Bere bidean, ura gero eta hobeto

Guaixe 2015ko uzt. 24a, 08:17

Uraren Esparru Zuzentaraua onartu zenez geroztik Arakil ibaiaren egoerak onera egin du, baina kalitate eskalan moderatua da, azken aurreko maila. Hala ere, uren araztean, ibaitik oztopoak kentzen eta ertzeko landaretza lehengoratzen indarra egin behar da. Udan euri gutxiago egitean kutsatuago dago ibaia.

Ibai, erreka, laku… ur masa guztiak egoera ekologiko onean nahi ditu Europako Batasunak eta, horregatik, onartu zuen Uraren Esparru Zuzentaraua (UEZ). Europako Batasunak darabilen egoera ekologikoaren kontzeptuak uraren kalitatea eta urari lotutako ekosistemak hartzen ditu. Beraz, uraren garbitasunaz aparte, ibai ertzeko basoak eta uretan eta inguruan dauden animaliak eta landareak hartzen ditu kontuan. Eskakizun zorrotzak ditu zuzentarauak, eta ur masen egoera ona izan dadin 2015eko abendura arteko epea eman zuen.

Sakanako ur masen egoeraren berri jakiteko Nafarroako Gobernuko Ur Zerbitzuko Cesar Perez Martinengana jo dugu. Hark argitu digunez, Nafarroako Gobernuaren kontrol sarean, 2000. urtean Sakanan, kalitate fisiko-kimikoko kalitate arazoak zeuden Arakil ibaian. Orduan fosforo, amonio eta oxigeno eskaera biokimikoaren parametroek gaztigatu zuten ubeldeko ura ez zegoela ongi. Bestalde, “biologia aldetik, adierazle biotikoen sareak kutsadura arazoak agerian uzten zituen.

Sakana guztian Altsasu zen eta da kalitate okerrena duen puntua”. Perezek argitu digu zergatia: “ibarrean populazio eta industria gehien biltzen duelako eta, ondorioz, hiri- eta industria isuri handiagoak ditu”.

Abiapuntua
Perezek azaldu digunez, “UEZ indarrean sartu aurretik, ibaiaren kalitatea ia bakarrik adierazle fisiko-kimikoen bidez neurtzen zen. Gainera, giza erabilerari lotuta egiten zen, esaterako, ur hornidurarako edo bainua hartzeko”. UEZ asmo handiko helburuak zehaztu dituela azaldu du Perezek: “hiru adierazle ditu. Ohiko fisiko-kimikoez aparte, biologikoak (fitoplanktona, makrofitoak, ornogabeak, arraiak) eta hidromorfologikoak (erregimen hidrologikoa, jarraipena eta morfologia baldintzak).

Zuzentaraua garatzeko Ebroko Hidrologia Plana egin zen 2013an. Han jasotzen denez, Arakil ibaiaren egoera ekologikoa moderatua zen. Hau da, azken aurreko mailan dago Arakil ibaia. Izan ere, ubeldeen kalitatea neurtzeko eskalak lau maila ditu: eskasa, moderatua, ona eta oso ona. UEZen helburua azken bietako bat lortzea da. Plana berandu onartu zenez, 2027ra arteko luzapena eskatu da, aurtengo abendurako ubeldeak ez duelako lortuko egoera onean egotea.

Azken urteetan Sakanako ur masen egoerak hobera egin du. “Hobekuntza handia nabaritu zen Urdiain-Altsasuko araztegia martxan jartzean (1995-1996). Makro-ornogabeen sareak (intsektuak, krustazeo, muskuilu eta anelidoak) 2007tik hobekuntzak eman ditu. Hala ere, Perezek esan digunez, fosfato eta fosforo total arazoak izaten segitzen du. Altsasun, gainera, 42 laginketatik 12k besterik ez dituzte betetzen UEZen makro-ornogabeen irizpideak. Emaitza positibo gehienak azken urteetan eman dira.

Sakanan UEZen helburuak lortzeko bi arlotan egin beharko da indarra. Lehenik, uren araztea hobetu; “isuri puntualen fosforoaren intzidentzia, bereziki, eta isuri lausoen hobetzea, bestetik”. Bigarrenik, ubelde eta erreken jarraipena hobetu beharko da, “oztopoak pasatzeko moduak eman eta ibai ertzeko landaretzaren egitura hobetu, auto erregulazioa hobetzeko”.

Isuriak
Ibaiak jasaten dituen presio nagusiak hiri eta industria isuriak (isuri puntualak) eta abeltzaintzako isuriak (isuri lausoak) dira. Azken horien artean ibaira botatzen diren mindak. Azken 15 urteetan hiri isuriek ez dute aldaketa handirik izan, Perezek azaldu digunez. Industria arlokoetan, ordea, hobera egin du, “enpresen jardueraren funtzioaren arabera eta kontrola handitzearekin metal astunen edo nutrienteen kutsadura karga txikitu egin da”.

