Objektu pila elkartasun azokarako

Guaixe 2023ko abe. 15a, 14:55
Joseba Vizuete alkatea, Begoña Zestau gizarte hezitzailea eta Juan Pedro Higuero Sakanak Harrera Haranako kidea.

Jasotako dirua Iruñerriko Elkarri Laguntza gobernuz kanpoko erakundearendako izanen da. Azokan sakandarren elkar ezagutza sustatzeko txokoak izanen dira ere. 

Giza Eskubideen Nazioarteko eguna izan zen abenduaren 10ean. Hilaren 18a, berriz, Migrazioen Nazioarteko Eguna da, "giza eskubide unibertsala da, baina errealitateak esaten digu pertsona batzuendako urratu den beste eskubide bat dela". Hala adierazi du Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuko gizarte hezitzaile Begoña Zestau Baraibarrek. Olatzagutiko elkartasun azoka bi data horien artean, abenduaren 17an eginen da, domekan, 12:00etatik 14:00etara, herriko frontoian. Sakandar guztiak azokatik pasatzera gonbidatu dituzte. 

Azoka jendearen topalekua bihurtuko da, "elkar ezagutzeko hainbat txoko izanen da azokan". Frontoitik pasatzen denak salmentarako postuaz aparte gauza gehiago ere opatuko ditu: pintxoen txokoa, ama hizkuntzena, Elkarri Laguntza erakundearen standa, hausnartzeko txokoa eta jolaserako txokoa.

Helburuak
Olaztiarrek elkartasun azokarako egoera onean dauden makina bat gauza eman dituztela aurreratu du Zestauk. "Oso modu onean, merke, salduko dira jasotako gauzak". Jakinarazi duenez, hainbat helburu bilatzen dituzte: "gizartean dugun kontsumoaren inguruan hausnartzea da helburuetako bat. Bestetik, egoera onean dauden gauzei bigarren bizitza bat eman nahi zaie. Aldi berean, ekonomia egoera zaurgarrian dauden pertsonei elkartasuna adieraztea, eta erraztea egoera onean dauden gauzak eskuratzen". 

Emandako objektuen salmentatik ateratako dirua Iruñerriko Elkarri Laguntza elkarteari emanen diote. "2008ko krisiaren ondorioz, etxe gabetze ugari izan zen eta Hipotekak Kaltetutako Plataformatik sortu zen. Gaur egun jatorri anitzeko 300 bat familia laguntzen ditu. Gainera, gazte mordo bat dago Iruñerrian etxerik eta babesik gabe. Horiek laguntzen ditu", azaldu du Zestauk. Aldi berean, gogorarazi du bi erakundeen arteko elkarlana aspaldikoa dela.  

Anitzarteanek eta Sakana Harrera Haranak antolatu dute Olatzagutiko elkartasun azoka, udalarekin eta eskolaren laguntzaz. Hainbat boluntarioren laguntza izanen dute. Aurretik errefuxiatuen inguruan elkartasun azokak ere antolatu izan dituzte herrian.