Astekaria

Bilboko Begoña hilerritatik etorri dira 36ari buruzko berriak

Guaixe 2022ko mai. 24a, 08:42

Olatzagutian 1936an hildakoen omenezkoa oroigarria. ARTXIBOA

Bilboko Begoñako hilerriko hobitik berreskuratu dute Lucas Galvete Gainza zenaren gorpuzki. 

Bilboko kanpo santuko hobi batetik 1936ko estatu kolpearen ondoren sortu zen gerran hildako 46 pertsonen gorpuzkiak berreskuratu zituen Arantzadi zientzia elkarteak. Ordura arte haietako 42 non zeuden lurperatuta ez zen jakina. Aranzadi zientzia elkarteak identifikazio lanei ekin zion eta Eusko Jaurlaritzaren Gogora institutuak antolatutako ekitaldian, astelehenean, bost gorpuzkiri izen abizenak jarri dizkiotela azaldu zuen Beatriz Artolazabal Albeniz Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak. Identifikazioak egiten hobian opatutako bost identifikazio xaflek lagundu dutela azaldu zuen. 

Hala, 29.958 zenbakia duen plakari esker Lucas Galbete Ganuza zena ezagutu zuten. Olaztiarra, Valentina eta Franciscoren semea, 1904ko maiatzaren 22an jaio zen. Ezkongabea zen. 1936ko estatu kolpearen ondoren herritik ihes egin eta errepublikaren alde borrokatu zen. Gogora institutuak zehaztu duenez, CNTko 36. Malatesta batailoi anarkistan borrokatu zuen. 1937ko garagarrilaren 14tik 18ra Bilbo inguruko Artxanda mendian izandako borroketan hil zen. Artolazabalek azaldu zuenez, dokumentazio historikoaren bidez egindako hasierako identifikazio horren ondoren, DNA laginak hartu eta gorpuzkiekin erkatu ondoren, identifikazio genetikoa egingo da. Hobitik ateratako beste 37 pertsonen identifikazioan aurrera egin ahal izateko, Gogora Institutuak 64 familiarekin du harremana, eta horien kasuak bat datoz identifikatu nahi diren biktimenarekin. Identifikazioa errazteko batzuk dagoeneko DNA laginak eman dituzte, besteak bidean daude.