7 film labur, euskaraz, Irurtzunen

Guaixe 2007ko mar. 16a, 00:00
Topagunea Euskara Elkarteen Federazioaren Kultura Sailak Euskarazko Film Laburren Zirkuituaren laugarren edizioa aurkeztu berri du. Zirkuituaren helburuak euskararen erabilera sustatzea eta euskarazko film laburren produkzioa ezagutzera ematea dira, eta bide batez, herrietako kultur eskaintza aberastea da asmoa. Koldo Almandoz eta Urko MauduitEuskarazko Film Laburren Zirkuituaren 37 emanaldi eskainiko dira Euskal Herrian, eta horietako bat Irurtzunen izanen da, gaur, martxoaren 16an, ostiralean. Aizpea Euskara Taldearen eskutik eta Korrika Kulturalaren egitarauaren barruan Zirkuituko 6 film labur ikusteko aukera izanen da gaur, 20:00etatik aurrera, Irurtzungo Kultur Etxean. Ondokoak izanen dira: Ane Muñozen Loturak, Asier Altunaren Sarean, Ozkar Galanen Xoxoak beleari ipurbeltz, Iñaki Beraetxeren Osaba Jaxinto, Koldo Almandozen Midori eta John Anduezaren Bilintx. Irurtzungo ekitaldian Koldo Almandoz zuzendariak hartuko du parte eta berak egindako lanaren berri emanen du. Gainera, Zirkuitutik kanpo Irurtzungo Urko Mauduitek eta Baztango Joseba Salaberrik sortutako Bic film laburra ikusteko aukera izango da, eta Urko Mauduit bera izango da ekitaldian. Egutegia eta filmen sinopsiak http://www.topagunea.org/filmlaburrenzirkuitua webgunean topatu daitezke. LOTURAK (2007). Ane Muñoz19 minutu. Pedro Ruigómez Momeñek ekoiztua, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzarekin. Jatorrizko bertsioa: euskara. Sinopsia: Peio, hala-moduzko jokozaleak, apustuekiko duen obsesioa muturreraino eramango du, ezagutu berri duen izeba Patxikaren kontura. SAREAN (2005). Asier Altuna35 mm, 4 min. Sinopsia: Iparraldeko itsasoetan gertatzen den arrantzari buruzko dokumental labur bat da. XOXOAK BELEARI IPURBELTZ. Ozkar GalanSinopsia: Beti ere besteengan ikusi nahi dugu gure erruen edo gure bekatuen zergatia, arrazoia eta ispilua. Film labur honek, antzinako ipuin txinatar baten bidez, erakusten digu gauzak ez direla beti gure irudimenak islatzen dituen bezalakoak; bizia, bizi bizirik. Patata pare baten truke, gure amorrua eskaintzeko prest baikaude, nahiz eta hitzbatekin dena konpondu genezakeen. Film labur hau, istorio txiki bat izateaz gain, erromatar fabula bilakatzen da, historian zehar izan den esaldi famatu hori legetzat hartuz: nork hil zuen komendadorea? -Fuenteovejunak, ene jauna! Izatez, gu geu baikara Fuenteovejuna. OSABA JAXINTO. Iñaki BeraetxeSinopsia: Baserriko ganbaran, erdi ilunpetan, oroitzapenak eta malkoak miazkatzen ditu Osaba Jaxintok. Bakardade mingarriak eraikitako bere mundu beltz eta antzua, ordea, aldatu egingo da haurren bisita medio... MIDORI (2006). Koldo Almandoz(35 mm, 8 min.). Sinopsia: Entomologo batek Kiotoko kongresu batean parte hartuko du. Egun batean, hitzaldi batera joan beharrean, tenplu bat bisitatzea erabakiko du. Udaberriko egun arrunt bat izango da, bideo kameraren aurrean Midori azaldu arte... BILINTX (2006). John AnduezaSinopsia: Bilintx, antzoki zaharreko atezaina da. Azkeneko egunetan, dantzari baten eboluzioa ikusten geratzen da. Hori ikusita, kasting batera aurkeztea erabakitzen du, hainbat zailtasuni aurre egin beharko dielarik. BIC (2006). Urko Mauduit eta Joseba SalaberriUrko Mauduit irurtzundarrak eta Joseba Salaberrik iaz sortu zuten Bic izeneko ordenagailu bitarteko 3 dimentsioko film labur hau. Gainera, lehendabiziko saria lortu zuen Iruñeko Udaleko ordenadore bidez sortutako bideo sormen txapelketan. Musika Jorge Cordon irurtzundarrak egin du. Ez dauka hizkuntzarik, musika eta irudiak dira. Sinopsia: Bic boligrafoen armada batean boligrafo intsumitu bat dago... Bic boligrafoetan oinarritutako istorioa da. Pink Floyd taldeak sortutako "The Wall" bideoan oinarritu dira. Bideoan mailu hitleriarrak azaltzen ziren, eta eurek Bic boligrafoen armada sortu dute.