Berun garaiak liburura

Guaixe 2013ko abe. 19a, 21:48

Nafarroako Gobernuak ostiralean aurkeztu zuen Relatos de Plomo liburua, “1960tik 1986ra Foru Komunitatean egindako ekintza terrorista guztiak zehaztasunez biltzen dituen lehen argitalpen historikoa. Foru Komunitatean izandako ETAren indarkeria terroristak eragindako kalteak zehaztasunez eta ikuspegi historikotik jasotzea helburu ”.

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, ostiralean aurkeztu zuen liburuak heldu den urtean segida izanen du. Bigarren liburu horretan 1987tik gaur egun arteko kronika eta kontakizunak jasoko ditu. Gainera, www.relatosdeplomo.es web orrian ere sortu du gobernuak. Javier Marrodan kazetariak (historian doktorea, Nafarroako Unibertsitateko irakaslea eta Regreso a Etxarri-Aranatz liburuaren egilea) zuzendu du. Harekin batera, Gonzalo Araluze, Rocio Garcia de Leaniz eta Maria Jimenez kazetariek osatzen dute.

Sakanaz
Urte horietan gertatutako indarkeriazko ekintzei buruzko 190 kronika jasotzen ditu liburuak, baita ETAren atentatuak zuzenean jasan zituztenei egindako 25 elkarrizketa ere. Haien atentatuaren berri eta jasan zituzten ondorioak kontatzen dituzte elkarrizketatuek. Horien artean daude ETAk Altsasun hil zuen Sebastian Arroyo (1980-01-09) Guardia Zibil ohiaren alarguna, Maria Vicenta Anlló, eta ETAk berak Etxarri Aranatzen hil zuen Jesus Ulaiar Liziaga (1979-01-27) arreba Martina eta haren alaba Mari Nieves.

Marrodanek esan digunez, Anlló gaur egun Salamancan bizi da. Liburuan argitaratu den elkarrizketan alargunak kontatu du bere seme-alabei ez diela sekula inolako gorrotorik irakatsi. “Haiekin nagoenean, aitaz aritzen garenean, gauza onetaz gogoratzen gara; baina sekula ez dugu hiltzaileez edo atentatuan lagundu zutenez hitz egiten. Bartzelonan bizi den Mari Nievesek liburuan kontatu duenez, haien aitak etengabe mehatxuak eta irainak jaso zituen urte haietan bera haren kuraiaz eta zintzotasunaz “oso harro” sentitu zela. Heldu den astean 25 urte beteko dira Altsasuko kuartelaren kontrako atentatu batean Jose Aguilar Garcia guardia zibilak hanka bat galdu zuela. Hari egindako elkarrizketa bigarren liburuan argitaratuko dute.

Liburuaren kronologia atalean jasoak daude Sakanan ETAk egindako makina bat ekintza, Nafarroan egin zuen lehena barne (1963ko abenduaren 9an, Altsasun, tren bagoi batean hiru dinamita kartutxo jarri zituen), baita kide edo laguntzaile izateagatik izandako atxiloketak. Hor GALek Angel Gurmindo Lizarra hil zuela jaso da. Horretaz aparte, egileak esan digu “kontrol batean Guardia Zibilaren tiroek hildako Mikel Arregi Marin (1979-11-11) Lakuntzako Herri Batasunako zinegotziaren moduko gertaerak” ere jaso dituztela.