Greenpeacek Sakanan alde positiboak eta negatiboak ikusi ditu

Guaixe 2015ko eka. 11a, 19:47
Greenpeacek Nafarroaz egin duen erradiografia.

Argitaratu berri duen txostenean hondakin bilketa sistema berria eta 3MB plataformaren lana alde positiboan jarri du. Negatiboan, berriz, Olatzagutiko porlandegian errausteko asmoa.

Greenpeacek joan den astean Ingurumenaren Erradiografia Sozialaren Txostena aurkeztu zuen. Estatuako ingurumen egoeraren diagnosia da lana. Txostenak dioenez, krisiaren biktima ahaztua izan da ingurumena eta horrek gizartean eragin nabarmenak izan ditu. Nafarroak maila ertaina du Greenpeacen ingurumen kalitate indizean. Basoen kudeaketa ona eta frackingaren kontrako jarrera nabarmendu ditu.

Sakanan indarrean jarritako hondakin bilketa berriak Greenpeacen oniritzia jaso du: “hondakinen gaikako bilketa eta berreskurapena handitzen delako, udal eta herritarren arteko erantzunkidetasunagatik, herritarren parte hartzeagatik, edukiontziak kentzean espazio publikoa irabazten delako, usain txarrik ez dagoelako eta birziklatze kostuak murrizteagatik”.  

Konpostaren sustapena eta atez ateko hondakin bilketaren inguruan erakunde ekologistak dio aldaketan aitzindaria dela Sakana: “lurralde batzuk besteak aurreratzen dituzte eta ingurumenaren aurkako erasoei galga jartzen diete”. Bestetik, enplegu berdea nabarmendu nahi izan du: “ingurumenaren zaintza enpleguen iturri agortezina eta jasangarria da”.

Negatiboa
Cementos Portland Valderrivas (CPV) enpresak Olatzagutiko porlandegian hondakinak erregai gisa erabiltzeko asmoa “orban kutsatzailetzat” hartu du Greenpeacek. Hondakin mota gehiago erretzeko aukerak kezkaz hartu du erakunde ekologistak. Hiru puntu oker ikusi ditu egitasmo horretan erakunde ekologistak. Lehenik, “negozio batzuen ondorioa ez du soilik ingurumenak ordaintzen, pertsonen osasunak ere”. Bigarrena, “Nafarroako Gobernuan ardurak izan ondoren CPVn zuzendaritzan dauden pertsonak, ate birakariak: “ingurumenaren aurkako eraso ugariren atzean politika- eta enpresa-ustelkeria dago”. Azkenik, Greenpeacek dio “aberasteko eta ingurumena suntsitzeko erabiltzen dutenen eskutan bukatzen du askotan guztien diruak”.

Olatzagutian erraustearen kontra 3MB plataforma egiten ari den lana nabarmendu du Greenpeacek: “herritarrei ingurumena inporta zaie eta defendatzeko mugitzen dira”. Alde positiboan jarri du lan hori.