1936ko estatu kolpea eta berehala erail zituzten gizonezkoen gorpuzkiak Otsaportilloko lezean zeudela jakina zen. Aranzadi zientzia elkarteko kideak bitan izan ziren han haiek ateratzen. Aurreneko aldian metalezko kutxan eta lurrean zeuden gorpuak jaso eta bost pertsona identifikatzeko aukera izan zen. Bigarrenean, propio botatako legar pila baten azpian beste bi gorpuzki opatu zituzten. Haietako bat Miguel Vergara Bereau olaztiarra zen. Hezurdura guztia berreskuratu zuten Aranzadikoek; buru-hezurrean tiroaren zuloa zuen.
1906an Arantzan jaio zen eta senide batek 18 urterekin Olatzagutira lanera ekarri zuen. UGTko kidea zen Vergara. 1936an militarrek estatu kolpea eman zutenean beste hainbat olaztiarren modura Vergararen senideak herritik hanka egin zuen, baina ez bera, uste baitzuen ez zuela ezer txarrik egin. Kolpisten-zaleek ez zuten hala pentsatzen eta 1936ko agorrilaren 28an Otsaportillon hil zuten. Hil zutenean 30 urte zituen eta alarguna utzi zuen. Eta Arantzatik Olatzagutira lanera ekarri zuen senide hura betiko kezkarekin gelditu zen: berak ekarri zuela herrira eta beregatik hil zutela.
Olatzagutiko Udalak eta Olazti Memoria taldeak antolatu dute ekitaldia. Halakoetan ohi den bezala, Nafarroako Gobernuko ordezkariak eta Arantzadi zientzia elkarteko kideak izanen dira.