GALen garai ilunak liburu batean bilduta

Guaixe 2013ko abe. 19a, 21:59
Berriak egunkariak Elkar argitaletxearekin batera GAL 30 urte liburua karrikaratu du

Lasa eta Zabalaren bahiketaren urteurrenaren kontura, gertatutakoaren kontakizuna jasotzen zuen webgune berezia prestatu zuen Berria egunkariak. Horrekin batera, duela hiru hamarkada Iparraldean bizi ziren euskal iheslarien kolektiboak bizi izandakoa jaso du Berriak GAL 30 urte webgunean.

Aurkezpenean esan zutenez, “hiru hamarkada pasatu dira Europan aspaldiko urteetan egon den estatu terrorismo handiena martxan jarri zenetik eta, hala ere, oso gutxi da ikertu eta epaitu dena. Isiltasun eta ahanztura itun sendo batek estali nahi izan ditu urteotan orduko ardurak, politikoak eta judizialak”. Gogora ekarri zuten “ Espainiako estatuaren egitura, goren mailatik hasita, eskandaluaren erdi-erdian egon zen, nahiz behin eta berriro ukatu; eta ez da ahaztu behar GALek ezin izanen zuela egin zuena egin, Frantziako estatuaren aparatu batzuen konplizitaterik gabe”. Lanaren helburua “gertatutakoa gogoratu, eta ikertzeko zenbat falta den salatzea” da.

Stein
Berriak gertatu zenean eta ondorengo urteetan batean eta bestean argitaratutako informazioak bildu ditu. Horrekin batera, erasoak jasan zituztenen profilak, hildakoen senideen lekukotasunak eta egoera hura bizi izan zutenen testigantzak jaso dituzte, “orduan gertatu zenaren tamaina eta larritasuna merezi bezala jaso eta zabaltzeko”.

GALek hildakoen artean dago Angel Gurmindo Lizarraga, Stein, olaztiarra. Haren arreba Maria Josefa eta lagun Juan Antonio Lasaren testigantzetan oinarrituta osatu dute Gurbindoren soslaia, hainbat argazkiz lagunduta. Arrebak azaldu duenez, ez ditu hil zuteneko xehetasunak jakin nahi. "Batzuetan gogoratzen zara eta besteetan ez, baina nahiago dut jada ez atera gaia amagatik, edozer gauzagatik emozionatu egiten baita". Ignazia Lizarraga amak 93 urte ditu, eta oraindik ere buruan ondo gordeak ditu oroitzapenak.

Egunkariaren gune multimedia horretako edukia paperean argitaratu zen azaro akaberan Elkar argitaletxearekin batera, GAL 30 urte izenburuarekin. Interneteko atari horretan jasotako informazio guztia ezin izan dute paperera eraman, baina jazotakoaren tamaina jakiteko balio du. Eider Goenagak koordinatu du liburua eta webgunea. Lan kolektibo horren egileen artean Joxerra Senar kazetaria dago.