Ingalaterrako abesbatza-musika ezagutzeko aukera aparta

Guaixe 2015ko uzt. 31a, 10:21
Amici abesbatza.

Gaur, 19:30ean, Urdiaingo elizan.

Erkudengo Ama abesbatzari joan den udan Ingalaterra hegoaldera egindako bisita bueltatuko dio Amici abesbatzak. Atzodanik daude Euskal Herrian, Donostian ostatu hartuta. Han bihar emanen dute emanaldia, gaur, berriz Urdiainen. Kontzertuko egitaraua estilo eta garai ezberdinetako Ingalaterrako abesbatza-musikako obrekin osatu dute; herri kantuak eta espiritualen moldaketa modernoak, XVII. mendeko kantua eta George Shearing jazz konpositoreak musikatu dituen Shakespeare-ren testuak. Erkudengo Amarekin batera kantu pare bat ere emanen dute.

Amici abesbatzak 20 urteko ibilbidea du. Eta bitarte horretan garai eta estilo ezberdinak jorratu dituzte: Bach-en koralak, Handel eta Brahmsen obrak bakarlari eta orkestra entzutetsuen laguntzaz, herri kantuak, operako koroak, jazz edo Broadwayko musikalen zatiak. Andrew Trewhellak zuzentzen du 30 bat ahots mistoko korala. Tenorea eta abesbatzako piano eta organo jolea. Tauntoneko eskola garrantzitsu bateko zuzendaria eta kalitate handia duen hango kapera-koroa zuzentzen du. Bere eskutik, Amici abesbatzak konpositore eta obra berri asko lantzeko aukera izan du. Sorterriaz aparte Italian, Belgikan, Frantzian eta AEBn aritu da Amici abesbatza.

Bisita bueltan
Erkudengo Ama abesbatzan kantuan ari den Mary Davis ingelesa bitartekari zela Altsasuko korala joan den urteko agorrilean irlara bidaia egin zuen. Zazpi egunetan euskal doinuez beteriko hiru emanaldi eskaini zituen Erkudengo Amak. Tauntongo abesbatzak, han ari dira Davisen gurasoak, aurten bueltatu du bisita. Eta trukaketaren sustatzailea Urdiainen bizi denez, koralean Ingalaterrakoen kontzertua Burundako herrian egitea erabaki dute. Amicikoek gaur, gainera, Sakana ezagutzeko baliatuko dute. Eguerdian Arbizun bazkaldu eta herria bera bisitatuko dute.