Hemen dira Ziordiko abesbatzen jardunaldiak

Guaixe 2007ko aza. 1a, 00:00
Aurreneko egunerako, azaroaren 8rako hain zuzen, jardunaldietan klasiko bat bihurtu den kontzertua eskainiko dute Burundako bi koralek: Aizpe abesbatzak eta Altsasuko Erkudengo Ama abesbatzak. Josemi Martisek zuzentzen duen Aizpe abesbatzak honako kantak kantatuko ditu: Stekka splendens (XIV. mendeko anonimoa), O Salutans Hostia (Perosi), Nerea izan zen (Javier Busto), Salbadorren Heriotzean (Xabier Lete), Otoya (Maximo Moreno) eta Santa, Santa (Stwitzeo). Ziordiarren ondoren altsasuarren txanda izanen da. Inma Arroyok zuzentzen duen abesbatzak honako programa prestatu du azaroaren 8rako: Kyrue de la Misa Criolla (Ariel RAmirez), Agur Maria (Aspiazu), Ave Verum (Fernando Urkia arbizuarrarena), Volver (Gardel-Dante Andreu), Baldorba (Benito Lertxundi), Juramento (M. Matamoros), A tu lado (Javier Busto) eta Te quiero (Benedetti-Favero). SegidaAizpe abesbatzak prestatu dituen jardunaldiek maila altuko kontzertuekin jarraituko dute. Ostiralean, azaroak 9, Etxarri Aranazko abesbatza eta Astigarragako Aiztondo abesbatza izanen dira Ziordiko elizan kantatuko dutenak. Larunbatean, azaroak 10, berriz, estreinakoz atzerriko abesbatza batek parte hartuko du Ziordiko abesbatzaren jardunaldian. Bartzelonatik Ziordiara Institut de Gospel koroa etorriko da, eta izenak dioen moduan gospel doinuak ekarriko ditu Sakana mendebaldera. AizpeZiordiko abesbatzak 3 urte eta erdiko historia du. Bere 30 kideak, bospasei altsasuar eta olaztiar kenduta ziordiarrak dira, astelehenero Josemi Martisen esanetara jartzen dira. Jardunaldiak direla eta, astelehenekoaz gain ostiraletan ere biltzen dira entseatzera, 21:30etik 23:00etara. Josemi Martis zuzendariak esan digunez, pixkanaka aurrera egiten ari dira. Berak abeslariek duten ilusioa nabarmendu digu, "hori da garrantzitsuena". Jardunaldiez gain, Aizpe abesbatzak azaroaren 18an hitzordua Donostian du, Santa Maria elizan. Abenduan Bastidan izanen dira kantatzen eta atzerrira joateko gogoa ere piztu zaie. Bestalde, Ziordiko Udalarekin hitzarmena sinatzeko asmoa du abesbatzak. Zuzendariak aurreratu digunez horrek herrian data esanguratsuetan abesteko bidea emanen du, esaterako, patroiaren egunean, Olentzero egunean...