure hasierako apustua egitea baloratu beharko dugu: Sakanan okupazio zentro bat egitea zen. Horretarako, administrazioaren laguntza beharko dugu”. Gizarte Eskubideen Departamentuarekin, Carmen Maeztu Villafranca kontseilariarekin eta Ines Frances  Roman 2019an bildu ziren. Pandemiak guztia gelditu zuen. Asteartean Altsasun izan zen Maeztu eta elkarteko kideekin hitz egitekoa zela jakinarazi zuen. 

Igandean aseguruen partzuergokoak pasa ziren eta perituen bisita astean zehar izan dute. Isasiako kaltetuak udalarekin bilduko dira ostiralean zer egin aztertzeko. Bestetik, urak gainezka egitean Beheko Bentako zubitik ezin pasa eta urak herrirantz egin zuen. Alberto San Romanen etxean urak 1,72ko altuera hartu zuen, 1953ko uholde handian baino 25 bat cm gehiago. Urpean gelditu zitzaien tresneria (motozerrak, sasiak garbitzeko makina…) eta galdara. Horregatik, berogailu eta ur berorik gabe gelditu ziren etxean. San Roman kexu zen haienetik ez zelako inor pasa zer moduz zeuden galdetzeko. Altzaniaren ondoan zeuden etxe batzuetan ere urarekin sustoa izan zuten. 

Olatzagutiara Urbasatik jaisten den erreketako bat da Troskera. Inguraketa kalera iristean lurpean sartzen da eta hala zeharkatzen du herria. Aurreko asteetako euriteen eta mendian zegoen elurra urtzearen ondorioz, errekaren emaria asko handitu zen. Eta aldapan behera berarekin orbela, adarrak eta beste eraman zituen. Inguraketa kalean lurpera sartzeko pareta bat dago, enborrak lurpera ez sartzeko. Ostiral goizaldean han urak eramandako gauza asko pilatu ziren eta urak bere bidea ezin zuenez segitu, errekaren ibilgutik atera zen. 06:00ak edo 06:15 aldera urak Inguraketa kalea gainditu eta Larratxota kalean barna 150 bat metro behera egin zuen, Kale Nagusiraino. Handik urak frontoirantz egin zuen, ondoren elizarantz jo eta ubeldean bukatzeko. Olatzagutiko Udalak txatartegia duen herritar batengana jo zuen. Hark kamioiko garabiko pintzarekin uholdea eragiten zuen zaborra kendu zuen eta 08:00etarako ura bere bidean zegoen. Ondoren gelditutako lohia garbitzeko txanda iritsi zitzaien kaltetutako olaztiarrei. 

Larratxota erreka gainezka egitean makina bat etxe eta bajeratan sartu zen ura. Esaterako, Emilio Bujanda Ondarrak kudeatzen duen okindegiko biltegian, lantegia, komunak eta taberna urez bete ziren. Eguneko ogi ekoizpena galdu zuen. 

Ziordian badakite zerbait uholdeez. Arakil ubeldearen kontra dagoen Egutera kalean eta haren ondoan, ibaiaz beste aldean dagoen txipudian ateratzen da ura normalean. Horregatik, aspalditik, hareazko zakuak dituzte Eguterako etxeetan, uholde arriskua dagoenean atean jartzeko. Ostegunean hala egin zuten. Udalak, gainera, bi hesi jaso zituen, metalezko bat eta egurrezko bat. Ziordiarren ustea da haiek atzeratu zutela uholdea, bestela ura lehenago sartuko zela Egutera kalean. 

Eta hesiak ostegunean 20:00ak aldera gainditu zituen urak. Herrian nahasmendu handiena 22:00etaraino izan zuten. Izan ere, Egutera kalea, Txipudia parkea eta Gaztelu ingurua urpean gelditzeaz aparte, azken horren iparraldean dagoen Mirari auzoa ere estali zuen urak. Lau etxetan eta hainbat bajeratan sartu zen ura auzoan, eta etxe tresna elektrikoak kaltetu zituzten. Auzoan dagoen Mirari ermitara ere ura sartu zen. 

Ziordiarrek batean eta bestean ura ateratzen lagundu zuten. Eta horretan ari zirela, beste fronte bat ireki zitzaien: Altzania aldetik jaisten den erreka batek gainezka egin zuen herri sarreran, igerileku parean. Suhiltzaileen laguntza izan zuten 23:30etik 02:00etaraino. Okerren ikusi zituzten hiru etxeetan punpa bana utzi zuten, eta haien bila ostiral arratsaldean joan ziren. Familia bat etxetik ateratzen ere lagundu zuten suhiltzaileek, eta haiek 02:00etan esan zutenean ezer gehiago egiterik ez zegoela ziordiarrak etxera joan ziren. Nahiz eta boluntario gutxi batzuk gau osoa zaintzan pasa zuten, tartean DYAko kide Juanjo Calvo. Bitartean, gauez, Altsasuko Lastadi enpresaren biltegitik harea eramaten egon ziren batzuk. Harea zakuak Egutera kalearen eta Mirari auzoaren ondoan daude badaezpada. 

Ostiral goizean Ziordia inkomunikatuta zegoen. Alde batetik, uholdeak dauden bakoitzean autobia azpiko pasa beti urpean gelditzen da. Arruazun ez bezala, han Nafarroako Gobernuak ez zuen ura ateratzeko punparik jarri eta, horregatik, euriteak daudenean ziordiarrak sarrera-irteera horretaz ahaztu egiten dira. Bestetik, mendebaldeko sarrera ere urpean zegoen errekak gainezka egitean. Baso lanetan aritzen diren Perez anaiek garabiaren laguntzaz errekaren ibilgua itxi zuten enbor eta adarrak kendu zituzten. Urak bere bidea hartu zuen eta uholdea txikitzen joan zen. Ostiraleko 09:00etarako ziordiarrek herriko sarrera nagusia zabalik zuten. 

Kalteei dagokienez, herritik gaztelura joateko egurrezko zubia aurretik eraman zuen urak. Txipudian bankuak eta harlauzak mugitu ditu. Hango jolas parkeko txirrista gaztelu ondoan agertu zen. Urak hartutako kaleak guztiz lokaztuta gelditu ziren eta haiek garbitu behar izan ziren. Dermioko bideetan ere kalteak eragin ditu urak. Bestalde, Dona Maria eta Mirari auzoetan zorua eta sareak berritzeko lanak egiten ari dira. Haiek urpean gelditu ziren. Baina nahikoa aurreratuak zeuden eta ez zuen aparteko kalterik eragin. Galtzada harriak jartzeko zeuden eta asteartean zabaldu zuten asfaltoa. Azken asteetako euriteengatik ez balitz lanak lehenago despedituta leudeke.