Udan… futbolean eta triatloian sakondu!

Guaixe 2015ko api. 22a, 13:23

Sakanako Mankomunitateak Udako Futbol Campusa eta Udako Triatloi Campusa antolatu ditu, uztailean Altsasun gauzatuko direnak. Izena ematea orain egin behar da

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak udako futbol campusa eta udako triatloi campusa antolatu ditu uztailerako, Altsasuko Dantzalekun eta Altsasuko Zelandin gauzatuko direnak. Udako oporretan futbolean eta triatloian sakontzeko aukera ematen diete neska-mutikoei urtero arrakastaz gauzatzen diren futbol eta triatloi campusek.

Futbol campusa, Altsasuko Dantzalekun
Aurreko urtean udako futbol campusa Uharte Arakilgo futbol zelaian eskaini zen, bi txandatan. Guztira, 39 neska-mutikok hartu zuten parte. Aurten udako futbol campusa Altsasuko Dantzaleku futbol zelaian eskainiko da, bi txandatan. Uztailaren 13tik 18ra 2003tik 2005era bitartean jaiotako neska-mutilak arituko dira, eta uztailaren 20tik 25era 2000tik 2002 urtera bitartean jaiotakoak. Talde bakoitzean gehienez ere 30 parte-hartzaile onartuko dira. Gazteak goizeko 9:30etik 14:00etara murgilduko dira futbolean. Tituludun entrenatzaileek zuzenduko dute campusa, teknika eta praktika uztartuz. Kategoria bakoitzean dagozkion gaiak aztertuko dira, eta entrenamendua bukatzerakoan igerilekuetara joango dira. Gainera, inguruan irteerak egingo dira.

Triatloi campusa, Altsasuko Zelandi kiroldegian
Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, Sakana Triatloi Taldearen eta Atabo S.L.-ren laguntzarekin 8 eta 16 urte bitarteko neska-mutilendako triatloi campusa antolatu du udarako. Campusa uztailaren 13tik 24ra gauzatuko da, Altsasuko Zelandi kiroldegian, goizeko 11:00etatik 13:00etara.

Sakana Triatloi Taldeko Aitor Mozo eta Urko Berdud izango dira triatloi campuseko begiraleak. Triatloiak atletismoa, igeriketa eta txirrindularitza biltzen ditu, eta aipatu kirolaren teoria eta praktika landuko dute neska-mutikoekin, bereziki jokoen bidez. Gainera, uztailaren 18an Sakanako 13. Triatloia ospatuko da urdiainen, eta campusean trebatzen daudenek bertan aritzeko aukera izango dute..

Izena ematea zabalik
Udako futbol eta triatloi campusetarako izena ematea zabalik dago, Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan (948 464 866 telefonoa, kirolak@sakana-mank.com posta elektronikoa edo www.sakana-mank.com web gunea). Prezioa: 35 euro partaideko futbol campuserako, eta 40 euro partaideko triatloi campuserako.