Egonaldiak Familia Euskaldunetan 2007

Guaixe 2007ko mar. 29a, 00:00
Bilboko Ulibarri eta Donostiako Urrats euskaltegiek, HABEren laguntzaz, Egonaldiak Familia Euskaldunetan 2007 programa antolatu dute. Honen bidez euskara ikasi edo hobetu nahi duten, nahiz bertako euskalkia ezagutzeko asmoa duten pertsonei familia euskaldun batean hilabete bat edo bi pasatzeko aukera emango zaie udan, uztailean, abuztuan edo irailean. Aldi berean, herri euskaldunen bizimodua eta ohiturak ezagutzeko parada emango zaie. Familiek bete beharrekoakUdan euskara ikasleak hartu nahi dituzten familiek biztanleriaren %70etik gora euskalduna duten udalerrietan edo auzuneetan bizi beharko dira. Ikaslea hartzen duten hilabetean familian gutxienez hiru kide bizi beharko dira. Gainera, familia horren ohiko komunikazio-hizkuntza euskara izan beharko da. Egonaldi bakoitzean soilik ikasle bat hartu beharko du familiak. Ikasleak logela pribatua izango du eta halaber, familiako bizitzan parte hartuko du. Ikaslea etxeko lanetan parte hartzera beharturik ez badago ere, berak hala nahi badu, parte har dezake. Hilabeteko egonaldi bakoitzeko familiak 620 euro jasoko ditu. Interesa duten familiek apirilaren 20ra bitarteko epea dute izena emateko. Informazio gehiagorako hots egin 943 47 44 47 telefonora (Olga), edo Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzura (948 46 48 40 telefonoa). Ikasleek bete beharrekoakUdan familia euskaldunetan hilabeteko egonaldia egin nahi duen ikaslea 18 urtetik gorakoa izan beharko da, eta gutxienez 8. urratsa edo horren baliokidea (HABEko 2. maila, Hizkuntza Eskola Ofizialeko 4. maila...) gainditua izan beharko du. Egonaldi bakoitzeko 310 euro ordainduko ditu ikasleak. Interesatuek maiatzaren 2tik 31ra arteko epea izango dute izena emateko. Informazio gehiagorako hots egin 94 416 24 72 telefonora. Informazio gehiagorako www.egonaldiak.net web gunera jo daiteke.