Barranka Txirrindulari Taldearen aurkezpena

Guaixe 2015ko mai. 12a, 10:28

Burunda klubetik sortutako taldeak mendi txirrindulariak eta zikloturistak biltzen ditu eta 20. Altsasu BTT Zeharkaldia eta IV. Sakana Burunda antolatuko ditu

Ostiralean aurkeztu zuen bere burua Barranka Txirrindularitza Taldeak. Burunda Txirrindularitza Taldedik sortu da. Burundan soilik txirrindularitza taldeak jarraituko du. Burundako zikloturistek eta BTT edo mendi txirrindulariek sortu dute Barranka Txirrindulari Taldea, kudeaketa hobetzeko asmoz. Taldearen logotipoa eta web orria aurkeztu zuten ostiralean Iortian. Taldeak 46 bazkide eta 14 saltoki laguntzaile ditu eta
3 sekzio izanen ditu: BTT, zikloturista eta talde mistoa. Baliabideen aldetik ibilbideak egiteko 18 pertsona eramateko gai diren bi furgoneta ditu.

BTT taldea
Barrankako BTT taldeak igandero ibilbideak antolatzen ditu, uztaila eta abuztuan izan ezik. Ibilbide irekiak dira, bazkide ez direnendako ere. Zailtasun ertain-altuko ibilbideak dira. Egutegia eta ordutegia web gunean dago ikusgai. Abuztuaren lehenengo astea ibilbide luzeak egiten dituzte. Lizarrako Saltamontes taldearekin senidetze eta hartu-emana dute eta Berrizeko Marino Lejarreta Memorialarekin kolaboratzen dute. Ekainaren 14an 20. Altsasu BTT Zeharkaldia antolatuko dute.

BTT talde mistoa
Emakumeekin batera BTT ibilbide laburragoak edo errazagoak egiteko sortu zuten taldea, zailtasun ertain-txikia duten txangoak egiteko. Jose Antonio Imaz da arduraduna. 2009an lehenengo aldiz Plazaolako bide berdea egin zuten talde mistoarekin eta oso esperientzia ona izan zenez, orduz geroztik urtean lauzpabost martxa misto egiten dituzte, gehienera 160 km-koak, maila baxu eta ertainekoak.

Zikloturistak
Pablo Jimenez da taldearen arduraduna. Irteerak egiten dituzte eta horren berri web gunean ematen dute. Aurten ekainaren 27an V Sakana Burunda zikloturista martxa antolatuko dute. Helburua 300 txirrindulari elkartzea da. Proba ez lehiakorra da eta ibilbide luzea edo laburra (Aralarko San Migel igo gabe) egiteko aukera izango da. Ez da denborarik hartuko soilik Aralarko San Migelgo igoera izango da kronometratua.

Ekainaren 14an XX. Altsasuko BTT Zeharkaldia
Taldeak 20. Altsasuko BTT Zeharkaldia antolatuko du ekainaren 14an. Egun horretan odol emaileen eguna denez, horren inguruan sentsibilizazio kanpainaren bat burutuko dute. Aurten, nobedade moduan, bi ibilbide egiteko aukera egongo da. Luzea (45 km, 804 metroko desnibela) eta laburra (28 km, 482 m desnibela).

Izena emateko, soilik aurretik
XX. Altsasuko BTT Zeharkaldian parte hartzeko aurretik eman beharko da izena, barrankatt.com web gunean. Lehenengoz probaren egunean ez da inskripziorik egingo. 700 pertsonek eman ahalko dute izena gehienez.

barrankatt.com
Barranka Txirrindularitza Taldearen web gunea. BTT eta zikloturista taldeen irteeren, egutegiaren eta antolatutako proben informazio zabala eta eguneratua.