Neurriak
Horiek murrizteko industria isurien kontrola eta ikuskaritza aipatu dizkigu Perezek. Isuri kutsakorrak murrizteko ere akordioak eta saneamendu tasak aipatu dizkigu. “Horrela elikagaien isuria murriztuko genuke, bereziki fosforoa, hori baita gure ibaien eutrofizazioaren faktore nagusia”. Hau da, isuriek ibaian sustantzia elikagarrien kopurua handitzen du eta horrek fitoplankton gehiegi egotea dakar.

Arakil ibaiaren egoera ekologiko hobetzeko funtsezko neurrietako bat da uren araztea hobetzea. Herrietako ur beltzen arazteaz arduratzen da Nilsa enpresa publikoa eta 2016-2021 aldirako planifikazioa egin berri du. Ziordian araztegia egitea aurreikusten da. Baita 250 biztanle baino gutxiago dituzten herrietako arazketa hobetzea ere. “Baina dauden araztegiak hobetzea ere aztertu beharko litzateke” Perezen arabera. Kutsadura murrizteko beste aukera bat fosforoaren murrizketa izan litekeela argitu digu, “baina horrek ekonomia-kostu handia luke”.

Uharkak eta basoak
UEZek ibaiaren jarraipena ere kalitate hidromorfologiko irizpide gisa hartzen du. Perezek esan digunez, “presa bat jarraipena eta arrainen migrazioa eragozten duen oztopo bat da. Gainera, uharkek ura biltzen eta gelditzen dute eta horrek kalitate fisiko-kimikoko arazoak sortzen ditu. Eta zenbait kasutan, uholdeak”.

Horregatik, Nafarroako Ur Zerbitzuko buruak, “ahal den neurrian, eta batez ere erabiltzen ez diren uharken kasuan”, haiek botatzea eskatu du. 2013an Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarekin Uharte Arakilen botatakoaren adibidea eman du. “Presa erabiltzen bada, arrainek jarraipena izan dezaten eskalak edo bestelako neurriak hartu beharko dira”.

Ibaiaren hidromorfologia kalitatea aztertzerakoan UEZek ezarritako jarraipen parametroekin lotuta daude ibai ertzeko basoak. “Gainera, ertzeko landaretzak isuri lausoekin filtro berde gisa aritzen da. Horrekin batera, udan uraren tenperaturaren erregulatzailea da landaretza hori eta haiek oxigenatzen laguntzen du. Zenbat eta estuago ibaia, orduan eta eragin handiagoa”. Beraz, ibai bazterreko landaretza leheneratzeak ubeldeen kalitatea hobetzen du.


Herritarren ekarpena
Ibaien kalitatea hobetzeko herritarrek egin dezakegunaz galdetuta Perezek bi arlo aipatu dizkigu. Batetik, uraren erabilera eraginkorra. “Horrek ura aurreztea dakar eta, batez ere, udan ur gehiago izateko aukera dakar”. Bestetik, hondakinen bereizketa egitearen garrantzia nabarmendu du. “Esaterako, olioak arraskatik behera ez bota. Horrela, araztegiak hobe funtzionatzen dute eta eraginkorragoak dira”.



Arakil ibaia klima aldaketaren adierazle?
Aukera hori mahai gainean jarri digu Perezek. Nafarroako Gobernuak ibaiaren emaria neurtzeko estazioa du Etxarrenen. 25 urte darama datuak jasotzen. Ubeldearen urteko batez-besteko emaria  9,4 m3/s-koa (9.400 litro/s) da. Baina udan gero eta euri gutxiago egiten du. Agorrileko batez-besteko emaria 0,6 m3/s-koa da (600 litro/S). Ilbeltzekoa, berriz, 17,7 m3/s-koa (17.700 litro/s).

Perezek berak argitu digu ubeldearen udako emariaren txikitzea “guztiz naturala” dela.
“Nahiz eta neguko euriteen ondorioz urteko emariaren batez-bestekoa handitu, azken urteetan antzeman dugu udan ubeldearen agorraldiak gero eta nabarmenagoak direla. Klima aldaketaren adierazle izan liteke hori”. Baina bestelako ondorio zuzen bat du udako euri eskasiak: “emari natural eskasagoarendako gehiegizko isuri kutsakorrak jasotzen ditu ubeldeak. Emari eskasarekin isurien diluzioa txikiagoa da eta, beraz, kalitate orokorra jaitsi egiten da”.

 


Kalitate ezberdineko bost eredu
UEZ indarrean jartzerakoan ibai arroak ur masa homogeneotan banatu zituzten. Arakilen arroak bost zati ditu: Arakil, iturburutik Altzaniarekin bat egin arte; Altzania, iturburutik Arakilekin bat egin arte; Arakil Altzaniatik Larraun ibaiarekin bat egin arte; Larraun eta Arakil, Larraunen bategitetik Argaraino.

