Iosu Etxeberria jaun eta jabe Lakuntzan

Guaixe 2015ko ira. 1a, 11:42
Josu Etxeberria eta Quesos Albenizeko taldekideak Lakuntzako proba irabazi eta gero.

Iturmendiarra Los Arcoseko eta Lakuntzako lasterketetan gailendu da eta Nafar Kirol Jolasetako txapelketa irabazi du

Agorrilaren 25ean, Lakuntzako festetan, jokatu zen kadeteen mailako XXV. Lakuntzako Saria-Sakana Fundizioa Sari Nagusia. Probako protagonista Burunda klubeko Quesos Albeniz taldeko Josu Etxeberria izan zen. Iturmendiko txirrindulariak proba irabazi zuen, helmugara bakarrik helduta eta Lizarrako Migel Mugika bigarrenari 1:09 aterata. Horretaz gain, mendiko saria irabazi zuen eta bere taldea, Quesos Albeniz, izan zen probako onena.

Lasterketan 60 km-ri egin behar izan zioten aurre kadete mailako txirrindulariek. Hasieran batuta joan zen tropela, baina gero boskote batek ihes egin zuen, tartean Josu Etxeberria zegoela. Bukaeran erasoa jo zuen iturmendiarrak eta helmugara bakarrik iritsi zen (1:33:40). Bere taldekide Hodei Zia 9.a izan zen, Ailetz Lasa 12.a, eta Aralar klubeko Irabia taldeko Imanol Galarza 22.a. Sakandako txirrindularitza taldeetako gainontzeko txirrindulariei dagokienez, Josu Jaka 26.a sartu zen, Ander Rosado 27.a, Unai Lizarraga 31.a, Oihan Vinagre 32.a eta Javier Michaus 40.a.

Lakuntzakoa Nafar Kirol Jolasen kadete mailako azken proba baliagarria zen eta aipatzekoa da Iosu Etxeberriak irabazi duela Nafar Kirol Jolasen txapelketa. Bere taldekide Ailetz Lasa hirugarrena sailkatu da. Mendiko sailkapenean, tarteko helmugatan eta taldeka bigarrena sailkatu da Quesos Albeniz.

Beste probak
Bestalde, larunbatean Obanosen jokatutako proban Boj taldeko Jon Ibañez gailendu zen (1:34:32). Quesos Albenizeko Ailetz Lasa bosgarrena sailkatu zen, Irabiako Imanol Galarza 13.a, bere taldekide Unai Lizarraga 17.a eta Quesos Albenizeko Hodei Zia 20.a. Aurretik jokatutako probei dagokienez, agorrilaren 22ko Murietako proban Ailetz Lasa hirugarrena izan zen eta Josu Etxeberria laugarrena, agorrilaren 19ko Tafallako proban Josu Etxeberria bigarrena sailkatu zen, agorrilaren 17ko Los Arcoseko lasterketa Josu Etxeberriak irabazi zuen eta Hodei Zia laugarrena izan zen, agorrilaren 8ko Legariako lasterketan Ailetz Lasa bigarrena izan zen eta Josu Etxeberria hirugarrena, eta agorrilaren 3ko Mutiloako proban Josu Etxeberria laugarrena.