Hartu eta eman, Errigora

Guaixe 2015ko urr. 22a, 10:23

Nafarroak hegoaldeko 15 ekoizleren produktuz osatutako saskiak azaroaren 8ra arte eska daitezke. Etekinak Lodosa eta Sartagudako ikastolak, Erriberako AEK eta Sortzenek D eredua Nafarroa osoan zabaltzeko ekimenak bulkatzera bideratuko dira.

Kontsumo arduratsuaren ideian oinarrituta, Nafarroako hegoaldeko 15 nekazarien kalitatezko produktuekin kutxak osatu eta zuzenean saltzen ditu Errigorak. Kutxa bakoitzak 50 euro balio ditu eta kutxa bakoitzaren %25 Nafarroako hegoaldeko euskalgintzari bideratzen zaio. Hori horrela da kutxak osatu eta banatzeko auzolan erraldoia egiten dutelako Zazpiak Bat harreman sareak, Sortzenek, AEKk, Ikastolen Elkarteak eta Errigorak. Denen artean egia bihurtzen dute kanpainaren leloa: Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka.

Joan den urtean Euskal Herriko 200 herritan izan ziren Errigorako banaketa puntuak eta 12.000 kutxa salduz 160.000 euro lortu ziren. Sakanan ere oihartzuna izan zuen kanpainak 412 eskaera egin baitziren. Laugarren urtez, prest daude eskaera puntuak. Azaroaren 8ra arte egin daitezke eskaerak bai Sakanako 20 tokitan bai www.errigora.eus bidez. Saskiak jaso eta ordaintzea azaroko azken bi asteetan eginen da.

Eskaera puntuak
Herria     Tokia
Irurtzun   Pikuxar

Irañeta     Elkartea

Uharte Arakil     Anaiak taberna
                       Mendikoa Kafetegia

Arruazu    Ostatua

Lakuntza  Aliprox
               Tania arraindegia
               Bittori

Arbizu   Karrika taberna

Etxarri Aranatz Udaletxeko estalopean
                      Kaxeta Liburu-denda
                      Portuko Okindegia
                      Andra Mari Ikastola

Bakaiku     Elkartea

Iturmendi  Aizkozar Elkartea

Altsasu     Itsasi euskaltegia, AEK
               Biltoki Taberna
               Portuko Okindegia
               Iñigo Aritza Ikastola

Olatzagutia    Barandi taberna


Hiru proiektutara bideratuko da dirua
-    Lodosako Ibaialde eta Vianako Erentzun ikastolak bizirik irauteko ezinbesteko duten elkartasun ekonomikoa indartzea.
-    Erriberako AEKren ekonomia egoera arintzea, beka fondoa handitzea eta zabaltzea eta sustapen kanpaina garatzea.
-    D eredua Nafarroa osora zabaltzea bilatzen duten ekimenetara bideratuko du Sortzenek.

Kutxan zer?
Ardo beltz botila, litro erdiko oliba olio birjina estra botila, melokotoia almibarrean, orburuak, potxak, karduak, mahats zukua, almendrak, pikillo piper ontzi txikia, pikillo piper ontzi handia, zainzuriak, melokotoi marmelada eta pikillo piper untapana.

Eskutik eskura
Izen hori du Errigorak otsailean eta maiatzean sustatzen dituen kanpainak. Aurrenekoan olioa, bigarrenean kontserbak eskuratu daitezke, ekoizleen jatorrizko prezioan.