Abiadura Handiko Trena gelditzea eskatu dute

Guaixe 2007ko mar. 9a, 00:00
Hainbat talde, alderdi eta sindikatu biltzen dituen plataformako kideek komunikatu bat irakurri zuten, "inposatu nahi diguten garapen eredua, euren eredua" kritikatuz. "Bizitza kalitatea hobetu eta gizarteak aurrera egin dezala nahi dugu, baina protagonistak pertsonak, gizartea, Euskal Herria, txikitutako Izurdiaga herria edo Sakana izatea; finean garapen jasangarria nahi dugu" azaldu zuten. Bestalde, Abiadura Handiko Trenaren makroproiektuaren inguruan dagoen gardentasun eza eta informazio falta salatu zuten eta bi eskakizun nagusi egin zituzten: gai honen inguruan parte hartze eta eztabaidarako bideak ireki ditzatela, proiektuaren kontra daudenek ere parte har dezaten; eta kontzejuen edo udalen bidez herritarrek informazioa jaso ondoren, gizartea kontsultatua izan dadila, beti ere erabakiak hartzeko ahalmenarekin. "Ez dugu inposiziorik nahi, eta Nafarroako Gobernutik eta Nafarroako Parlamentutik -talde politiko guztiak Abiadura Handiko Trenaren alde baitaude-aurkezten zaizkigun gertakari kontsumatuen politika errefusatzen dugu" gaineratu zuten. Bestalde, Abiadura Handiko Trenaren kontra egiteagatik Bilbon eta Gasteizen epaiketaren zain dauden herritarren egoera salatu zuten. Bukatzeko, Izurdiaga eta Sakanako herritarrei deia egin zieten euren udaletan edo administrazioan gaiaren inguruko informazioa eskatzeko eta "Abiadura Handiko Trenaren inposizioaren kontra deituko diren mobilizazioetan parte hartzeko". Euskal Y-a eta Nafarroako korridorea batzeko alternatibak"Oraindik ez dakigu Nafarroako korridorea eta Euskal Y-aren arteko lotura egiteko zein trazatu aukeratuko duten, baina momentuz dakiguna da konexio hori Bizkai mendia zeharkatuz Izurdiagatik eginen dela. Horregatik egin dugu ekitaldi hau Izurdiagan" azaldu zuen plataformako kide Fernando Iriartek. Izan ere, Euskal Y-a eta Nafarroako korridoreak Tolosan batzeko bi alternatiba daude. Lehenean, E izenekoan, Abiadura Handiko Trena Zuastitik barna Izurdiagara sartuko litzateke, eta Aralar pean Arakilen barna Lakuntzara heldu, Aralar menditik kilometro bateko tunela eginaz, eta gero Lizarrusti eta Altzania bitartean 5,1 kilometroko tunel bat eginaz, Gipuzkoara heltzeko. Sakanan Arakil, Irañeta, Uharte Arakil, Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Ergoiena eta Etxarri Aranatzen izango luke eragina. Bigarren alternatiban, F izenekoan, Zuastin barna Izurdiagara heldu ondoren, Hiriberri Arakil parean 11 kilometroko tunela eginen litzateke Aralar zeharkatuz, Beteluraino. Azkarateko lepoaren azpian 4 kilometroko tunela eginen litzateke Tolosara heltzeko. Arakil, Larraun, Betelu eta Araitzen izango luke eragina. AHT-ren kontrako plataformaren iritziz lan hauek inpaktu ekologiko eta hidrologiko handiak izanen lituzkete. "Bi alternatibek Aralarren duten ingurumen inpaktua handia da oso, eta horregatik 1992. urtean atzera bota zituzten" gogoratu zuten. Informazio gehiago jasotzeko AHTren kontrako plataformak www.sindominio.net/ahtez web orria du martxan. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak hirugarren alternatiba bat proposatu zuen: AHTren lotura Aralar eta Aizkorri-Aratz natur parkeen arteko pasabidea erabiliz egitea. Hau da, Altsasutik barna Ezkio-Itsasoraino. Han bi adarren lotunea egitea proposatu zuten. Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioak erabakiko du zein alternatiba onartuko duen Euskal Y-a eta Nafarroako korridorea batzeko. Izurdiagako egoeraAbiadura Handiko Trenaz gain, Izurdiagan beste bi gai daudela zintzilik gogoratu zuen Arakilgo zinegotzi Gema Ezkurrak: Astraingo saihesbidea eta Izurdiagako trenbide-pasagunea. Nafarroako Gobernuak, Renfek eta Sustapen Ministerioak sinatutako hitzarmenak dioenez aurten bukatu beharko ziren Astraingo saihesbidea egiteko lanak. Arakilgo Udalak eskatuta, hainbat zinegotzi duela gutxi bildu ziren Renfeko ordezkariekin eta Herri Lan Departamentuko kontseilariarekin. "Esan ziguten saihesbidea egiteko 11 proposamenak irekiak daudela eta aztertu behar direla" azaldu zuen Ezkurrak, eta  gaineratu  Gulinako aukera hobestearen aldeko adostasuna zegoela Arakilgo Udalean. "Lan handia egin da, kontzejuekin sarritan bilduz, eta sentsazioa dugu hiru urtetan egindako lanak ez duela ezertarako balio" nabarmendu zuen Ezkurrak. Bilera berberean esan omen zieten Izurdiagako trenbide-pasagunea kentzeko gaian momentuz erabakirik ez dagoela, eta Abiadura Handiko Trenaren inguruan "Sustapen Ministeriora jotzeko esan ziguten, eurek, gu bezala, ez zekitelako ezer. Ezer ez badakite, eraiki nahi zuen bizilagun bati zergatik ez zioten eraikitzen utzi?" galdetzen du Ezkurrak.