Hondakinekin nola lan egin ikastera

Guaixe 2015ko uzt. 23a, 19:54
Ikasleen eta irakasleen talde argazkia.

15 sakandar hiri eta industria hondakinen kudeaketan prestakuntza jasotzen hasi dira eskola tailerrean.

Astelehenean elkartu ziren aurrenekoz hondakinen kudeaketa eskola-tailerreko 15 ikasleak. Nagore Ocejo zuzendari-irakaslearekin eta David Gonzalez irakaslearekin sei hilabetez ariko dira. Haiekin hiri eta industria hondakinen kudeaketa integrala egiten ikasiko dute. Ebaluazio jarraia eta azterketen bidez ikasketen aprobetxamendua aztertuko dute irakasleek eta gaindituz gero, bukaeran, guztiek Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emandako bigarren mailako profesionaltasun ziurtagiria eskuratuko dute. Hiri eta industria hondakinen kudeaketa integralean gaitasun profesionala ziurtatzen du.

Ocejok azaldu digunez, ikasleek bi hilabete eta erdian prestakuntza jasoko dute. Denbora horretan hiru modulu osatuko dituzte: hiri hondakinak, industria hondakinak (laborategiko praktikak barne) eta lan osasuna eta segurtasuna. Gainera, Nafarroako Unibertsitate Publikoak hondakinen inguruan antolatutako uda ikastaroan ere parte hartuko dute. Hondakinen kudeaketarekin batera prestakuntza orokorra ere jasoko dute: sentsibilizazioa, informatika pixka bat, berrikuntza… Hondakinen kudeaketaren inguruko sentsibilizazioa azpimarratu nahi izan du Ocejok. Bisita asko jaso eta eginen dituzte ikasleek.

Eskola tailerraren gainontzeko lau hilabete eta erdiak praktika profesionalak eginen dituzte Sakanako Mankomunitatearen Hondakin Zerbitzuan eta hondakin arloan lan egiten duten Kerabi eta Vermican enpresetan. Ikasle guztiak hiru enpresetatik pasatuko dira hondakinen kudeaketaren ikuspegi osoago bat izateko. Eskola tailerra bukatu ondoren haietako lau 3 hilabetez aipatu bi enpresetan lanean ariko dira (3 Vermicanen eta bestea Kerabin).

Zergatiaz
Sakanako Garapen Agentziako (SGA) Iker Manterolak ikasleei eskola-tailerraren testu-ingurua azaldu zien. “Europako Batasunak gero eta asmo handiagoko legediak onartu ditu hondakinen birziklatzearen arloan”. Orain arteko ekonomia lineala bazterrean utzi nahi du Europak (ekoiztu, kontsumitu eta hondakinak hondakindegira) ekonomia zirkularra indarrean jarriz. Azken horren arabera hondakinak lehengai bihurtzen dira, haien bidez berriro ekoiztu ahal izateko.

Mank-ek indarrean jarritako hondakin bilketa sistema ezberdinen bidez lortu nahi duena da: “sortu eta berehala hondakinak birziklatzea; garrantzitsua da. Jaso eta ondoren banatzea askoz ere zailagoa delako”. Manterolak gogorarazi zien Mank eta SGA Europako beste eskualde batzuekin batera Valorg proiektuan sartuta dagoela. Haren bidez, “materia organikoaren kudeaketaren bidez lanpostuak sortzea aztertzen ari gara”.

Europatik adierazitakoa ere nabarmendu zuen: “birziklatze portzentajeak handituz lanpostuak sortzeko aukera dago”. Horretarako, legediekin batera prestakuntza behar dela eta hortxe kokatu zuen eskola tailerra Manterolak. Birziklatzea komunikatzearen garrantzia nabarmendu zuen, “ingurumenagatik eta hondakinak aberastasuna, lehen gaia direlako”.


Ikasleak
40 pertsona aurkeztu ziren eskola tailerreko hautaketa prozesura. 15 aukeratu dituzte: 12 altsasuar eta irurtzundar, etxarriar eta olaztiar bana. Horretarako irizpideak izan dira ikasleetako bostek 30 urte baino gutxiago izatea eta gainontzeko 10ek 45 urte baino gehiago izatea. Ikasle-langileak dira eta hurrengo urte erdian lanbide arteko gutxieneko soldata jasoko dute.

Enpresen iritzia
Kerabiko Horacio Goñik prestakuntza modulu bat sortzeko aukera izatearen “garrantzia” nabarmendu du. Duen eskarmentuagatik ezinbestekoa ikusi du “egunerokoan hondakinekin lan egiten duten pertsonek euren lanaren zentzua ematea”  eta “eguneroko horretan motibazioa eta kontzientzia izateko birziklatze katean sartzea”. Hondakinen kudeaketa egiten du Kerabik.

Vermicam-eko Joseba Sanchezek, berriz, eskola tailerrarena “inon ez dagoen proiektu polita” dela adierazi zuen. “Sakanako ekonomia dinamizatzeko aukera berria da”. Ekonomia zirkularrari eginen dion ekarpena nabarmendu zuen. Aldi berean, gogorarazi zuen euren enpresak aurretik bazterketa egoeran dauden pertsonak kontratatu dituela. “Filosofia hori dugu eta eskola-tailerrarena egoki jo genuen”. Enpresak auzo-konpostagailuen inguruko aholkularitza eta laguntza eman izan dio Mank-i.


Antolatzaileak
Eskola tailerra Sakanako Mankomunitateak, Kerabi Gestion Medioambiental, SLk (Etxarri Aranatz) eta Vermican Soluciones de Compostaje, SLk (Iruña) sustatu dute. Izan ere, lege aldaketa batek administrazioekin batera enpresa pribatuek ere parte hartzeko aukera zabaldu du. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta Enplegu Ministerioak finantzatzen dute. Europako Gizarte Funtsak ere diru ekarpena egiten dio tailerrari. Bestalde, Inafrek eta NUPek laguntzaileak dira. Tailerrak 128.620 euroko aurrekontua du.