LAB Dinesconen itxiaren kontra azaldu da

Guaixe 2008ko mai. 21a, 00:00
Dinescon enpresaren leku aldatzearen aurrean LABek adierazi du "kezkagarria" dela "gure eskualdean bizi dugun ehun industrialaren murrizketa". Ziordiko enpresaren itxierak "64 lanpostu zuzenen galera ekarriko" duela nabarmendu du sindikatuak, eta azpimarratu du: "lanpostu hauek Sakanan galduko dira, eta honen ondorioz kaltetuak, langileak eta Sakanako herritarrak izango dira. Hauek, eskualdeko ehun industriala murriztua ikusiko dute, beren etorkizuna baldintzatua ikusiko dute".Enpresak lekualdatzearen inguruan emandako azalpenen inguruan, "bi egitura mantentzea ezinezkoa" zitzaiola eta "lehiakortasunean hobetu beharra" zutela, LABek dio "operazio honen helburu bakarra Dinescon enpresaren etekin ekonomikoak handitzea da, langileen eskubideen eta eskualdeko ehun industrialaren kaltetan". Sindikatu abertzaleak, aldi berean, enpresa batzordea osatzen duten gainontzeko sindikatuen kontra egin zuen. ELAk, UGTek eta CCOOk "enpresaren lantegiaren itxiera baita lekualdatzea erabaki duten langileen baldintzak negoziatzea ere erabaki" dutela ziurtatu du LABek. Sindikatu abertzaleak esan duenez "enpresak kaleratzeagatik eman beharko diren kalte ordainen kopurua negoziatuko du soilik". LABek aurreratu du enpresa ixteko negoziazioetan ez duela parte hartuko. LABek larunbaterako manifestazioa deitu du Gure ehun industrialaren defentsan; Dinescon itxierarik ez lemapean. 19:30ean abiatuko da Ziordiko plazatik eta Olaztin bukatuko da.