Askapenaren kontrako epaiketaren lehen astea joan da

Guaixe 2015ko urr. 22a, 17:16

Polizien lekukotzekin despeditu dira aste honetako auzi saioak. Astelehenean ekinen zaio epaiketari defentsaren lekukoen testigantzekin. Azaroaren 2an despedituko da.

Askapenako bost kideren kontrako epaiketa Espainiako Auzitegi nazionalean astelehenean hasi zen. Defentsaren galderei erantzunez deklaratu zuten aurreneko bi egunetan auzipetuek. Hitza hartzen azkena Aritz Ganboa de Migel arbazuarra izan zen, asteartean. Lan internazionalistaren defentsarekin batera ETAren, Ekinen edo Xakiren esanetara aritzea ukatu dute epaiketan auzipetuek. ETAren agindupean zegoen inongo koordinakundetan ez zutela parte hartu berretsi zuten. Ez haiek ez Askapenak ETAren jarduna inoiz ez zutela justifikatu edo babestu gaineratu zuten.

Askapena “erakunde herritar” gisa definitu eta beste hainbat eragile gisa Euskal Nazio Askapen Mugimenduko kide dela azaldu zuten epaitegian. Internazionalismoa sektore gisa ulertzen ez zutenez, Askapenak eragile askorekin gai zehatzen inguruan aritzeko harreman puntualak zituela argitu zuten. Eta azpimarratu Askapenaren bidez internazionalismoa, “joan-etorriko elkartasuna”, landu dutela. Hau da, “berdintasun egoeran egiten den harremana da internazionalismoa, inposiziorik gabea”.

Akusazioak
Akusazioaren iritziz, erakunde internazionalista “ETAren mendeko egitura” izateagatik eta hari laguntzea leporatuta bost auzipetuek 6 urteko espetxe zigor eskaerari aurre egiten diote. Horretaz aparte, Askapena, Askapeña konpartsa, Elkar Truke eta Herriak Aske elkarteak legez kanpo uzteko eskaera egin du Pedro Martinez Torrijos fiskalak. AVT eta Dignidad y Justicia elkarteak herri akusazio gisa ari dira. Haien iritziz, Askapenak ETA-Ekin eta Batasuna osatutako egituraren irizpideak jarraitzen zituen, organo komun baten parte zirela eta ETAren eta nazioarteko eragileen arteko harremana bideratzen zutela.
 
Bestalde, astelehenean Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak Askapenako bost kideei elkartasuna adierazi zien. Aldi berean, lan internazionalista egiten duten erakunde eta pertsona guztiei babesa azaldu zien. Asteartean Espainiako Kongresuan izan ziren auzipetuak Amaiur, ERC, BNG eta IUko diputatuekin elkartu ziren. Gauean Vallecasen harrera egin zieten.

Lekukotzak
Auzipetu bakoitzak Askapenan egindako ibilbidea azaldu du epaitegian. Ganboak gogorarazi zuen ahizpak Chiapasko brigadan parte hartzeak piztu zuela bere interesa eta 2001ean joan zen hara. Ordutik 2008 edo 2009ra arte Askapenan aritu zela azaldu zuen, harremana eten ez bazuen ere. Arbazuarrak Argentina, Palestina, Uruguay, Kuba eta Venezuelarako brigadak antolatu zituen. Brigadek “giza kapital garrantzitsua” ematen dutela nabarmendu zuen. Internazionalismoaren bidez mundua aldatzeko nahia azaldu zuen.