Tokikom eta EITB elkarlanean

Guaixe 2014ko urr. 7a, 17:38
Tokiko-ekoeko hedabideetako ordezkariak EITBkoekin batera sinadura ondoren.

Ostiralean akordioa sinatu zuten, Euskadi Irratian zegoen elkarlana ETB1era zabaldu da.

Euskarazko tokiko hedabideak biltzen dituen Tokikom elkarteak eta EITBk elkarlan akordioa sinatu zuten ostiralean. Joan den urtean abiatu zuten elkarlanari segida ematen dio akordioak. Aurreko ikasturtean Tokikom-eko hedabideetako ordezkariak, txandakatuz, Euskadi Irratiko Mezularia saioan Tokikom tertulian parte hartu dute astelehenetan, 18:30ean. Hala, Sakanako albisteak bost astean behin ematen ditu Alfredo Alvaro Igoak. Hurrena hilaren 13an.

Irratiko esperientzian oinarrituta, ostiraleko sinadurarekin ETB1eko programazioan ere Tokikom-ek tarte bat lortu du, Maddalen Iriartek gidatzen duen Azpimarra saioan zehazki. Sakanatik Maialen Huarte Arano kazetari ihabardarra joanen da. ETBko kameren aurrean estreinakoz hilaren 20an jarriko da, 17:15ean.

Hasiera
Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak eta Urko Aristi Tokikom-eko presidenteak sinatu zuten akordioa. Biek adierazi zutenez, “emankorra izanen den bide baten hasiera baino ez da” akordioa. Bi erakundeen arteko hartu-emana zertan gauzatuko den zehazteko, prozesu bat finkatuko dute hasieran. Eta iragarri dutenez, “pixkanaka-pixkanaka” EITB taldeko eta Tokikom-eko hedabideetan antzemanen da.

Maite Iturberen ustez, bi aldeei ekarpen aberatsa eginen die hitzarmenak: EITBk ahots gehiago izanen ditu eta, gainera, hurbiltasun hori zabaldu eta sendotu eginen du. “Tokikom-ek, halaber, babes eta euskarri izanen gaitu, informazioaren alorrean batik bat”, gaineratu du.

Tokikom-etik zabaldu den ideia bat da euskal komunikabideen etxea bi solairukoa dela: behekoan tokikoak daude eta goikoan nazio mailakoak. Aristik aipatu zuenez, “ezinbestekoa da bi solairuen arteko igogailuak eraikitzea, eta elkarlan akordio hau sinatutakoa horietako bat da”. Akordioan agertzen denez, hasiera batean batzuen eta besteen agendak elkartrukatuko dituzte bi erakundeek, eta aurrerantzean materiala elkarbanatzeko aukeretaz arituko dira.