Juniorrak Altsasun lehiatuko dira

Guaixe 2015ko mar. 27a, 16:09

Sociedad Deportiva Alsasuak antolatutako 56. Erramu Trofeoa jokatuko da igandean, 10:30ean

Sociedad Deportiva Alsasuak (SDA) antolatuta, igandean jokatuko da juniorren mailako 56. Erramu Trofeoa. Proba beterano hau goizeko 10:30ean abiatuko da Sociedad Deportiva Alsasua elkarteko egoitzatik, eta 79 km-ko ibilbidearen ondoren toki berean despedituko da.

Ibilbideari dagokionez, Altsasutik atera eta Zemagarako bidegurutzeraino abiatuko dira txirrindulariak, bertan buelta hartzeko. Segidan Etxarriraino iritsiko dira txirrindulariak, handik buelta hartu eta Olaztira bidean Altamira portua igo eta jaitsiko dute. Segidan, atzera ere Etxarriraino iritsiko dira, baina kasu honetan Lizarraga aldera joko dute, eta Lizarragako katea igo ondoren, Arbizutik jaitsi eta Altsasurako norabidea hartuko dute, atzera ere Altamira portua igotzeko. Altamira jaitsita Altsasuko helmugara abiatuko dira.

Gainontzeko probak
Kadeteek lasterketa dute larunbatean Tafallan 16:00etan, El Caserio-Valsay sari nagusia (48 km). Masterrak igandean lehiatuko dira, Gorraizen, 10:30ean (86 km), Gorraiz Gaztelua Trofeoan. Eta mendi txirrindularitza edo BTT proba hartuko du Lizarrak igandean, Lizarra BTT sari nagusia, 10:00etan hasiko dena. Afizionatuek bi lasterketa dituzte asteburuan, Lehendakari Txapelketarako baliagarriak. Larunbatean Zornotzan ariko dira, 10:00etan (126 km). Igandean, aldiz, Bergaran dute hitzordua.