Aniztasuna normalizatzen

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko aza. 1a, 15:21

'LGTBIfobia kirolean errealitate bat da' dokumentalaren aurkezpena Olaztin. @BERDINTASUNAS

'LGTBIfobia kirolean errealitate bat da' ikus-entzunezkoa mustu zuten ostiralean, Olaztiko kultur etxean, Urri Trans programaren barruan. Sakanako Mank-ek eta Kattalingunek abiatutako galdetegiaren ondorioak kaleratzen ditu.

Sakanako kirolean LGTBIQ+ kolektiboaren errealitatea ezagutzeko, Sakanako Mankomunitateko Ariketa Fisiko eta Kirol zerbitzuak eta Nafarroako Gobernuko Kattalingune LGTBI zerbitzuak proiektu bat martxan jarri zuten urtearen hasieran. Horretarako kolektiboaren parte identifikatzen ziren pertsonek galdetegi bat erantzun behar zuten. Galdetegi honetan kirolaren edozein alorretan homofobia kasurik bizi edo ikusi zuten, aurreiritziei aurre egin behar izan dioten eta abar galdetzen zen. Ondoren, proiektuan Berdintasun zerbitzua sartu zen ere.


Film dokumentalaren mustutzea Olaztiko kultur etxean. @BERDINTASUNAS

Herritarrek inkestan emandako "iritzi eta ikuspuntuekin" sentsibilizazio dokumental bat sortu dute: "LGTBIfobia kirolean errealitate bat da". Urriaren 28an Olaztiko kultur etxean aurkeztu zuten, Urri Trans programaren barruan. Ondoren, gerturatutakoen artean eztabaida sortu zen, eta Dekumas taldeko argazki erakusketa eta auzatea izan zen ere.. Transexualitateaz sentsibilizatzeko programa igandean amaitu zen, Meri, Mari eta Lari antzezlanaren emanaldiarekin, Etxarri Aranatzen.


'Meri, Mari eta Lari' antzezlanaren emanaldia Etxarrin. @BERDINTASUNAS

Ikus-entzunezkoa Javi Galeano altsasuarrak sortu du. "Jendearen erantzun horiek bisualizatzen ditu bideoak". Erakdeen artean erantzunak amankomunean jartzeko bilera batean "makinatzen" hasi zen Galeano, eta herritarrek gaia ongi ulertzeko "zenbait puntu" atera behar zirela pentsatu zuen; besteak beste, LGTBIfobia kirolean errealitate bat dela erakustea, LGTBIfobia kasuak izan diren, aldagelen gaia... "Normalean ikusten ez dena ikusiko da ikus-entzunezkoan".

Sarrigurengo mutiko transexual bat eta Iruñerriko neska transexual bat ateratzen dira. Baita Juantxu Zabala Altsasu institutuko ariketa fisikoko irakaslea, Olaia Eizagirre Etxarri Aranazko pala jokalaria eta Iñaki Rubio igelari eta dantzari altsasuarra ere. "Kasu batzuetan Sakanatik kanpora joan behar izan gara ez genuelako parte hartzeko prest zegoen jendea aurkitzen". Dabid Oroz Sakanako Mankomunitateko presidenteak instituzioen ikuspuntua ematen du. Entrenatzaileek, irakasleek eta politikariek gai honetan trebatzea "beharrezkoa" dela ondorioztatu dute. Futbola agertu "behar" zenez, Sakanako jendea agertzea saiatu ziren, eta bideoan futboleko irudiak agertuko direla esan du Galeanok. Baita futbolariek esandako "zenbait hitz klabe" ere.


Dokumentalaren une bat. JAVI GALEANO

Errealitatea
Kirolean "mugimendu eta genero aniztasun handia" dagoela ondorioztatu du Galeanok. "Ez da gizarteratzen dagoen mugimendu guztia, jendeak ez du ikusle bezala parte hartzen". Esaterako, Eizagirrek jokatu zuen Masters pala txapelketan publiko gutxi zegoela iruditu zitzaion, "eta oso ongi egon zen. Harrigarriak iruditu zitzaizkidan partidak". Ikus-entzunezkoaren egilearendako kirol "testosternikoak eta maskulinoak" indar gehiago dute lehia oinarritzen direlako. "Nire ustez ez da dena irabaztea. Badago jendea bere taldea galtzen ari bada partidutik joaten dena. Geratu zaitez nola saiatzen diren buelta ematen ikustera. Ez da bakarrik zer jokatzen duten, baizik eta nola jokatzen duten".


Dokumentalaren une bat. JAVI GALEANO

LGTBIfobia kirolean errealitate bat da ikus-entzunezkoaren bidea ez da erraza izan. Uztailean kaleratzea aurreikusten zuten, baina hainbat arazo sortu dira ibilbidean, eta azkenean Urri Trans programaren barruan sartu dute. Uztailaren 18rako, LGTBIfobiaren kontrako egunerako, kirolari ospetsuekin osatutako bideo labur bat publikatu zuten, "amu" moduan. Hamar minutuko "zerbait" izan behar zena, denborarekin ordu erdiko film labur bat bihurtu da. Lilasterketan hasi zen grabatzen Galeano.

Bideoaren helburua Sakanan kirolean dagoen aniztasuna normalizatzea da, "dibertsitatea existitzen dela eta kirolean dagoela". Xede hori "nahikotxo" badela esan du Galeanok. "Ondorioztatu dugun beste gai bat tradizioa da. Oso barneratuta ditugu tradizioak, eta hauek garaiko moralera eta bizimodura moldatu beharko lirateke". Oraindik 2000 urteko "ohitura eta sinesmen heteropatrialkal" asko daudela esan du Galeanok: "Egiten jarraitzen dugu bakarrik tradizioak izateagatik". Bestetik, Kattalingune zerbitzuaren lana ezagutarazi nahi da ere.

Olaztiko mustutzearen ondoren bideoa sarean jartzea aurreikusten dute, eta ondoren ikastetxetan "eztabaida" sustatzeko erabilgarria dela esan du Galeanok.

Trailerra

Erlazionatuak

Errealitatea azaleratzen

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2022 urr 24 Lakuntza