Haizkan taldearen kontzertua

Guaixe 2022ko ira. 30a, 11:31

Haizkan taldea kontzertu batean. UTZITAKOA

Talde urdiaindarra Tirokatuak eta Galtza Gorriak taldeekin batera irailaren 30ean, ostirala, ariko dira Maisuenea Gaztetxean. 

San Migel festak direla eta, Olaztiko Maisuenea Gaztetxean kontzertuak izanen dira irailaren 30ean, ostirala, 23:30etik aurrera. Tirokatuak, Galtza Gorriak eta Haizkan taldeak ariko dira. Haizkan hirukote urdiaindarra bere lehenengo abestia kaleratu zuenetik ez da gelditu. Udan zehar hainbat kontzertu eman dituzte, azkenekoa Altsasuko festetan. 

Goierritik etorriko da Tirokatuak taldea. 2021ean Lazkaoko Unax Nabarrok eta Ataungo Udai Ramirezek eta Aratz Lasak sortu zuten, eta haien lehenengo taldea da. Esperientzia berri bat bizitzeko gogoa zuten. Batez ere Oi! musika jotzen dute, baina punka, rock and rolla edota hardcorea ere nahasten dituzte. Abestiak sortzen hasi dira, eta kontzertuetan gehien bat bertsioak jotzen dituzte. 

Galtza Gorriak Tafalla aldeko Basoko Ska talde bat da. Bi disko kaleratu dituzte, Basoko Doinuak 2017an eta Garunaren Itzalean 2020an. Sare sozialetan azaldu dutenez, Olaztiko kontzertua berezia izanen da martxora arte ezinen dutelako kontzerturik eman. 

Erlazionatuak

Urdiaingo lokaletik

Erkuden Ruiz Barroso 2022 mai 24 Urdiain