Bide Ertzean taldearen kontzertuak 36ko ekitaldiak itxiko ditu

Guaixe 2007ko urt. 26a, 00:00
Lehenengo ekitaldia larunbatean izan zen, Iortia Kultur Gunean. Iortiako gela txikia bete zuten 97 pertsonek  Helena Taberna zinemagile altsasuarrak 1994an grabatutako Recuerdos del 36 dokumentala ikusteko aukera izan zuten lehenik eta behin. Dokumentalak 1936ko altxamenduak Altsasun sortutako egoera aztertzen du, eta besteak beste, altsasuarren testigantzak, Tuñon de Lara historialariaren adierazpenak eta altxamenduaren bezperan Altsasuko abade izendatu zuten Marino Aierraren inguruko gogoetak jasotzen ditu. Aierra Tabernaren senitartekoa izan zen eta zinemagile altsasuarrak beti izan du 36aren inguruko interes berezia. Dokumentala ikusi ondoren Helena Tabernak berak lanari eta garaiko gertaerei buruzko azalpen guztiak eman zituen. Ekitaldian egon zirenak mahaingurua oso interesgarria jo zuten, gerrate zibileko garai eta pasarteak errepasatu baitzituzten eta Tabernak luze eta gustura hitz egin baitzuen. Taberna bere hurrengo lana prestatzen ari da, La buena nueva, hain zuzen ere Marino Aierrak idatzitako No me avergoncé del evangelio liburuan oinarritutakoa. Bide Ertzean: Non diraImanol Ubeda, Joni Ubeda, Fran Iturbe, Karlos Aranzegik eta Joserra Senperenak osatzen dute Bide Ertzean taldea, eta haien 7. diskoa kaleratu berri dute, Non dira izenekoa. Ubeda anaien taldeak Espainiako Gerra Zibila eta gerraostea kontzeptuen inguruan osatu dute euren lana, oso gertutik bizi baitzuten egoera hori. Euren azken lanean oinarritutako kontzertua bihar, ilbeltzaren 27an, larunbatean eskainiko dute Altsasuko Iortia Kultur Gunean, 20:00etan. Sarrerak salgai daude. Ubedatarren familia Altsasukoa zen. Jose Ubeda Sanchez birraitona epaitegiko langilea eta UGTko kidea zen, eta Jose Ubeda Apaolaza aitona, berriz, tren geltokiko langilea eta CNTko kidea. Gerra hasi eta berehala Ubedatarren birraitona preso hartu eta Urbasan fusilatu zuten. Aitonak, berriz, Altsasutik hanka egin behar izan zuenetako bat izan zen. Etxekoek ere erbestera jo zuten. Gerrako frontean ibili eta espetxean zein kontzentrazio esparruetan egon ostean, desagertu egin zen. Oraindik ere ez dakite non dagoen lurperatuta. Bere aztarnaren bila hasi zirenean piztu zitzaien gerrate zibilaren eta gerraostearen inguruko diskoa egiteko ideia.