Sakanako ibilaldia: 885 mendizale

Guaixe 2015ko mai. 12a, 11:38

Eguraldi bikainarekin, 610ek ibilaldi handia egin zuten eta gainontzekoek txikia

Eguraldi hobea ziurtatzeko Sakanako Ibilaldia bi aste atzeratzeko ahaleginak fruitua izan du, larunbatean eguraldi dotorea zegoela burutu baitzen Iratxo elkarteak antolatutako 26. Sakanako Ibilaldia. Aurreikuspenak gainditu ziren –antolakuntzak gehienez 800 mendiale espero zituen– eta guztira 885 mendizalek parte hartu zuten ibilbidean. Goizeko 6:00etan abiatu ziren Ibilaldi Luzea hautatu zutenak, gehienak, 610. 54 km eta 3.388 metroko desnibela zuten aurretik, Txurregi, Beriaingo San Donato, Aralarko San Migel eta Trinitatea barne. Aldiz, 7:30ean abiatu ziren ibilbide txikia hautatu zutenak (27,6 km, 1.344 metroko desnibela). Gaztelu, Ekai, Itxasperri, Goldaratz eta Latasa gainditu zituzten hauek. Ibilbide luzea Euskal Herriko eta Nafarroako Ibilbide Luzeen Zirkuituan jasoa zegoen eta motza Nafarroako zirkuituan.

Sakanako ikuspegi bikainez gozatu zuten mendizaleek. Hornidura eta kontrol guneak izan zituzten eskura, behar bezala hidratatzeko eta elikatzeko. Ibilaldi luzea egiteko batez beste 10 ordu behar izan zituzten mendizaleek, baina egon zen ibilaldia korrika egin zuenik, eta lehenak ordu bietarako iritsi ziren Irurtzunera.


Irurtzunen bi ibilbideak osatu zituzten mendizaleek diploma eta oparia jaso zuten, Lorpen etxeko galtzetinak. Antolakuntza lanetan 50 pertsona baino gehiago aritu ziren eta mendizaleek, atzera ere, Iratxokoen antolakuntzarendako hitz ederrak izan zituzten. Soilik gertakari negatibo bat izan zen. Ata eta Madotz artean ondoezik sentitu zen gizon bat eta Nafarroako Ospitalera eraman behar izan zuten helikopteroz. Iktusa izan zuen eta adierazi dutenez, onera egin du.