Olazti Natura taldearen jardunak ez du etenik

Guaixe 2024ko ots. 8a, 11:00
Erle polinizatzaile bakartiendako hotela egiten. OLAZTI NATURA

Gaueko hegazti harrapakariendako kafiak jarri eta bertako haritz landareekin ari dira.

Neguko oporretan makina bat jarduera antolatu zituen Olazti Naturak. Taldearen deialdiari erantzunez, 15 olaztiarrez osatutako taldea basora joan zen abenduaren 25ean. Haien egitekoa tokiko haritzaren ezkurrak jasotzea izan zen. Ernamuinduta zeudenak tetrabrik ontzietan landatu zituzten. Eta ontzi horiek guztiak herriko eskolara eraman zituzten, ikasleek zain ditzaten. Helburua da landareak haztean landatzea. Bide batez, jarduera horrekin ikasleak ingurumen gaietan kontzientzia hartzen dute. 


Olaztirrak basora, ezkur bila. UTZITAKOA

Hori ez da Olazti Naturak eskolarekin elkarlanean egin duen jarduera bakarra. Abenduaren 5ean ikasleek ertzetan zulo pila zituzten enbor zatiak margotu zituzten. Horiekin erle polinizatzaile bakartiendako hotelak egin zituzten Olazti Naturako kideak abenduaren 26an. Horiek jarrita, erle bakartiei bizitokia eskaini nahi diete, eta gaztigatu gero eta intsektu gutxiago daudela. 


Olazti Naturak hontzendako jarritako kafi kutxa. UTZITAKOA

Hegaztiei dagokienez, urubi eta mozoloendako kafi kutxa bana jarri zituzten herrian, eta hontzarendako beste bat Altsasun. Azkenik, hegazti txikiendako jaki energetikoa egiten ikasteko tailerra egin zuten. Hamarna helduk eta haurrek parte hartu zuten.