Pilota

Urbasako frontoia berritzeko eskaera Parlamentura iritsi da

Guaixe 2026ko uztailaren 21a

Unai Hualde, Urbasako Frontoi Auzolan taldeko Carlos Garcia eta Gonzalo Moranekin. PARLAMENTUA

Urbasako Frontoi Auzolan Taldeko ordezkariak hartu zituen Unai Hualde Iglesias parlamentuko presidenteak. Hualdek jasotako informazioa Parlamentuko taldeei helaraziko die.

Urbasako Amaia frontoia zaharberritzea du helburu Urbasako Frontoi Auzolan Taldeak. Bi taldekide, Carlos Garcia Iñiguez eta Gonzalo Moran, Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualde Iglesiasekin bilera izan zuten astelehenean, garilak 20. 

Bileran, García Iñiguezek eta Moránek lehendakariari adierazi zioten Nafarroako Gobernuarena den Amaia frontoia hondatuta dagoela mantentze lanik egin ez delako hamarkadetan. Aurretik asko erabiltzen zela jakinarazi zioten eta pilotalekua beritzeko proposamena helarazi zioten (400.000 euroko kostua).

Esandakoak
Urbasako Frontoi Auzolan Taldeko kideek azaldu zutenez, taldea Urbasa-Andia natur parkearen inguruko herrietako biztanleek sortu zuten 2024an. Bi helburu dituzte: Amaia frontoia kontserbatzen laguntzea eta Nafarroako Gobernuari frontoia zaharberri dezan eskatzeko. “Pilota sustatzen lagundu ohi duen azpiegitura publiko hori berreskuratu nahi dugu; izan ere, landa ingurune eta natural horretan, pilota beti izan da Urbasako tradizioaren eta balioen parte, eta horri esker, hain zuzen ere, izendatu dute parke natural”, esan zuten Garcia Iñiguezek eta Moranek.

Taldeko kideek Hualderi jakinarazi ziotenez, administrazio-baimenak lortuta, frontoia garbitzeko eta ixteko lanak egin dituzte auzolanean, pilotalekua hein batean egokitzeko, pilota eskolek antolatzen dituzten partidak jokatu ahal izan daitezen bertan. Gaineratu zutenez, haien eskaerak zenbait gizarte eta kirol taldek idatziz babestu dutela, baita Sakanako Mankomunitatea, Ameskoako Limitaciones mendiko Batzarra eta Andiako Mankomunitatearena ere. Hori dela eta, instituzioei laguntza eskatu zieten, herritarrei “erabiltzeko eta gozatzeko espazio bat” itzultzea ahalbidetuko lukeen erreforma egin ahal izateko, “zeina historian zehar hori ez besterik izan baita”.

Interesgarria
Hualdek esan zuenez,  ekimena “interesgarria da gure-gurea den kirol bat, pilota, eta ingurune natural bat, Urbasa, uztartzeko”. Informazioa Parlamentuko taldeei helaraziko ziela jakinarazi zuen eta taldeei iradoki dakiekeela bisita parlamentario bat egin litekeela frontoia eta ingurune berezi hori bertatik bertara ezagut dezaten.