Mitologiako pertsonaia bati, Mari Arrokari harrera eginez abiatuko dira aurten ere Olatzagutiko ihoteak. Zamar handiak, zamar txikiak, neskak, alkatea, apaiza, medikua, almiltea eta basozaina eta beste hainbatek osatutako ihote segizioak segida emanen dio ihote ospakizun olaztiarrari. Haiekin batera Asturiastik etorritako Sieroko Valdesoto herriko sidro pertsonaiak eta komediakoak izanen dira. Astearte ihoteko haur ihoteak eta akaberako hiri ihoteak osatzen dute neguko ospakizunaren ardatza. Ihote egitaraua Olatzagutiko Udalak, Maisuenea gazte asanbladak eta Olatzagutiko Ihote Elkarteak antolatu dute.
Otsailaren 10ean ospatuko duten herri ihoteetan parte hartzeko udalak larruak banatuko ditu ilbeltzaren 29etik otsailaren 9ra arte, 09:00etatik 14.00etara. 13 urtetik gorakoek lehentasuna izanen dute, gazteen eta helduen parte hartzea errazteko. Larruak harzteko fidantza 20 eurokoa izanen da.
Bestetik, otsailaren 10eko, herri ihoteetako, bazkarian parte hartzeko helduek 15 eurotan eta 12 urtera arteko umeek 12 eurotan eros dezakete txartelak ohiko tabernetan. Menua babarrunak sakramentuekin, torrijak, kafea eta kopa izanen da. Txotx egonen da ere. Txartela otsailaren 6tik aurrera eskuratzen dutenek 20 euro ordaindu beharko dituzte.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ez dira arduratuko herri ihotearen ibilbidean egon daitezkeen ezbeharrez. Herri ihotean txarangari lurra ez botatzea eskatzen dute.
Otsailaren 8tik 17ra arte balkoiak apaintzeko II. lehiaketa antolatu dute ere. Etxeak, balkoiak edota leihoak apaintzeko edozein material eta teknika erabil daiteke, eta lana originala izan beharko da. Parte hartzeko udaletxean, herrian zehar dauden zerrendetan edo olaztikoihoteak@gmail.com epostan eman behar dute izena otsailaren 7ko 00:00ak arte. Epaileak otsailaren 10ean, 12:00etan, lehiaketan parte hartzen duten etxeak, balkoiak eta leihoak ikustera eta argazkiak ateratzen joanen dira. Sariak apaindutako etxe hoberenari 150 euro, apaindutako balkoi hobernari 100 euro eta leihoari 50 euro izanen dira.
Otsailaren 17ko hiri ihoteko mozorro lehiaketan parte hartzeko izena eman behar da 699 63 51 87 telefono zenbakien Whatsapp mezu bat bidaliz, otsailaren 15 baino lehen; mezuan izen-abizenak, nortasun agiria eta parte hartzen duen taldearen edo pertsonaren identifikazio izena aipatu behar dira. Oinarriak Olaztiko Udaleko webgunean daude.
Olatzagutiko ihoteak
Otsailak 9 ostirala
Mari Arroka
19:30 Mari Arrokari ongi etorria, San Sebastian ermitan. San Migel plazaraino joanen dira.
Ondoren pintxo potea gaztetxean. Maisuenea gaztetxeak antolatuta.
Otsailak 10 larunbata
Herri ihotea
13:00 Bermuta Valdesotoko gaitariek alaitua.
14:30 Herri bazkaria, frontoian. Ondoren, bertan janzteko aukera.
18:30 Ihote segizioaren kalejira, areto futboleko pistatik. Inauteri gonbidatua Asturiasko Sieroko Valdesotoko sidroak eta komediak da.
Ibilbidean zehar gazta, salda eta ardo banatuko da.
20:30 Kintoek zortzikoa dantzatuko dute, La Cigarra txarangak lagunduta, San Miguel plazan.
23:00 Zazpizar Erromeria, gaztetxean.
23:30 Nead dj, Barandi tabernan.
Otsailak 13 asteartea
Haur ihotea
17:00-18:30. Merienda eta festa Dj Kaktusekin ludotekan. Sarrera libre.
Otsailak 17 larunbata
Hiri ihotea
12:00 Mozorrotuen karrozen irteera, areto futboleko pistatik.
14:30 Herri bazkaria, frontoian.
17:00 - 19:30 Los Pasai txaranga.
19:00 - 23:00 Xaiborrekin dantzaldia.
20:00 Mozorroen lehiaketako sariak, dantzaldian.