Aitziber Irigoien

Maialen Huarte Arano 2015ko ots. 27a, 08:09

Aitziber Irigoien, Korrika arduraduna Sakanan.

1. Martxoan izanen da Korrika. Nola doa prestaketa?
Ondo doala uste dut. Lehenengo aldia da hau egiten dudana, baina guztia ongi ateratzeko pausoak behar den bezala ematen ari naizela uste dut.


2. Zenbat Sakandar ari zarete horretan lanean?
Ni koordinatzaile lanetan ari naiz, eta nire ardura da kilometroen salmenta ere, baina , euskaltegiko irakasleak hor daude edozertarako. Gainera haiek nik baino esperientzia gehiago daukate eta, Iruñeko jendearekin batera, laguntzen didate korrikako antolaketan egin behar diren urratsetan aurrera egiten.


3. Herritarrak inplikatzen al dira halakoetan?
Bai, bai. Oso harrera ona dauka korrikak eta herriz herri lanerako taldetxoak sortu dira. Aurreko korriketatik ekintzak antolatzeko ohiturak jarraitzen du.


4. Korrika aurretik, ekitaldiak antolatzen dira herriz herri. Sakanan zeintzuk izanen dira?
Oraindik ez daude guztiak zehaztuta. Santa Agedak eta inauteriak bizi berri ditugu eta orain hasiko dira ekintzak zehazten. Gainera hilabete bat falta da oraindik, eta korrikako ekintzak Sakanan korrika pasatzen den aurreko asteburuan eta asteburu horretan bertan izango dira gehien bat. Hasteko datorren larunbatean Irañetan txerri hilketaren inguruko festa egingo dute egun osoan eta afari batekin bukatuko dute. Lakuntzan martxoaren 21 eta 22an korrikako asteburu kulturala egingo dute eta hainbat ekintza antolatuko dituzte. Uharte Arakilen martxoaren 28an bat-bateko futbito txapelketa antolatuko dute, Olaztin antzerki bat eta Sakanako herri gehienetan afariak eta korrika txikiak. Altsasun, martxoaren 26an, mintzodromoa antolatuko dugu eta jendeari bertan parte hartzera animatu.


5. Zer da Korrika ekimena euskararentzat? Ze onura du?
Euskararekiko kontzientzia hartzen laguntzen digu bi urtetik behin. Daukagun altxor hau bizirik jarrai dezan laguntza behar duela gogorarazten digu.


6. Beharrezkoak dira halakoak euskarari bultzada emateko?
Bai euskarari babesa emateko bai laguntza ekonomikoa lortzeko AEK-k bere lana egiten jarrai dezan, hau da, helduak alfabetatzen eta euskalduntzen jarrai dezan. Gogoratu beharra daukagu 2012ko urritik AEK-k ez duela Nafarroako Gobernutik diru laguntzarik jaso.


7. Sakanatik noiz igaroko da, zein herritatik?
Irurtzunen 2:20 aldera sartuko da eta herri guztietatik igaroko da Urritzola,  Etxeberritik eta Ergoienatik  izan ezik. Eginoko bentan lekukoa Arabakoei pasako zaie 7:30 aldera. Dena dela, mugikorrera korrikako aplikazioa deskargatu daiteke eta bertan ikusi korrika hasten denean, hau da, martxoaren 19an, nondik doan eta horrela kalkulatu zenbat falta den bakoitzak korrika egin nahi duen tokira iristeko. Aplikazio honen bitartez korrika kulturalean antolatzen direnak ere ikusi daitezke.


8. Aurten, Korrikan ateratzen den diruaren zati bat Altsasuko Itsasi euskaltegirako bideratuko da. Zer dela eta?
Euskaltegia obretan dago, handitzeko beharra zegoen eta laguntza ekonomikoa ezinbestekoa izanen da horretarako.  


9. Zein da euskararen osasuna Altsasun? Eta, oro har, Sakanan nola ikusten duzu?
Orain dela 20 urte baino jende gehiagok daki euskaraz Altsasun eta orokorrean Sakanako herri guztietan. Arazoa zein da?
Ez dela hitz egiten. Horri egin behar diogu aurre. Aurtengo korrikaren mezuak dioen bezala euskahaldun gaitezen, sinetsi dezagun gure gaitasunetan eta hitz egin dezagun euskaraz gizarteko esparru guztietan.

10. Korrikan, zergatik esanen zenuke jendeak parte hartu beharko lukeela?
Benetan guztion parte-hartze gogotsu horrekin euskara gure ahotan jartzeko.


11. Korrika materiala non eskuratu daiteke Sakanan?
Korrikako arropa euskaltegian daukagu eta herriz herri eramango dugu antolatzen diren ekintzetarako. Eguraldi ona egiten duenean Altsasuko azokara ere aterako gara materialarekin. Gogoratu nahi dut www.korrika.eus-en badagoela aukera korrikako arropa erosteko. Web horri horretan korrikako informazio guztia dago, eta kanta deskargatzeko aukera ere bai.