Cementos Portland Valderrivaseko (CPV) langileek kontzentrazioa egin zuten maiatzaren 28an. Haren bidez enpresa batzordeak salatu zuen enpresak zazpi lankideekiko jazarpen eta beldurrarazte kanpaina martxan zuela. Guztiek laborategian lan egiten dute eta produkzio prozesuaren kalitateaz arduratzen dira. Langile horietako seiren iritziz, egiten duten lanagatik maila altuago bat aitortu behar zaie: B analistak.
Langileek zuzendaritzarekin aldaketa negoziatzen saiatu ziren, baina uko egin zionez, banaka epaitegira jo zuten. Maiatzetik egoera ez da aldatu. Horregatik, enpresa batzordean gehiengoa duen ELA sindikatuak deituta, gaur, ostirala, lastailak 16, 10:00etan kontzentrazioa eginen dute lantegira daraman bidean. Nahikoa da xantaiekin. Aski da leloa izanen du bilkurak.
Enpresaren helegiteak
Porlandegiko enpresa batzordeko ELAko kideek zuzendaritzari eskatuko diote "hitzartuta eta negoziatuta dagoena bete" dezala. "Orain arte izan diren epaiketa guztiak langileek irabazi dituzte. Baina enpresak helegiteak aurkeztu ditu", azaldu dute porlandegiko ELAko delegatuek. "Langile bati, dagoeneko, epaiketan eta helegitearen aurrean arrazoia eman diote. Epaileek guztian arrazoia eman diote: lan kategoria altuago batean dago bere lanpostua eta, beraz, soldata handiagoa jaso behar du. Eta epaileek bere lanpostua laborategian dagoela berretsi dute, eta hara bueltatu behar duela. Eta, gainera, enpresari falta larria jarri diote".
Izan ere, epaitegira jo duten langileak lanpostuz aldatu zituen enpresak. Edo ez zieten txanda kontratua egiten utzi, nahiz eta lan hitzarmenean jasoa egon eta baldintzak bete. Horregatik, epaileek bi arlo horiei buruzko ebazpenak ematen ari dira epaiak. ELAko kideek jakinarazi dutenez, "beste lau langileri epaileek arrazoia eman zieten, enpresak helegiteak aurkeztu zituen eta horiek ebazteko daude". Helegite horietako hiru langileen maila aldaketarekin lotuta dago eta bestea lanpostuz aldatu izanagatik. Azaroaren 2an beste bi epaiketa izanen dira.
Udaberriko protesta bilkura enpresa batzordeak deitu zuen. Langileen ordezkaritza ELAko 6 ordezkarik eta UGTko 3k osatzen dute. Oraingoan ELAk besterik ez du deitu.