egitaraua

Mari Arrokaren deiaren zain Olatzagutian

Guaixe 2025ko ots. 24a, 12:49

Zamar handiak eta txikiak 2024ko Olatzagutiko ihoteetan. ARTXIBOA

Otsailaren 28an, ostirala, Mari Arrokak Olatzagutiko ihoteei ongi etorria emanen die. Martxoaren 1ean, larunbata, herri ihoteak izanen dira, 4an, astearte inauteri eguna, haur ihoteak, eta 8an, larunbata, hiri ihoteak edo karrozak.

Mari Arroka jainkosak, haren suzko igitaiarekin, hasiera emanen die hiru eguneko Olatzagutiko ihote ospakizunei. Otsailaren 28an, ostirala, izanen da Mari Arrokaren iritsiera. Egun berean, 20:00etan, Olaztiko ihoteen komikiaren aurkezpena eginen dute, kultur etxean. Martxoaren 1ean, larunbata, zamar handi, zamar txiki, neska eta herri ihoteetako bestelako pertsonaien eguna izanen da.

Neskak, zamar handiak eta zamar txikiak dira Olatzagutiko ihoteetako pertsonaia nagusiak. Neskek ohegaineko bat eramaten dute, tolestuta, bai kapa sortuz. Buruan saski bat daramatzate, koloretako zintekin aurpegia estaltzen zaiela. Elizari aurre egiteko modu bat zen hau, izan ere, saskia mezarako erabiltzen zuten. Zamar handiak bi narru daramatza, buruan ipurukoa, eta beheko aldean gona bat. Gurdi bat eramaten dute eta bertan lurra eta hautsa eramaten dute eta jendeari botatzen diote. Zamar txikiek narru bakarra daramatzate sorbaldan, eta behean mahoizko prakak; aurpegia beltza eta estalita eramaten dute, eta jendea zikitzen saiatzen dira. Segizioan ere alkatea, apaiza, medikua, almiltea eta basozaina joaten dira. Aurten irteera Neska eskulturatik eginen dute.

Narrurik ez izan eta ihotean parte hartu nahi dutenei laguntzako udalak bereak banatuko ditu otsailaren 24tik 28ra, 09:00etatik 14:00etara. Pertsona eta familia bakoitzeko narru bakarra banatuko da, eta lehentasuna izanen dute 13 urtetik gorakoei eta helduei. Hartzen duenak 20 euroko fidantza jarri beharko du.

Martxoaren 1ean herri bazkarian bilduko dira zamarrak, neskak eta bestelako pertsonaiak, eta bertan parte hartzeko txartelak Ogi Berri, Clinker, Barandi, Aixeleku eta Eguzkilore tabernetan eros daitezke, 20 eurotan helduak eta 12 urtera arte 15 eurotan, otsailaren 26ra arte. Ihote menua izanen dute: babarrunak sakramentu guztiekin, mamia edo izozkia eta kafea eta kopa.

Ihote Elkarteak estreinakoz torrada txapelketa antolatu du. Parte hartu nahi duenak ohiko tabernetan eman behar du izena eta egunean bertan, martxoaren 1ean, 13:00etan, aurkeztu beharko ditu frontoian. Gutxienez hamabost torrada eraman beharko dira. Gazta bat eta bi gazta erdi izanen dira sariak, lehenengo eta bigarren eta hirugarren irabazleei, hurrenez hurren. Balkoiak apaintzeko deia egin du elkarteak ere. 

Martxoaren 4an haur ihoteak ospatuko dituzte, eta 8an, larunbata, hiri ihoteak edo karrozak izanen dira. Lehiaketan parte hartzeko izena bidali behar da 699 63 51 87 telefonoaren Whatsappera martxoaren 5a baino lehen. Bertan izen-abizenak eta NA adieraziko dira, baita parte hartzen duen taldearen edo pertsonaren identifikazio izena ere. Olaztiko Udalaren webgunean daude txapelketaren oinarriak. Arratsaldean, emanen ditzute sariak.

2025eko Olatzagutiko ihoteak

Otsailak 28 ostirala

19:30 Mari Arroka, San Migel plazan.

Martxoak 1 larunbata

Ihoteak

13:00 Sakanako trikitixek alaitutako bermuta.

14:30 Herri bazkaria eta torrada txapelketa, frontoian.

18:30 Irteera, 'Neska' eskulturatik. Ibilbidean zehar gazata, ardoa eta salda.

20:30 Kintoek zortzikoa dantzatuko dute, Lasko txarangarekin, San Migel plazan.

Martxoak 4 asteartea

Haur ihoteak

17:00 – 18:30 Merendola eta dikofesta, Akelarre ludotekan (sarrera librea).

Martxoak 8 larunbata

Karrozak

12:00 Karrozen irteera.

17:00 - 19:30 Pasai txaranga.

19:00 - 23:00 Joselu Anaiak taldearekin dantzaldia.

20:00 Mozorroen lehiaketako sari banaketa, San Migel plazan. 


2024ko Olatzagutiko hiri ihoteak edo karrozak. ARTXIBOA

 

Erlazionatuak