Hasi da gizarte-langilea osasun etxean lanean

Guaixe 2015ko api. 6a, 09:46
Jendea Irurtzungo osasun etxera sartzen.

Osasun arloko gizarte langileek osasun sisteman artatutako pertsonez eta haien familiaz arduratzen da; gaixotasunak eta bere baldintzak bizitzan nola eragiten dien aztertu eta oreka berrezartzeko modua opatzen lan egiten du.

Pasa den asteazkenaz geroztik Irurtzungo osasun etxean gizarte langilea dago lanean. Nafarroako Gobernuak berriki sortu du lanpostua, Irurtzunek eta Orkoienek partekatuko dutena. Hala, Eva Espatolero Ladrero gizarte langilea astelehen, asteazken eta ostiraletan Irurtzungo osasun etxean egoten da eta beste bi astegunetan Orkoiengoan. Eskaeraren arabera Irurtzungo osasun eskualdeko herrietara ere joanen da gizarte langilea. Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin elkarlanean arituko da.

Gizarte langileak herritarrak Irurtzungo osasun etxeko lehen solairuan hartuko ditu, astearte eta ostegunetan emagina egoten den bulego berean. Harekin hitzordua nahi duenak 948 507 005 telefonora hots egin edo Irurtzungo osasun etxeko harrerara jo beharko du.

30 urte postua betetzeko
Nafarroako Gobernuak Nafarroako Osasun Zonifikazio Foru Legea 1985 urtean onartu zuen. Irurtzungo oinarrizko osasun eskualdeak Itza (lau herri), Imotz, Larraun, Lekunberri, Araitz, Betelu eta Sakana (Arakildik Arruazura) hartzen ditu; 8.345 biztanle guztira. Gobernuak legeak ezarritako gizarte-langile ratioak betetzen ez zituelako Nafarroako Gizarte-Lanean Diplomatu eta Gizarte-Laguntzaileen Elkargo Ofizialak epaitegietara jo zuen eta epaitegiak lastailean arrazoia eman zien.


Zerbitzua
Hainbat dira osasun arloko gizarte langileak eskaintzen dituen zerbitzuak. Alde batetik informazio eta tramitazioari dagozkionak leudeke: dependentzia edo ezgaitasun balorazio eskaerak, gurpildun aulki, makulu, ibilgailu eta bestelakoak erosteko diru-laguntzak, pentsio ez kontributiboak, adinduendako bainuetxe eta opor eskaintzak, farmazia gastuari buruzko argibideak, etxeko lanetarako edo zainketa lanetarako prest dauden pertsonen lan poltsa, etxeko langileak gizarte asegurantzan alta edo baja ematea, ezgaitasun legalak, tutelak, osasun txatelak (bertakoak eta Europakoa), helduen hezkuntza, adinduendako baliabideen argibideak, doako laguntza juridikorako eskaera, familia bitartekaritza, …

Bestetik, hainbat alorretan informazioa eta orientazioa ematen du: mugikortasun arazoak dituztenen etxebizitzak egokitzeko diru-laguntzak, jubilazio eta alargun pentsioak, amatasun edo aitatasun prestazioak, familiarekin zerikusia duten hainbat aspektu, etorkinei makina bat arlotan aholkularitza, lan arloko ezgaitasunen inguruan,  kaleratze bidegabe eta bestelakoen inguruko orientazioa eta abar.