Arakil ibaiaren kalitate oneko eremuak hasierakoa eta bukaerakoa dira (Oskiatik behera okertu egiten da eta 2027ra arteko luzapena eskatu dute). Okerrena, berriz, Altzania eta Larraun arteko ibai zatia da. Horregatik, 2027ra arteko luzapena eskatu da. UEZek ezarritako helburuak Altzaniak eta Larraundik Arga bitarteko ubelde zatiak betetzen zuten 2009an. Abendurako bi horiei iturburutik Altzania bitarteko ibai zatia gehituko zaie. Aurreikusia ez bazegoen ere, litekeena da Larraun ibaiak ere UEZen helburuak abendurako betetzea.

Leziza erreka ezik, gainontzekoak ur masatzat hartzeko nahikoa tamainarik ez dute. Erreken kalitatea jasaten duten “ganadu kargaren araberakoa” izanen dela argitu digu Perezek.

Laginak
Nafarroako Gobernuak Urdiainen ubeldearen kalitatea neurtzeko estazio automatikoa du, etengabe laginak hartzen ditu. Bestalde, gobernuko langileek ibaiko ur laginak hartu eta laborategira eramaten dute. Uren kalitate biologikoa eta fisiko-kimikoa aztertzen dute horrela. Lehenari dagokionez, urtean bitan, udaberrian eta agorraldian, hartzen dituzte laginak. Sakanako sei herrietan ur laginak 1994 eta 2014 artean hartu dituzte: Errotz (hasieran Irurtzundik behera), Etxarren, Uharte Arakil, Etxarri Aranatz, Altsasu eta Ziordia. Neurketa horien arabera uraren kalitatea izan daiteke: altua, ona, ertaina, eskasa eta txarra.

Errotzen ibaiko ur laginak hartzen 2003an hasi ziren. Orain arteko bataz bestekoak uraren kalitate ona ematen du. Baina 2013an eta 2014an lortu ziren ezarritako helburuak. Gainera, joan den urteko agorraldian maila altua lortu zuen.
Ur kalitate ertaina dute Etxarrengo laginen bataz bestekoa. Laginak hartzen hasi zirenean balioak altuak izan ziren, baina gero kutsaduragatik behera egin zuen. 2011 eta 2014 artean UEZen kalitate helburuak lortu ziren. 1995etik ez zen halakorik gertatzen.

Uharte Arakilen uraren kalitatearen bataz bestekoa ertaina da. 2005-2006tik aurrera hobekuntza handia izan zen, nahiz eta 2012ko udaberrian bezala kutsadura aldiak izan. 2014an Uharten hartutako ur laginen kalitatea ona eta oso ona izan zen. Etxarri Aranatzen 1999an hasi ziren laginak hartzen eta bataz besteko kalitatea ona da. Joan den urteko udaberrian altua izan zen eta agorraldian ona. 2009tik hona hobekuntza handia izan da.

Emaitza okerren jasotzen diren tokia da Altsasukoa. Historikoki kutsadura arrastoak jaso dira eta ubeldearen ur kalitatea ertaina izan da Altsasun. Baina 2006tik hobera egin du eta UEZen helburuak bete dira. 2014an Altsasuko laginetan kalitatea ona zen. Ziordian hartutako laginetan uraren kalitatea ona izan da.


Uraren kalitate fisiko-kimikoa
Hori aztertzeko laginak zazpi herritan hartzen dira Sakanan: Errotz, Etxarren, Hiriberri, Uharte Arakil, Etxarri Aranatz, Altsasu eta Ziordia. 2001etik presentzia gehien duen kutsatzailea fosfatoak dira. Urdiain-Altsasuko araztegiaren ondoren handitu egiten da. Fosforo kopuru handiak atzeman dituzte Uharte Arakilen eta Etxarri Aranatzen, Altsasuko eta Etxarriko araztegien isurien ondoren. Agorraldietan nabarmendu egiten da fosforo kutsadura. Larraun ibaiaren emariak kutsagarrien disoluzioan laguntzen du.

Adierazle fisiko-kimikoak kontuan hartuta joan den urtean Arakil ibaiaren kalitatea honelakoa zen: oso ona Errotzen, Altsasun eta Ziordian; ona Hiriberrin, Uharte Arakilen eta Etxarri Aranatzen eta, azkenik, Etxarrenen kalitatea moderatua zen (amonio kutsagarriagatik). 2010etik hobekuntza sumatu da.



Uraren Esparru Zuzentarauaren kronologia
2.000    Europako Batasunak Uraren Esparru Zuzentaraua publiko egin zuen.
2.003    Estatuek euren legedietan barneratu zuten UEZ. Espainian, abenduaren 30eko 62/2003ko Legearen 129 artikuluaren bidez.
2009    2009-2015 aldirako Hidrologia Planek abendurako onartuak behar zuten.
2013    Ebroko Hidrologia Plana onartu zen eta hura ezartzeko luzapena eskatu zen.
2015     Urte akaberan Ebroko Hidrologia Plan berria onartuko da, 2016-2021 aldirako. Garagarzaroan jendaurreko epea bukatu da. 

Erlazionatuak

Ur araztegia 2017rako

Guaixe 2014 abe 11 Lizarraga